Espetxearen barrutik, Segoviara ihesa

  • 50 urte dira ihesaldi jendetsua egin zutela Segoviako espetxean (Gaztela eta Leon, Espainia). ETAk gidatu zuen operazioa, eta iheslarien gehiengoa erakundeko kide bazen ere, hainbat ekintzaile katalan antifrankista ere batu ziren. Plana ez zen borobildu, akatsa izan zelako muga gurutzatzeko unean. Baina Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan bezalaxe, zeresan handia eman zuen gertaera izan zen, eta nazioartean ere oihartzuna izan zuen. Amnistia Legearen (1977) prozesua bizkortzea eta hobetzea ekarri zuen, baita espetxe sistema apur bat aldatzea ere. Ihesa gertatu eta berehala itxi zuten Segoviako espetxea, eta eraistea bazen ere asmoa, ezkerreko indar politikoei esker museo bihurtuta dago orain. Talde memorialistek jardunaldiak antolatu dituzte maiatzean, eta ARGIA bertan izan da. Espetxeko barrunbeetatik ekarritako kronika da hau.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA
Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko uztailaren 1ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eguzki printzak sartzen dira sabaitik, baita barroteen artetik ere, baina ez dakarte berarekin kanpoko beroa. Hotz dago harrizko eraikina. Alde bateko eta goialdeko ziega batzuk erakusketa gisa ipinita daude, guztiz itxuraldatuta, hala nola espetxe honetan egondako preso ugariren argazkiekin josita. Baina zonalde hau, Ekonomatua dagoena, giltzaz itxita egoten da normalean. Zarratuta dago oraingoan ere. Barrote artetik uso bat ikusten da hilik, barneko patioan, bazter batean botata. Preso eta gaixo hil den usoa.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA

Usoak ez, baina zonaldea itxita egote hutsak atentzio gehiago lortu du erakusketa gisa ipinita dagoenak baino. Autentikoagoa-edo izango delako, beste aldea baino zaharkituago dirudielako. Barroteei eutsita eta barrura begira ipini da jendea, hoztasun puntu isil bat barnetik datorkiela, kobazulo baten tankeran, bizkarra emanda dutela atezainarena izango zen egonleku borobil eta berdexka. Horrek izango zuen barneko giltza.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA

Denak du berdexka kolorea. Sarrerako ateko barroteak dira beltzez margotuta  dauden bakarrak. Gainontzeko guztiak berde ilun kolore hotza du, zuri apal batekin konbinatuta. Lurreko baldosak gorrixkak dira, baina dagoeneko zahartuta, zikin eta kolorea galduta daude. “Nahiko antzera dago dena”, esan digu aldamenetik Iosu Bilbaok. Hala oroitzen duela dio. Segoviako kartzelan egon zen preso. Espetxea itxi zuenetako bat izan zen. Ez zuen ihes egin, epe motzean irtetekoa zelako eta ihesean arriskatzeak ez zuelako zentzurik; baina lagundu zuen prestakuntzan, esaterako zuloa egiten, eta zulo barneko zikinak ezkutuan sakabanatzen, patiotik hoditeriara doan zulotik botatzen.

Tour inprobisatu bat egiten ari zaio Bilbao jardunaldietan egon den jendeari, edo bere urratsak jarraitzen dituenari, ez baitabil batere poliki. Familiarekin etorri da. Bilobaren aldamenera makurtu da, eta zera esan dio, besoa luzatuta: “Ikusten duzu 12 zenbakidun gela hori, hor goian? Horixe zen zure aitonaren gela”. Barroteen kanpotik, barroteei eutsita, beste bisitari asko dauden lekutik ari da azalpenak ematen, atezaina egoten zen lekuari bizkarra emanda. Barrura sartzeko gogoa sartu zaie. Tankera du Bilbaori berari sortu zaiola zirrara gehiago, bilobari baino. “Banoa giltza batzuk lortzera”, esan du buelta erdia eman eta jende artean galdu baino lehen. Antolakuntzakoen bila joan da. Rosa Luxemburg Fundaziokoek ez dute giltza horren berririk, haiek soilik hitzaldi sortaz arduratu baitira, eta ez espetxe-museoaren gidaz; eta Segoviako Memoria Foroko kide bat harrapatu du bazterretik. Hark ere harridura aurpegia ipini dio giltzak eskatu dizkionean.

