1936ko uztailaren 17an espainiar militarrak Afrikan matxinatu eta Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako kolpea eman zuten. Baina porrot egin zuten, eta saiakera antzu horren ostean, erabaki zuten gerra krudel bati ekitea, “kosta ahala kosta” boterea lortzeko. Orduan, frankismoak “gurutzada nazionalaren” kontakizuna eraiki zuen, milaka lagunen altxamendu loriatsua izan zela esateko. Baina urteak zeramatzaten monarkikoekin zein karlistekin konspiratzen –baita Euskal Herrian ere–, eta gaur jakina da europar faxismoaren kanpoko laguntza ezinbesteko izan zutela, bost urte lehenago Eibarren ernetako demokraziaren kimuak zapaltzeko.
Goizeko seiak eta hamar dira. Kanarietatik telegrama iritsi da Melillako espainiar soldaduen goarniziora: “Loria Afrikako Ejertzito heroikoari. Espainia beste guziaren gainetik. Har ezazue zuekin batzen diren goarnizio hauen eta Penintsulako besteen goraintzi sutsua une historiko hauetan. Fede itsua garaipenean. Biba Espainia ohorearekin”. 1936ko uztailaren 18a da eta mezu kriptikoa Francisco Francok sinaturik doa, hortik gutxira errepresio basati batean oinarrituta berrogei urteko diktadura ezarriko duen jenerala.
Aurreko egunean, uztailaren 17an, Kanarietako eta Afrika iparraldeko espainiar kolonietako militarrak matxinatu egin ziren, 1931ko apirilaren 14an Eibarren modu demokratikoan aldarrikatutako Bigarren Errepublikari hegoak mozteko. Afrikarren aurkako gerran zaildutako militar buruzagi haiek konbentzituta zeuden, kolonietan bezala, Espainia “pazifikatzeko” modu bakarra zegoela: odola isurita. “Maroko odol espainolez erosita zutela uste zuten, hango jabe sentitzen ziren, laster Espainiaren jabe sentituko ziren bezala”, idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Moroak gara behe laino artean? liburuan.
Baina zer pazifikatu? Frankismoak urte luzez eta bere ondorengoek gero, transmititu duten kontakizuna da Bigarren Errepublika kaosa, antiklerikalismoa eta indarkeria anabasa zela, eta horregatik matxinatu zirela. Baina 1936ko uztailaren 13an, Madrilen, Eraso Guardiako militante sozialista batek bere kide baten heriotza mendekatzeko José Calvo Sotelo Renovación Españolako politikari eskuindarra hil zuenean –falangisten eta faxisten oso gertukoa–, aitzakia bat besterik ez zen izan, jada aurretik ongi planeatua zegoen kolpe saiakera justifikatzeko. Egiaz, errepublika aldarrikatu zen lehen unetik ari baitziren bere kontra konspiratzen.
Karlistak hasieratik
Karlismoak indar gehien zuen tokietan hasi ziren erregimen demokratiko errepublikarraren aurkako lehen mugimenduak Euskal Herrian, batez ere Nafarroan. Lehen egunetik erakunde paramilitarrak antolatu zituzten karlistek, Alfontso XIII.aren monarkia suntsitzeko abagunea aprobetxatu nahirik. Elizaren eta bestelako erakunde erlijiosoen babesarekin “autodefentsarako” decuria-k sortu zituzten –hamar pertsonez osaturiko miliziak–; lehenengoa Leitzan eratu zuten, Antonio Lizarzaren herrian, Comunión Tradicionalistako politikaria eta erreketeen sustatzaile nagusi izandakoa. 1934ko udaberritik aurrera, berriz, erreketeak militarki prestatzen hasi ziren, Andia eta Urbasako ordokietan zein Iruñerria eta Lizarraldeko larrainetan.
