argia.eus
INPRIMATU
2026ko uztailaren 1
Paulita Pappel
“Ez diot pornoaren industria zoragarria denik, baina hedabideek oso irudi partziala zabaltzen dute”
  • Berlineko porno feministan zein komertzialean aktore gisa ibili ondoren, bi ekoiztetxe independente sortu ditu Paulita Pappelek (Madril, Espainia, 1987), aniztasuna, gozamena eta onespena ardatz dituztenak. Bere diskurtsoa eta praktika jaso ditu Sin sexo no hay feminismo. Un manifiesto proporno [Sexurik gabe ez dago feminismorik. Pornoaren aldeko manifestu bat] liburuan. Alemanetik gaztelaniara moldatu du Paula Jiménezen edizio-lanak lagunduta, Bellaterra argitaletxerako. Bilboko Anti liburu-dendan hirurok izandako solasa da hurrengoa.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Adierazi duzu zure sorterrian armairutik irteteko modu bat izan dela liburu hau gaztelaniara itzultzea. Sexilioa izan zen Madriletik Berlinera migratzea?
Paulita Pappel: Maite dut sexilio hitza, atzo bertan deskubritu zidan Itziar Zigak Iruñeko aurkezpenean [Katakrak liburu-dendan, martxoan]. Oso egokia da Berlinen bizi den jende askoren hautua definitzeko. Nerabe ez monogamoa eta ez heterosexuala izanda, itota sentitzen nintzen Madrilen. Berlinen topatu nuen nor izan nahi nuen esploratzeko eta deskubritzeko tokia. Garai hartan oraindik uste nuen pornografia emakumeak esplotatzeko tresna patriarkala zela, gizonek gizonentzat sortutakoa eta berez misoginoa. Aldi berean, nolabaiteko zirrara sortzen zidan, antzematen nuelako konbentzio sozialetatik libre zegoen espazio bat zela. Ez nintzen porno kontsumitzailea, baina liluratzen ninduen jakiteak film horietan sexualitatea ez zela maitasunerako edo haurdunaldirako bide bat, baizik eta sexualitatea ospatzekoa. Barne-gatazka bat nuen: patriarkatuak alienatu ote nau? Genero-ikasketak egin nituenean, irakasleren batek sexu lanari buruz hitz egin zigun kutsu negatiborik gabe, sexu langile antolatuen diskurtsotik abiatuta. Burua lehertu zitzaidan. Ulertu nuen posible nuela feminista izatea eta pornoa egitea; are gehiago, pornoa gorputzak eta sexu disidentziak irudikatzeko eta aldarrikatzeko tresna feminista izan daitekeela.

Paula Jiménez: Maite ditut Paulitak bere filmetan sartzen dituen making off-ak. Sexu eszenak hasi aurretik, protagonistak agertzen dira bere ikuspuntu eta mugei buruz berbetan, eta amaieran azaltzen dute nola sentitu diren. 

P. Pappel: Funtsezkoa deritzot making off-ak eskaintzeari pornoaren inguruan dauden aurreiritzi sentsazionalistak apurtzeko. Esan digute emakumeak engainatuta doazela set-etara, egin nahi ez duten hori egitera behartzen dituztela… Nik ez dut esaten pornoaren industria zoragarria denik. Kapitalismo patriarkalean bizi garen neurrian, kultura-industria guztietan dago boterea ezartzen duten pertsona mordoa. Aitzitik, hedabideek zabaltzen duten irudia oso partziala da. Bi figura ezkutatzen dira nahita kontakizun jakin bat sendotzeko. Alde batetik, industrian indar handia daukaten emakume ekintzaileak, nahi dutena egiten dutenak eta dirutza irabazten dutenak. Bestetik, txarto tratatuak diren gizonezko performer-ak. Izan ere, Nacho Vidal edo Roco Siffredi bezalako %0,01 kenduta, gizonezko aktore gehienen egoera ez da batere pribilegiatua. Arazo asko daude pornoaren industrian, baina ez dira hedabideek erakutsi nahi dituztenak. 

"Instituzioek ez badute dagoen pornoa gustuko, zergatik ez dute porno alternatiboa babesten?"

Paulita, zinema konbentzionalean lan egiten duzu intimitate-koordinatzaile gisa. Figura hori pornoaren industriatik dator?
P. Pappel: Ez dago argi, badirudi nazioartean aldi berean hasi zela sartzen antzerki-munduan, zineman, pornoan… Aurretik askotariko sailek betetzen zuten funtzio hori: esaterako, jantzien sailak asmatu zituen sexu simulatuko eszenetarako genitalak estaltzeko osagarriak. 

P. Jiménez: Me Too mugimenduaren ondorioz sortu zen, oker ez banago.

P. Pappel: Me Too-k eman zion lekua. Amerikako Estatu Batuetako ekoizleek esan zuten: “Zer edo zer egin behar dugu meloi honekin. Neska batzuek hamar urte daramate intimitate-koordinazioari buruz matraka ematen. Esan etortzeko”. Orduan estandarizatu zen figura hori eta [sexu erasoak prebenitzeko] protokoloak ezarri ziren filmaketetan. Nik asko ikasi nuen Netflixeko ziurtagiri profesionala eskuratzeko prestakuntzan, eta pornora ekarri dut. Era berean, pornoan ikasitakoa eraman dut Netflixera. Baina pornoari ez zaio aitortzen jakintza-iturri izan daitekeenik. 

