Jarduera digitalaren zaintza

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Onerako zein txarrerako, harremanak digitalki prozesatuak izan daitezkeen mundu batean bizi gara. Mundu horren alde makurrena da oligarka gutxi batzuen enpresen baitan ematen dena. Eremu digitalean egiten duzunak zure bizitzari eragingo dion eta oligarka horien negozioak indartuko dituen itzulketa bat ekarriko dizu: publizitate egokituaren forman, zure pentsamoldean eraginda, bizi aukerei eta aukera faltei lotua...

Askok pentsatu dute oligarka gutxi horien eredu zibernetikoan barrualdetik eragitea izan daitekeela munduan eragiteko bidea. Zentzu horretan, sare sozial hegemonikoetan, jarduera sortu eta publizitatea erosi izan dute eskubide digitalen inguruan lan egiten duten eragile askok, hor egon behar dela argudiatuta, hor daudelako pertsona zaurgarrienak. Beste zenbaitek alternatiba digitaletara edo fisikoetara joan edo sortu ditugu. Mundu digital hegemonikoa utzi eta tokiko harreman eta sare berriak josita eragin nahi dugulako.

Aurreko astean betiko galdera egin zidaten: "Eredu digital hegemonikoa utzi nahiko nuke, baina nondik hasi, gure eskuetara heltzen diren gailuak oligarka gutxi horien eredu zibernetikoen piezak baino ez direnean? Gure lanen eta harremanen bitartez harrapatuta gaudenean?".

Aitortu behar dut nik hamabost bat urte daramatzadala bidean, eta oraindik luzerako dudala. Bizitza erdigunean jarriko duen eremu digitalaren eraldaketa azpiegitura publiko kontua ere badelako; erakunde publikoek eskua sartu eta gizartea antolatu behar dute. Horregatik, bere buruari nondik hasi galdetu dion pertsona jada ibiltzen hasi dela uste dut. Jarduera digitalaren zaintza egiten hasi dela, digitalaren inguruan duen kontzientzia eraldatu dela, alegia. Begirada zabalduta, bidean beste eragile batzuekin topatzen hasiko da, eta horrek ezinbestean, bere familiaren baitan, lagunartean, gizarteari lotuta egingo duen erabileran, eskainiko dion arretan, baliatuko dituen tresna eta sistemetan eragina izango du. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...