Lizarzari egin diogun aipamena ez da debaldekoa. 1934ko martxoaren 31n Rafael Olazabal eta beste buruzagi eskuindar batzuekin batera, Benito Mussoliniren ordezkariekin bildu zen: Italiako erregimen faxistak 1.500.000 pezeta, 20.000 fusil, 200 metraileta eta 20.000 granada emango zizkiela hitzeman zien, beste hainbat laguntzarekin batera. Josu Chueca historialariak orriotan gogorarazi izan duenez (ARGIA 2049. zk.), urtebete geroago, jadanik 5.000tik gora ziren Nafarroan antolatuta eta armak hartzeko prest zeuden erreketeak.
Araban ere karlista taldeak prestaketa lanean aritu ziren errepublika urteetan, Jose Luis Oriol diputatu eta Arabako Junta Karlistako lehendakariak gidatuta. Txema Floresek Araba Gerran 1936 liburuan ondo jasoa duen moduan, erreketeek Moreda Araba inguruan egiten zituzten praktika militarrak eta 1935ean, esaterako, haientzako bideraturik zegoen “estetika faxistako militar uniformeen bidalketa bat” geldiarazi zuten agintariek. Espainiako Armadako militarrekin ez zuten harreman zuzenik, baina 1936ko kolpea baino aste batzuk lehenago, Oriol Emilio Mola jeneralarekin bildu zen sekretupean, eta horren ondotik milaka fusil erosi zituzten Anberesen (Flandria).
Bistan denez, arma arinak eskuratzea zen matxino karlisten kezka nagusietakoa, eta kolpea prestatzen ari ziren militar afrikanista haiekiko zuten konfiantza falta ere adierazten du horrek. Haiena, ez zen “Europako gerra” izango, Lisboan azpilanean zebilen agente karlista batek argi utzi bezala –Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Orokorrean, Manuel Fal Conderen funtsean dago gordeta mezua–, haiek “karlistada berri bat abiaraztea zuten amets”, zioskun Chuecak.
Nafarroa anitza
Baina XX. mendean Euskal Herria erabat aldatuta zegoen, jadanik ez zen gerrillari dezimononiko haiek gogoan zutena. Nekazaritzan ari ziren herritarren portzentajea Gipuzkoan eta Bizkaian %43tik %25era eta %51,6tik %21,5era jaitsi zen, hurrenez hurren. Nafarroan, berriz, industriaren pisua bikoiztu egin zen eta Erriberan populazio-gune handiak sortu ziren, nekazaritzaren garapen kapitalistak eraginda.
Sindikatutako langileak, antolaketa eta militantzia politikoa. Argazki hori ere bazen Bigarren Errepublikako Euskal Herriaren parte. Adibidez, Nafarroa hegoaldean nekazaritza erreformaren aldeko mugimenduak indarra hartu zuen, eta komuneroen borrokan ardaztu zen: XIX. mendean pribatizatutako lurrak, korralizak, lur komunal gisa berreskuratzea aldarrikatzen zuten.
1932an Espainiako Parlamentuak Nekazaritza Erreformaren Legea onartu zuenean, hainbat herritan indarrean jartzen saiatu ziren. Emilio Majuelo historialariak Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiarentzat egindako ikerketa baten arabera, Tutera izan zen Erriberako lehen udala komunalak berreskuratzeko ahalegina egin zuena, Aquiles Cuadra alkatea buru zuela. Garesti ordainduko zuen, frankistek heriotzara kondenatu eta 1939an fusilatu egin baitzuten; bere familiak, berriz, erbestea eta zigor gogorrak jasan zituen urte luzez. Behatoki horrek berriki Espainiako Gobernuari eskatu dio Aquiles kondenatu zuen sententzia bertan behera uzteko eta aitortza adierazpen bat egiteko.
