Aurten beteko luke mendea John Berger idazle, marxista, pintore eta kultur kritikariak; iaz bete zuen mende erdia bere eta Jean Mohr argazkilariaren Zazpigarren gizona obrak. Aurten kaleratu du Katakrak argitaletxeak euskarazko edizioa, Iñigo Roqueren itzulpenarekin. Eta abagunea baliatuta, Donostiako Tabakalerak liburuaren inguruaren gogoeta egiteko ekitaldia antolatu du apirilaren 22an, Orotariko ekologia bat topaketen bueltan, hiru ahotsetara: Roque bera, Iskandar Rementeria ikerlaria eta Jone Laspiur abeslari eta aktorea.
Zergatik alde egiten du migranteak bere etxetik? Zergatik da hain nekeza langile migranteek eta natiboek politikoki bat egitea? Nola pentsatu zazpigarren gizonarekin? Zergatik orain, 50 urte beranduago, irakurri garai, lurralde, eta testuinguru jakinetako bizipenen liburua? Eta zergatik euskaraz? Zergatik “irakurri” argazki liburu bat, scroll amaigabearen garaian?
John Bergerrek eta Jean Mohrrek liburuan irudiz eta hitzez jaso zituzten gerraosteko Europako langile migrantearen bizipenak, ahotsa eta kondizioa. Zazpigarren gizonarenak, alegia.
Zazpigarren gizona, diotenez, ez da gizona, funtzio bat da. Ez du eskubiderik, titulurik edo errealitaterik bere lanetik kanpo. Gerraosteko “mirari industrialaren” giza lehengai soberakina da. Bere gaztetako paisaia agortua uzten du atzean. Metropolian bera izango da azken kontratatua eta lehen kaleratua, bere muskulua erabiltezin bihurtzen denean. Existitzen ez den izaki sexual edo politiko bat bezala, zahartzen edo gaixotzen denean, zaborra bezain alferrikakoa izango da. Eta hala ere, gizatasunaren bila migratzen du langileak. Egileek diotenez, kontua ez da sekula ez duela kontra egingo, edozein bidegabekeria onartuko duela; kontua da berari tragedia errealagoa zaiola azalpenak baino. Eta ez da bakarra, milioika dira.
Bergerrek eta Mohrrek bizitza puskatu horiek ekoitzi dituzte liburu honetan. Autoreekin bat etorrita, mundu mailako ekonomia sistema baten barruan ulertu behar da emigratzeko erabakia. Ez teoria politiko bat berresteko, ezpada migranteari egiaz gertatzen zaionari dagokion balioa aitortzeko. Horregatik, teoria ekonomikoaren hizkera abstraktuari gorputza jartzen dio liburuak. Gorputza, denbora eta lekuan. Joandako eta etorritako gorputzak. Bizitza, bidaia eta keinu errepikaezinak.
Hala, Richard Wagnerren Artelan Total xume baten gisa, liburuak baditu iruditeri bat osatzen duen hainbat elementu artistiko. Badu narratiba, eta baditu argazkiak. Eta poesia. Badu teoria ekonomikoa, baina baditu bizitzak. Eta aurpegiak. Badu historia. Eta istorioak. Ze generotakoa da? galdetuz gero, neurrira egindako liburua dela dio Katakrakek, “egileek kontatu nahi dutenaren neurrikoa”. Hori baino gehiago ere badela esango nuke nik, zure eta nire iruditerian iltze batekin sartzeko neurrikoa ere badelako Zazpigarren Gizona.
Hiru ahotsetako ekitaldia
Mende osoa bete da John Berger jaio zenetik, eta mende erdia Zazpigarren Gizona liburua ondu zuenetik Jean Mohr argazkilariaren eskutik. Tabakalerak ez du aukera galdu liburuaren bueltan gogoeta egiteko, eta hiru ahotsetako ekitaldia antolatu du. Bertan, Jone Laspiur aktore, artista eta abeslariak idatziaren zatiak taularatu ditu; John Bergerren testua itzultzeko lanetan aritu den Iñigo Roquek kontatu dizkigu liburuaren eskeletoaren nondik norakoak; eta Iskandar Rementeria ikerlariak liburuaren iruditeriaren inguruko politikaz hausnartu du. Hori dena aurkezpena kontatu gabe. Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak sartu gaituelako testuinguruan, hots, langile erbesteratuaren kondizioan. Eta bukaeran, denen arteko eztabaidak jarri dizkigu buruak martxan aretora hurbildu garen guztioi.