Edozelan ere, azkenean, giltza sorta batekin itzuli da.

Atea ireki eta aurrera jo du Bilbaok. Bera lehen-lehena. Eta atzekoak urratsari ezin segituta. Oinez zihoala jarraitu du hizketan, baina nahi gabe ere zarata sortu da, oihartzun apur bat sortzen delako eta Bilbaok ez duela ahotsa bereziki altu hitz egiteko moduan. Bezperan, Segoviako taberna batzuetan dantzan ibili zela eskapatu zaio lehenago. Barroteetatik ikusten zenaren atzealdera bideratu du jendea, komunen eta dutxen aldera. Hizketan hasi da, nahiko tonu baxuan, dutxak seinalatzen dituela. “Gure lanerako jostorratzak erabiltzen genituen, poto-irekigailuak...”. Lehen ihesaldi saiakerari buruzkoak ari da kontatzen, oraindik ere norbanakoak lekua hartzen ari direla Bilbaoren azalpenak entzuteko. Bat-batean sekulako zarata entzun da. Guztiok biratu dugu burua. Ziega bateko ate bat erori da –edo bota du norbaitek–. Susto galanta. Oihartzuna egin du. Eta Bilbaok eten du: “Lehen ez ziren erortzen!”. Barre egin dute denek.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA

Lehen saiakerak, porrot
Bisitatu berri ditugun ziega abandonatuetatik gertu dauden komunetan egin zuten lehen zuloa. Dutxa zegoen lekutik, hain justu. Jostorratzekin, poto-irekigailuekin eta sukaldetik ostu zezaketen edozein erremintarekin egin zuten zuloa dutxetako batean, azulejuak kenduta. “Pixkanaka-pixkanaka, pazientziarekin eta tentsio handiz beti”, kontatu du. Ahalik eta isilen, hortaz. Zulogileek aliatuak zituzten dutxen kanpoko paretan, hormaren beste aldean: pilotan jokatzen zuten serio-serio, paretari ahalik eta fuerteen emanez, inork ez zezan ezer susma, zer ari zen gertatzen paretaren barrualdean. Txandaka egiten zuten, jakina, hori ere ez zedin nabarmen geratu.

Zuloa eginda, sorpresa ederra jaso zutela kontatu du Bilbaok. Uste baino errazagoa zelako zulatzea, eta horren azpian “errekatxo” moduko bat zegoelako, zuzen-zuzenean kanporantz zihoana, ziegen azpitik igarota, zelden arteko patio erdi-erditik.

Urtebete inguruko lana izan zela kontatu du Bilbaok, taxuz garatutakoa eta ETAren buruzagitzarekin koordinatutakoa. Espetxe barrura sartu zituzten eskuko argiak, walkiak, pistolak, metrailetak, dirua... Baita argazki kamera bat ere. Ihes egingo zuten 52 presoek argazki bana atera zuten, nortasun-agiri faltsuak egiteko. ETAren kanpoko komando baten ardura zen azken detaile horiek fintzea. Eta egin zuten, 1975eko uztailean izan zen hori. Azken txinparta zen, ihesaren operazioa abuztuaren 5ean gauzatzeko. Baina egun gutxi lehenago, uztailaren 30ean, ihesaldian lagundu behar zuen Madrilgo komandoa atxilotu zuen Poliziak.

Poliziak komando horretan infiltratuta zeukan Mikel Lejarza El Lobo, ETAko kideei Gorka gisa aurkezten zitzaiena. Ustez Areatzan jaioa zen, tradizio karlistako semea, euskalduna, eta 20 urte ingururekin egin zuen harremana frankismoko zerbitzu sekretuekin (SECED Servicio Central de Documentación). ETAn infiltratzeko eskatu zioten, eta hala egin zuen 1970. urte inguruan. Bizkaian hasi eta Madrilera joango zen gero, ETAren hango komandoarekin bat egiteko. Lejarzak zerbait arraroa sumatu zuen ETAko kide baten paper artean nortasun-agiri faltsuak ikusi zituenean. Nagusiari deitu zion, eta hark informazioa bizkor helarazi zien espetxe guztietako buruzagitzei, ez baitzekiten nortzuk ziren argazkietan agertzen zirenak. Segoviako espetxeko zuzendaritzak altxa zuen besoa: “Gureak dira”.