Errepresio prebentiboa
Kasu honek argiro uzten du Nafarroan 1936ko uztailean dena ez zela izan loria eta Viva Cristo Rey! Bai, konspirazio kolpistaren epizentroetako bat izan zen Iberiar penintsulan eta, bai, altxamenduaren biharamunean milaka erreketek hartu zuten Iruñeko Gazteluko plaza; baina beste Nafarroa bat ere bazegoen, uste baino anitzagoa. Bestela, ezin liteke ulertu gerra fronterik gabeko lurralde batean, erretagoardian, faxistek 3.000 lagun fusilatzea odol hotzean.
Izan ere, orain ez hainbeste uste izan denaren kontrara, azken ikerketek diote fusilatze horiek modu antolatu eta sistematikoan egin zituztela herrietako erreketeek eta falangisten eskoadroiek, sarraski hura eta bere “barbarizazioa” ez zela soilik haserre pertsonalen inprobisazioagatik gertatu –horregatik ere bai–, eta militarrak horren jakitun zirela, are gehiago, atzean zeudela.
Fernando Mikelarenak Sin Piedad (Errukirik gabe) liburuan dio garbiketa politiko ikaragarri hori gertatu zela militarrek “errepresio prebentiboaren printzipioa” onartu eta bultzatu zutelako, “Marokoko indigenen kontrako krudeltasunera ohituta zeudelako”.
Emilio Molak 1936ko uztailaren 19an Nafarroako alkate guztiak Iruñean elkartu eta bozgoran zuzendu zitzaienean, oso argi utzi zien zein ziren jarraibideak: “Izua zabaldu behar da (...) nagusitasun-sentsazioa eman behar da, eskrupulurik eta zalantzarik gabe, guk bezala pentsatzen ez duten guztiak eliminatu behar dira”.
Sanjurjoren mamu primitiboak
José Sanjurjok, beste militar kolpista gehienek bezala, Arrifeko Gerran ikasi zituen patriotismoz eta krudelkeriaz gobernatzeko beharrezko teknika eta manera guztiak. Iruñean jaioa, aita bigarren karlistaldian hila Carlos Borbon erregegaiaren alde borrokan, Kuban hasi zuen karrera militarra, eta Marokon espainiarrek burututako gerretan aritu zen buru-belarri. Laster, aginte-kargu eta titulu garrantzitsuak lortu zituen.
Monarkikoek, Calvo Soteloren agindupean, Mussoliniren gobernuaren partetik gerra-hegazkin modernoak eskuratzeko kontratuak sinatu zituzten
Bigarren Errepublikan Sanjurjo Guardia Zibilaren buru zebilen, eta hasieratik talka egin zuen erregimen berriaren arduradunekin. 1931ko abenduaren 31n Extremadurako Castilblancon –jornalariak señoritoek esplotaturik bizi ziren herrian– matxinada batean hainbat guardia zibil basaki hil zituzten autodefentsa moduan. Bere hagiografoek diote gertakari haiek eragin handia izan zutela jeneralarengan: “Arrifeko kabila primitiboenetan ere ez dut halakorik ikusi”, esan omen zuen. Baina Sanjurjo aspaldi zebilen hariak mugitzen alde bateko zein besteko monarkikoekin, Armada murriztu eta erreforma aurrerakoiak egiteko asmoa zuen Errepublika arraio horri lepoa mozteko. Hortaz, 1932an altxatu zen, baina sanjurjada moduan ezagutzen dugun hori erabateko frakasoa izan zen.
Hasiera batean heriotzara kondenatu bazuten ere, azkenerako kartzela zigorra ezarri zioten, eta 1933an eskuindarrak boterera iristean amnistia eman zioten. Militarren artean ospe izugarria irabazita atera zen barrote haietatik.
Okerturikan zebiltzan danak...
