Santa Martako trena

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Santa Marta tiene tren cumbia kolonbiarra umezaroan entzun eta ikasi genuen. Karibe aldeko hiri turistiko horretan oraindik trena dabil, ikatza eta bestelako lehengaiak porturatzeko, baina ez pertsonentzat. Bertan egin da, apirilean, nazioarteko konferentzia “historikoa”, non 55 estatutako ordezkariak erregai fosilei buruz hitz egitera eseri diren lehen aldiz, petroliotik eta ikatzetik ere irteera planifikatua, bidezkoa eta ekitatiboa bultzatzeko. Eredugarria oso, Kolonbia, munduko bosgarren ikatz-esportatzailea dena eta estraktibismo ekonomikoaren oso mende dagoena, egiten ari den norabide aldaketa, trantsizio energetiko justurako.

Konferentzia hiru bagoiko trena izan zen. Aurreko bagoian (lehenengo bi egunetan) atal akademikoa joan zen, Johan Rockström Suediako zientzialari ospetsuaren gidaritzapean. Kritika asko jaso zituen bagoi horrek, funtzionamendu eta eduki zein proposamenengatik, batez ere emakumeen eta Hegoalde Globaleko unibertsitateen aldetik.

Kolonbiako gobernuak trantsizio energetikoa abiatzeko urrats sendoak egin ditu, baina ultraeskuindarrak, han ere, aldaketa hori zapuztearekin mehatxatzen ari dira

Erdiko bagoian, gizarte zibilaren ordezkariak mugitu ziren (emakumeak, ekologistak, sindikalistak, indigenak, gazteak…) eta konboi horretan adostasun altua agertu zen Erregai Fosilen Tratatua ezinbesteko tresna kontsideratzeko –nazioarteko esparru loteslea, energia berriztagarri deszentralizatu eta trantsizio global justuari ekiteko, erregai fosilen hedapena geldiarazita eta bidezko irteera kudeatuta–. Klimaren inguruko 30 urteko negoziazioek ez diote heldu sistemaren pozoiari: erregai fosilei. Aktibisten ustez, Santa Martako trenak bideratu behar du sendabidea diseinatzen hasiko den trantsiziorako itun global lotesle bat.

Eta azken bagoian instituzio eta politikari “profesionalak” joan ziren. Lorpen handiena, biltzeaz aparte, datorren urterako beste konferentzia bat deitzea izan zen, Irlandako eta Tuvaluko gobernuek antolatuta. Baina Mendebaldeko herrialde nagusiak eta petrolioaren estatu nagusiak (Frantzia, Kanada, Erresuma Batua, Alemania, AEB, Txina, India, Saudi Arabia…) ez ziren presente egon eta hor dago dema handia. 

Erregai fosilen ordezkapenerako Santa Martan martxan jarritako trena oso baliotsua izan daiteke, baldin eta partaide eta bagoi askoz gehiagoz hornitzen bada. Ez da erronka txikia, ekimen eredugarria bai, aldiz, eta norabide egokian. Kolonbiako Gobernuak trantsizio energetikoa abiatzeko urrats sendoak egin ditu, baina ultraeskuindarrak, han ere, aldaketa hori zapuztearekin mehatxatzen ari dira. Zoritxarrez, muturreko eskumaren garaipenak galga jarriko dio post-petrolioaren trenari! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...