Josu Ibargutxi zen ihes egin behar zuten kideetako bat. Gogoan du nolakoa izan zen abuztuaren 2 hura Segoviako espetxean, Madrilgo komandoa erori eta hiru egunera. “Jenerala etorri zen, eta esan zigun: ‘Badakigu ihes-plan bat daukazuela, badakigu zuloa dagoela, baina ez ezazue ihes egin, hiria osorik hartuta baitauka Poliziak’. Zurbil geratu ginen”. Presoek bazekiten tunela aurkitzea ez zela ordu gutxiko lana izango, eta “ihesaldi suizida” baten aukera ere planteatu zen hainbaten artean. Baina ez zuten egin. “Plan burugabea izango zen, leku guztietan Polizia egongo zela esana baitziguten, nahiz guk ezin genezakeen konprobatu, baina horrez aparte, ETAren kanpoko laguntzarik gabe egin beharko genuen ihes, eta hori ez zen bideragarria”, gogoratu du Ibargutxik.

Josu Ibargutxi, jardunaldietan hizketan (Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA)
Josu Ibargutxi, harrapatu zieten saiakeraz: "Jenerala etorri zen eta esan zigun: 'Badakigu ihes-plan bat daukazuela, badakigu zuloa dagoela, ez ezazue ihes egin, hiria osorik hartuta baitauka Poliziak'"

“Txingarren artean bezala genbiltzan”, segitu du. Dena prest zeukatela oroitu du Ibargutxik. Ihes-planak Portugalera eramango zituzten, okerrik ezean behintzat. Ordurako Lisboako jende batekin kontaktua egina zeukaten ETAko kanpoko kideek. “Imajinatu zer izango zen ihes handi hura”, bota du Ibargutxik momentuko egoera politikoari erreferentzia eginda: “Heriotza-zigorrak egiten zituen Francoren gobernuak, fusilamenduak... Nazioarteko kanpaina zegoen sententzia horien aurka, eta ihes hura sekulako kolpea zatekeen sistemaren aurka”.

“Eta bigarren ihesa nolakoa izan zen?”, galdetu dio pertsona batek. “Bigarrena?”, hasi da erantzuten Ibargutxi: “Lehenaren segida izan zen bigarrena; ez dago beste esplikaziorik”.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA

‘Pontxo operazioa’, neurriak hartuta
Zortzi hilabete geroago, 1976ko apirilaren 5ean egin zen bigarren ahalegina, arrakasta izango zuena, ia azkeneraino iritsiko zena. 52 beharrean, segurtasun-neurriengatik batez ere, 29 izango ziren operazioan parte hartuko zutenak. Eta izango ziren kondenarik luzeenak zeuzkatenak, premia gehien sentitzen zutenak, nahiz ETAkoak ez izan; baina konfiantzazkoak, hori bai. Dena dela, oso zoroak, nahasiak eta batez ere gogorrak izan ziren zortzi hilabete horiek. Izan ere, ihes egin nahi eta harrapatu izanak errepresioa ekarriko zien, kanpoko bisitak murriztu, patio orduak mugatu...

Lehen saiakeratik hilabete eta erdira, irailean, inflexio puntu bat markatu zuten Juan Paredes Manot Txiki-ren, Angel Otaegiren eta FRAP erakundeko hiru kideren exekuzioek. Gose grebak egin ziren leku askotan, espetxe ugaritan ere bai, eta tartean Segovian. “Hogei eta piko egun pasa genituen gose greban”, oroitu du Ibargutxik, “eta lehen bost egunetan egarri greba ere egin genuen”. Hala, poz aurpegi batekin zera esan du: “Denok bukatu genuen erizaindegian, eta hor bertan hasi ginen pentsatzen bigarrenez nola egingo genuen ihes”. Pontxo operazioa deitu zioten planari, pontxoak josten zituztelako preso batzuk, eta pontxo hitza, poliziek entzunda, ez zelako susmagarria.

Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA

Segurtasun-neurriak hartu behar zituztela argi zuten, batetik, ez baitzekiten zehatz-mehatz nolatan harrapatu zieten lehen saiakera –nahiz eta ETAk El Lobo-ren irudi bat zabaldu zuen presondegi guztietan, infiltratua zela jakinarazteko–; eta bestetik, posible zelako infiltraturen bat edo Poliziarekin kolaboratuko zuen presoren bat Segoviako ETAko kideengana gerturatzen hastea. Horrez aparte, espero zuten presondegiko poliziek neurri gogorrak hartuko zituztela. Baina ez zen horrela izan: zuloa estali bai, baina espetxeko arduradunek ez zituzten azpiko tunelean eta kanpoko barroteetan egindako zuloak behar bezala itxi. Bigarrengo ihesean horiek erabiltzea erabaki zuten, baina argi zeukaten sorburua lekuz aldatu behar zutela ezinbestean. Hau da, ihesa ziegen alde bateko komunetik hasi beharrean –zulo hori erabat itxita zegoen–, hobetsi zuten patioko komunak zulatzea, eta hortik bai, lehengo bidetik jarraitzea, espetxe azpiko “errekatxora” jaitsita. 

Josu Ibargutxi: "Bigarren ahalegina? Lehenaren segida izan zen; ez dago beste esplikaziorik"

“Errekatxo” hori zakarrez beteta isurtzen zen ibaira. Janari soberakinak-eta, adibidez, patioaren erdian zegoen arketa handi samar batetik botatzen ziren behera, eta komunetako urak eta denak elkartzen ziren hor. Estoldaren zulo hori baliatzen zuten komun berriko zuloko zakarrak botatzeko, sarritan janari soberakinekin nahastuta, eta bestetan arroparen barruan ezkutatuta. “Eurek [presondegiko poliziek] egin ziguten oparia izan zen hau!”, esan du Bilbaok arketaren aldamenean esplikazioak ematen ari den bitartean: “Beraiek egindako zulo handi samar bat zen, zabor guztia hemendik bota behar genuen... Disimulatzeko erraza zen”.

Iosu Bilbao, azalpenak ematen. (Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA)

Eta disimulatu al zuten? Ihesaren berri ez zuten presoak ohartu al ziren? Beharbada batzuk bai, baina guztiak ez, behintzat. Pepe Benito madrildarra ez zen ezertaz ohartu. “Ikusten zintuztedan [Ibargutxiri begira] patioko komunetan ordu pila bat pasatzen, eta beti fregona edo zoru-garbigailua ikusten nuen komunaren atean... baina ez nuen ezer susmatu, komunak garbi edukitzea gustatzen zitzaizuela baino ez!”.

Pepe Benito: "Ikusten zintuztedan komunetan ordu pila bat pasatzen, eta beti 'fregona' ikusten nuen komunaren atean. Ez nuen ezer susmatu, komunak garbi edukitzea gustatzen zitzaizuela baino ez"

Benito preso egon zen Segovian ihesa gertatu zenean, eta bere gisako preso gehiago ere gonbidatu dituzte Rosa Luxemburg Fundazioak eta Segoviako Memoria Foroak antolatutako jardunaldietara, ihesaldiaz gain, presondegiko kontuez ere hitz egiteko. Benito ez zen inongo erakunde bateko partaide, baina hitz egiteko eran gertutasuna adierazi du Espainiako Alderdi Komunistarekiko [PCE]. Benitok kontatu duenez, PCE ez zegoen planarekin ados: “PCEren ustez, ihesaldia mugarria izango zen egitear zegoen Amnistia Legearentzat, prozesua bizkortu eta hobetu egingo zuelako, presoen egoera gehiago bistaratuko zelako kalean, baina ez zegoen ados armak soinean egitearekin, ezta talde handi bat izatearekin ere, gauzak zailtzen direlako horrela”. Dena dela, PCEk konfidentzialtasuna mantendu eta errespetatu egin zuen ETAk koordinatutako plana.