Hezkuntzan, emakumeen eskubideetan, autonomian eta beste arlo ugaritan Errepublikak sortutako esperantzak eta egindako hobekuntzek –zaputzaldiak ere izan ziren, Ategorrietako 1931ko langileen aurkako sarraskia horren erakusgarri–, XX. mendean Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian sozialki inoiz izandako aldirik konprometituena ekarri zuten. Joxe Mari Lopetegik Irun Republicano egunkarian 1933an jarritako bertso hauek oso ondo ilustratzen dute giroa:
Bi urte gabe gure Erkalak (Errepublikak)
gauz asko erakusten du,
bear dan bidean zuzentasunez
beartsuari lagundu;
alferkeriyan bizi zanari
gezur bide danak kendu,
okerturikan zebiltzan danak
biar dan bidera zuzendu,
aurrera ere jarrai dezala
bear diyogu lagundu.
Laguntza eskatzen zuen Errepublikarentzat Lopetegik, eta bera ez zen bakarra konplot eta konspirazioen hodei ilunak urrunean ikusten. 1933tik aurrera, biurteko beltzean, UME (Unión Militar Española) erakunde sekretuaren sorrerarekin Armadako buruzagitza postuetan afrikanista-k gailentzen joan ziren. 1934ko urriko iraultzaren zapalkuntza, berriz, zetorrenaren entsegu moduko bat izan zen –Francok zuzenean hartu zuen parte Asturiasko errepresioa antolatzen–; eta bestalde, Niceto Alcalá-Zamora errepublikako presidentea kargutik kentzeko “Madrilera martxa” bat egingo ote zen zurrumurruak ere auspotu zituzten sektore erreakzionario eta filofaxistek, Mussolinik Erromara 1922an antolatu zuenaren gisakoa.
Espainiar kolpistek Italia faxistarekin izandako harremanak orain arte ez dira gehiegi aipatu, baina Angel Viñas historialari espainiarrak –1936ko Gerran aditu nagusienetakoa dena– egindako azken ikerketek agerian utzi dute monarkikoek, Calvo Soteloren agindupean, Mussoliniren gobernuaren partetik gerra-hegazkin modernoak eskuratzeko kontratuak sinatu zituztela. Quién quiso la Guerra Civil? (Zeinek nahi izan zuen gerra zibila?) liburuan azaltzen duenez, espainiar militarren matxinada ez zen “barnetik” sortutako kontua besterik izan: kanpoko laguntza ezinbestekoa izan zuten hasieratik; gero, gerrak aurrera egin ahala, Gernika, Durango edo Bartzelona errausteko Italiako Aviazione Legionaria edo Alemaniako Luftwaffea funtsezko izan zitzaien bezalaxe.
Iruzurraren mitoa
Hurrengo kolpe saiakera 1936ko otsailean gertatu zen. Fronte Popularrak hauteskundeak irabaztearekin batera, “iruzur” salaketak haizatu zituzten eskuinetik, eta Francok mezua bidali zion Guardia Zibilen zuzendari nagusi zen Sebastián Pozas jeneralari, honek Nicolas Molero ministroa behartu zezan gerra-egoera ezartzera. Jose María Gil-Robles CEDA alderdi eskuindarreko buruak ere eskatu zuen bozketa hura kontuan ez hartzeko, alegia, diktadurara itzultzeko. Baina ez zuten halakorik lortu, eta hortik aurrera armak pilatzen hasi ziren: boterea “kosta ahala kosta” indarrez hartzeko konspirazioak jada ez zuen atzera bueltarik.
Afrikarren aurkako gerretan zaildutako militar buruzagi haiek konbentzituta zeuden, kolonietan bezala, Espainia “pazifikatzeko” modu bakarra zegoela: odola isurita
Fronte Popularrak hauteskundeak iruzurraren bidez irabazi zituela zioen teoria horrek inpunitate osoz bidaiatu du gaur eguneraino. La Razón egunkarian irakurri dugu berriki, militarren almirante-ohi eta Francisco Franco fundazioaren presidente Juan Chamorrok sinaturiko gutunean, honela dio hitzez hitz: “1936ko Altxamenduak kausa sakonak izan zituen. Irregulartasunez betetako otsaileko hauteskundeen aurrean, milizia ezkertiarren kale indarkeriak, Calvo Soteloren hilketak eta herrialdearen boltxebizazio baten beldurrak eraginda, Franco, Mola, Sanjurjo, Dávila, Kindelán... bezalako jeneralek bide militarra aukeratu zuten”.