Iñigo Roque itzultzailea izan da gogoeta erronda abiatu duena: Zergatik irakurri orain duela 50 urteko liburua euskaraz? Alde batetik, zazpigarren gizonaren bizipenak –eta kondizioa– “historiaren zakarrontzira” kondenatzearen kontrako jokaldia da liburuaren edizio berria. Bestetik, euskaraz egitearen garrantzia ere estrategikoa da. Nor da irakurle potentziala? Gure xenofobiaren kontrako antidotoa izateaz gain, liburua euskaraz irakurtzeak bizipen, gogoeta eta errealitate jakinak azaleratzen dizkigu. Eramaten gaitu atzera eta aurrera. Atzera, erreferentzietara, historiaren zakarrontzi erreskatatura. Eta aurrera, egiteko modu eta ekintza jakinetara.
Horrez gain, liburuak badu botere bat. Hitzek eta irudiek gidatzen zaituzte, etengabe, amildegi antzeko batetik: ezagutzen ez dugun pertsona baten bizitzaren eta haren kondizioaren unibertsaltasun abstraktuaren arteko amildegi horretatik. Amildegitik gidatu ez ezik, zulo hori josi egiten dute hitzek eta irudiek.
Esan bezala, Jean Mohrren argazkiek pisu handia dute liburuan. Are, beren kabuz hitz egiten dute, hitzez haraindiko esanahia dute, eta bere aldetik irakur daitezke. Batzuetan, badute oin oharra, argazkia begiratzeko informazio dokumentala beharrezkoa denean, edo kapitalismoak bere mesedetan kapitaliza ez ditzan. Baina gehienetan irudiak gordin aurkezten dira. Bergerrek dio Zazpigarren Gizona familia liburu gisa irakur daitekeela, irakurlea familia uztera behartua izan bada. Baina, familia uztera behartuak izan ez garenok, zergatik hunkitzen gara pertsona ezezagunen argazki gordinak ikustean? Argazkiek, azken finean, une partikularrak jasotzen dituzte, errepikaezinak. Baina une partikular horien loturek –are, argazkien arteko hutsuneek, misterioek eta lotura isilek– ideia orokor bat artikulatzen dutela dio Rementeriak.
Etxartek, baina, Brecht eta Adornoren jarraitzaile gisa, ohartarazi digu kontu narratiboak emozioen bitartez ebaztearen arriskuaz. Emozioen murgiltze pasiboak kritikoki pentsatzea eragozten diolako irakurleari. Liburu honetan, baina, emozioez haraindi, testu zein argazkiek “posizoa hartzen” dute, eta errealitate politiko eta sozialean aktiboki esku hartzeko duen gaitasuna sentitu daiteke. “Gero hori nola esperimentatzen duen norberak bere gorputzean beste kontu bat da”, itxi du solasaldia Rementeriak.
Artelanaren forma alde batera utzita, liburuak zerbait erakusten badu zera da, Mendebaldeko Europak, are gehiago krisialdi betean, milioika langile migranteekiko duen etengabeko mendetasuna. Eta istorio gaur egun hori aski ezaguna zaigu.
Ziurtasunak ziurtasun, ekitaldia amaituta hasierako galderak biderkatu zaizkigu: Zergatik alde egiten du migranteak bere etxetik? Zergatik da hain nekeza langile migranteek eta natiboek politikoki bat egitea? Ze botere dute irudiek scroll amaigabearen garaian? Nola kontatu masa fenomeno bat ulertuz partikularrak direla? Eta ditxosozko galdera: zergatik da hain nekeza langile migranteek eta natiboek politikoki bat egitea?