Pepe Benito, jardunaldietan (Manex Moreno Uharte / ARGIA CC BY SA)

Benitorenaren gisako pasadizoak kontatu eta barre algaretan, behin eta berriz seriotasunera itzuli dira Ibargutxi zein Bilbao. Sarri nabarmendu dute tentu handiz ari zirela operazioa garatzen, ez zirela jende askoz fio, eta batez ere, orduko egoera politikoa benetan zela tentsio handikoa. Izan ere, frankismo garaiko azken fusilamenduek giro politikoa aztoratu zuten bai kalean eta bai espetxean, Franco hilzorian zegoen, azaro horretan hilko zen, eta “trantsizio aldia” iragartzen zen Espainian, bere oztopo eta mugekin. Era berean, amnistiaren aldarria ere gero eta zabalago entzuten zen, eta espetxe batzuk ixteko asmotan ziren, tartean Segoviakoa. Soriako presondegira eraman zitzaketen susmoa zegoen. Zurrumurrua zabaltzen hasi zenerako, zuloa bideratu samar zeukaten. Presa eta urduritasuna, hortaz, biderkatzen hasiak ziren.

Ihesa: azken urratsera arte
Astelehen burusoil bat zen 1976ko apirilaren 5a. Zortzi hilabete pasa ziren aurreko saiakeratik, eta bazirudien, ordurako, presondegiko poliziek ahantzita zeukatela balizko ihesaren aukera. Bazkalondo hartan, ohi moduan, Segoviako espetxeko presoek denbora librea izan zuten deskantsurako, tertulian aritzeko, kirola egiteko, esku pilotan jokatzeko... Eta ihes egiteko. Patioaren aldameneko komunera joan, hormako azulejoak kendu eta hainbat hilabetez zulatu zuten hormaren barnealdean sartu ziren 29 preso. Prest zituzten linterna eta argi txikiekin gurutzatu zuten espetxea azpitik, “errekatxotik”, hoditeriatik, eta isurbidera eta irteerara heldu ziren 15:00etarako. Arropaz aldatu ziren han. Azken burdin-barra lodia ere hautsita zuten lehendik, eta erraz eta planifikatu gisan ipini zituzten oinak kanpoan, askatasunean. Edo askatasunerako bidean. Ez baitziren salbu izango Espainiako Estatutik ihes egin arte.

Iosu Bilbao: "Patioko estoldatik botatzen genituen zuloaren zakarrak. Espetxeko zaindariek egindako zulo handi bat zen, eta janaria eta dena hemendik botatzen genuen; disimulatzeko erraza zen, guretzat oparia"

Isurbidearen kanpoaldean zuten zain furgoneta handi bat, ETAk mobilizatu zuena. Gutxi gorabehera 50 kilometro egin zituzten bertan, eta hurrengo enkontru-lekuan kamioi trailer batera pasa ziren. Ez zen edonolako kamioia: azpian ate ezkutu bat zuen, behe-ezkutu bat, espazio itxi eta zabala, egurrez inguratutakoa, iheslariak eramateko ongi prestaturikoa. Gaztela eta Leondik Nafarrora igaro, Nafarroa osorik gurutzatu eta Auritzera heltzea zen planaren segida. Auritzen, ordurako gauez, mugalari batek lagundu behar zien Ipar Euskal Herrira muga gurutzatzen. Jakitun ziren, azken fase hura heltzerako, Guardia Zibila han eta hemen ibiliko zela iheslariak atzeman nahian. Lortu zuten, behintzat, ordu batzuetako abantaila: 15:00etan egin zuten ihes espetxetik, eta zaindariak 18:30eko preso-zenbaketan ohartu ziren ihesaz; ordurako, kamioia Burgos parera iritsita zegoen.

Auritzen ez zen plana ongi atera. Huts egin zuen mugalariak; ez zen azaldu. Urduritasun horretan, ezin geldirik egon, eta eztabaidatu ostean, haien kabuz bestaldera pasatzea erabaki zuten. Gauerdia zen, dena ilun, eta behe-laino handia zegoen. Kilometro gutxi zituzten egiteko, baina galduta zeuden. Eta zer, eta mugatik oso gertu, nahiz beraiek oso ongi ez jakin, Guardia Zibilaren patruila batekin egin zuten topo. Lehen tiroketa han bertan izan zen, eta lehen atxiloketa ere bai: Manuel Isasa etakidea eraman zuten oso larri zaurituta. Gainontzekoak, noraez betean, sakabanatu egin ziren eta mugaren bila jo zuten, ahal bezala, zaurituta, izututa eta lainopean. Goizaldean beste tiroketa bat izan zen, beste kide bat atxilotu zuten. Okerrena goizeko 11:30ak aldera izan zen, Sorogain izeneko parajean, mugatik seiehun metro ingurura: Oriol Solé gazte anarkista eta autonomo katalana tiroz hil zuen Guardia Zibilak, eta taldetxo horretan zihoazen beste 11 iheslariak atxilotu zituzten.