Baina jakina da Fronte Popularrak ezin zuela iraultza boltxebikerik ezarri, nahikoa lan bazuela erreformak aurrera ateratzearekin. Ez diogu guk, Josep Fontana historialari aski ezagunak baizik: “Talka bat egon zen legitimoki aukeratutako gobernu baten eta demokraziarekin amaitu nahi zuten indar biolento batzuen artean”, kito.
Francoren bibotea
“Altxamendua gertatu zenean, inor ez zuen sorpresaz harrapatu. Calvo Soteloren hilketaren ondoren, ikusten zen leherketa edozein momentutan gertatuko zela”. Miguel Amilibia donostiar politikari eta militante sozialistaren hitzak dira, garai hari buruzko testigantza ematerakoan esandakoak. Denek zekiten, beraz, zerbait bazetorrela, baina agintari errepublikarrak ez ziren gai izan militarren matxinada desartikulatzeko.
Horrek esan nahi du gerra eta faxisten garaipena saihestezina zela? Jakina ezetz. Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko gutunak lanean irakurri dugunez, Zarautzen karlista bati kolpeaz informatzeko esaldi klabeak aurkitu zizkioten paper batean apuntatuta: “Esto está perdido” (Hau galduta dago) dio haietako batek. Altxamendua gaizki ateratzea ere bazegoela haien aukeren artean, alegia.
Santa Cruz Tenerifekoan (Kanariak), Almeyda gotorlekuaren ondoan, Francisco Francoren omenez jasotako monumentu bat dago oraindik. Iturri forma dauka eta 1936ko uztailaren 17ko kolpeari ere gorazarre egiten dio zuzenean: irudian ikusten den aingeruaren hegoek, altxamenduaren hasieran Kanarietatik Marokora joateko Francok hartutako Dragon Rapide hegazkina sinbolizatzen dute. Kokapena ere ez da kasualitatea, gotorleku horretatik idatzi baitzuen altxamenduarekin bat egiteko telegrama jeneral kolpistak (erreportaje honen hasieran aipatutakoa).
Espainiako Gobernuak monumentua eraisteko agindu du duela gutxi, Memoria Demokratikoaren Legea bete dadin, baina udalak orain arte uko egin dio halakorik egiterari, Coalición Canaria, PP eta Vox-en botoekin.
Mola Nafarroan, Franco Kanarietan, Sanjurjo Estorilen (Portugal) erbesteratuta... 1936ko uztailaren 17an Melillako soldadu-erregularren kuartelean lehen mugimenduak hasi ziren unean, gertakariak arrapaladan etorri ziren. Sanjurjo handik hiru egunera izandako hegazkin istripu susmagarri batean hil zen, eta zori horrek Francori ateak ireki zizkion Afrikako Armadaren kargu egiteko: “Predestinaziotik, batere ez. Ausazko jokotik, asko”, ziurtatu du Viñasek. Hori bai, badaezpada lehenik bibotea moztu omen zuen, edozer gauza zela ere oharkabean pasatzeko.
Hor ere bada mito bat deseraikitzeko: Ferrolgo militar nano arraro hura zalantzan eta anbiguotasunean ibil zen azken unera arte matxinada prestatzen. Baina Espainiako Estatuko toki gehienetan kolpe militarrak porrot egin zuela jakitean, garbi izan zuen. Handik egun gutxitara Jay Allen kazetari estatubatuarrak Franco elkarrizketatu zuen Tetuanen (Maroko), eta hortik aurrera aurreikusi zitekeen gerrarekin eta horrek eragingo zuen sarraskiarekin jarraituko ote zuen galdetzerakoan, honela erantzun zion: “Ez da meniarik egongo. Aurrera egingo dut Madrileraino, kosta ahala kosta”.