'Segoviako ihesa' filmeko pasarte bat

Noraezean aritu ziren guztiak, lehenago edo geroago, eta zauri larriago edo arinagoekin, atxilotu egin zituen Guardia Zibilak. Izan Auritzeko etxe batean laguntza eskatu eta etxejabeak Poliziari abisua pasa ziolako, edo izan, Iturbe Totorikaren kasuan bezala, oinez 23 kilometro egin eta gero atzemanda. Lau presok eta ihesaren laguntzaileetako batek baino ez zuten lortu muga gurutzatzea. Hiru ETAko kideak ziren, eta bat Kataluniako FAC askapen mugimendu marxista-leninistako kidea. Aurizberriko txalet batean ezkutatu ziren hamar egunez, jabeak itzuli ziren arte. Zorionez, kontserbako poto ugari zeuden etxean, eta horrekin biziraun zuten. Jabeak itzulitakoan, armekin mehatxu egin, autoa lapurtu eta ihes egin zuten. Baina ez Frantziara, baizik eta Altsasura (Nafarroa), eta gero Tolosara (Gipuzkoa). Babesa eskatu zuten, eta hala igaro zuten gero muga. Ordurako, hogei egun igaro ziren Segoviako espetxetik ihes egin zutenetik.

Atxilotutako iheslariei zigor handiak ipini zizkieten, eta Espainiako Estatuko espetxerik gogorrenetara eraman zituzten. Handik urtebete pasatxora onartu zen Amnistia Legea, baina ez zitzaien aplikatu, apropos. Dena dela, guztiak handik urtebetera geldituko ziren aske.

'Segoviako ihesa' filmeko fotograma bat

Ihesaren kontakizuna hor bertan amai daiteke, Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981) filmean bezalaxe. Errespetuz eta miresmenez hitz egin dute filmaz benetako protagonistek, gertakizunarekiko “oso zintzoa” delako. Garaira –eta garaiko zinemagintzara– itzultzeko, memoria egiteko, aproposa da Uriberen filma. 2005ean Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal) egin arte, euskarazko film ikusiena izan zen Segoviako ihesa

"Segoviako kartzela? Guretzat, zerua"

Segovia, Burgos eta Soria. Horixe zen “hiruko tipikoa”. Normalean hiru espetxe horien artean txandaka mugiarazten zituzten presoak. “Soriako espetxeko funtzionarioak psikopatak ziren”, esan du Iosu Bilbaok: “Zuzendariak uniforme zuria janzten zuen igandetan; izugarrizko kabroia zen”. Burgosekoa ere oso txartzat aurkeztu du. Eta Jaén (Andaluzia) hiriko espetxea ere bazen mugimendu horien artean ohikoa. “Hor ere diziplina oso gogorra zen”, esan du Jaéngo espetxeaz Pepe Benito preso ohiak. “Pentsa, ni lehen graduan egon nintzen Segovian, eta bigarrengoan Jaénen; kalera ateratzetik gertuago egon arren, Jaéngo tratua askoz ere okerragoa zen”.

Jardunaldietan parte hartu duten preso ohi guztiek esan dute espetxeko bizitza asko aldatzen zela presondegi batetik bestera. Leku atseginik baldin bazeukaten, hori Segovia zen. “Beste giro bat geneukan”, esan dute denek. Esaterako, Benitok, nabarmendu du “oso elkartuta” zeudela denak. Eta Bilbaok: “Segoviako kartzela? Guretzat zerua zen”. Espetxe gehientsuenetan ez bezala, esan dutenez, harreman estuak egin zituzten, elkartuta egon ziren, “nahiz politikoki pentsaera diferentea izan”.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...