Liburuan azaltzen duzu ezin izan duzula zabaldu Tarantinoren filmetan inspiratutako porno-lan bat. Zergatik ez da onargarria biolentzia esplizitua sexu esplizituarekin nahastea?
P. Pappel: Inoiz estreinatu ez den kultuzko film parodikoa sortu nuen aurrekontu txikiarekin, serio hartu gabe. Porno feminista biguna egiten nuen orduan eta erabaki nuen benetan pizten ninduen fantasia bat filmatzea: gizon talde batek ni bahitu eta bortxatu ondoren, denak akabatzen nituen, Reservoir Dogs filman antzera. Nire filmak erregistratzen nituen plataforman jakinarazi zidaten ezin zutela halakorik banatu. “Zergatik ez?”, galdetu nuen nik, inozoki. “Armak, odola eta nekrofilia daudelako. Ordainketa-pasabideek ez dute onartuko”. Orduan ulertu nuen Visak eta Mastercardek ebazten dutela zer porno ikusi dezakegun. Maiz galdetu didate zergatik ez den hilekoa agertzen nire filmetan: bada, Visa eta Mastercarden arauen arabera ezin delako inolako odolik agertu.

Ezkerretik eskuinera, June Fernandez, Paulita Pappel eta Paula Jiménez Bilboko Anti liburu-dendan egindako solasaldian. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA.

Amarna Miller porno aktore ohi ospetsuak agentez aldatu behar izan zuen, ez baitzion uzten pertsona transekin filmatzen. Halako bitartekariek ere oztopatzen dituzte transgresioak, ezta?
P. Pappel: Nire lehenengo gang bang-etan emakume zis batek larrua jotzen zuen gizon zisekin, baina (porno komertzialean ez bezala) gizonak haien artean ere liatzen ziren. AEBetako agenteek bi “arazo” leporatu zizkidaten: gizonen bisexualitatea eta arraza-aniztasuna. Alegia, mainstream-aren logikan gizon guztiek zuriak izan behar dutela edota denak beltzak. Kategoria bidezko sailkapena da arazoa. Adibidez, ni 20 urterekin pornoan hasi nintzenean teen [nerabe] kategorian sartzen nintzen erraz. Aldiz, 30 urte bete ditudanetik milf kategoria dagokit [mother I’d like to fuck; txortan egin nahiko nukeen ama], baina arketipo horrek ez du bat egiten nire gorputzarekin. Hortaz, ez dut lekurik porno komertzialean. Alternatibak sortzen ditugunok mila oztopo aurkitzen ditugu. Nola aurkituko dugu publikoa? Lustery ekoiztetxea sortu genuenean Redditen iragartzen genuen, 18 urtetik gorakoentzako foroetan. 2018an Redditek publizitate-politika aldatu zuen tupustean eta gure orrialdearen trafikoaren %40 galdu genuen. Horrez gain, ordainketa-pasabideek asko kobratzen digute porno ekoizleoi, gure edukia arriskutsutzat hartzen dutelako. Merchandising-eko kamisetak saltzen ditudanean, %1 kobratzen didate, eta pornoa saltzen dudanean, berriz, %16.

Zer deritzozu OnlyFans-i?
P. Pappel: OnlyFans pertsonei dirua ateratzeko makina bat da, oso ondo eginda eta optimizatua dagoena. Performer-ek autonomia eta erabakitzeko ahalmena lortu dute, bereziki ekoiztetxeek baztertuak izan diren horiek. Industriari frogatu diote badutela publikoa. Aldi berean, espazio ultrakapitalista da, oso lehiakorra eta muga gutxi dituena. Egunean hamasei ordu lan egiten aritu zaitezke, bestelako influencer-ak bezala edo gehiago: dutxan ere selfiak ateratzen ibiliko zara zure harpideak asetzeko. Onerako eta txarrerako, zu izango zara ekoizlea, zuzendaria, marketing arduraduna… Hori bai: gutxi batzuek lortzen dute dirutza egitea. 

P. Jiménez: Negozioa monopolizatu duen plataforma pribatu baten mende zaude… 

P. Pappel: Pornoan ez da ideia ona arrautza guztiak saski bakar batean jartzea: B, D eta E planak izan behar ditugu, egun batetik bestera plataforma batek itxi dezakeelako, edo sexu-edukiak argitaratzeari utzi, edo lege batek dena pikutara bidali. 

Euskal Herriko zein Espainiako instituzioak lerratu dira feminismo abolizionista delakoarekin… 
P. Pappel: Ez zaio abolizionista deitu behar. Abolizionismoa beltzen esklabotza bukatzeko mugimendu antiarrazista izan zen. Aldiz, sexu lana debekatzearen aldeko feminismoa oso zuria eta klasista da. 

"Funtsezkoa da azaltzea pornoa helduei zuzendutako zinema dela, profesionalek egiten dutela eta trikimailuak baliatzen dituztela"

Baita heterosexista ere. Emakundek esaten duenean pornoa emakumeen aurkako eskola dela ez du kontuan hartzen nerabe LGTBIQ-ek pornoan bilatzen eta aurkitzen dutena.
P. Jiménez: Neska heterosexualentzat komedia erromantikoak dira indarkeria matxistaren eskola. Instituzioen kezka da nerabeek uzki-sarketa normalizatzea, ez ordea maitasun-istorio idealizatuek eragiten duten kaltea. 

P. Pappel: Gizartearen arlo guztietatik jasotzen ditugu sexualitateari buruzko lekzioak. Mezua izan behar du porno gehiena fikziozkoa dela eta fantasien errepresentazioa dela; asko ez ditugu gauzatu nahi izango. Noski gurasoek tresnak izan behar dituztela seme-alabek bere adinerako egokiak ez diren edukiak saihesteko, ez soilik sexualak, baita ere indarkeriazkoak edo albiste faltsuak. Edonola ere, funtsezkoa da azaltzea pornoa helduei zuzendutako zinema dela, profesionalek egiten dutela eta trikimailuak baliatzen dituztela. Txikitatik ulertu daiteke premisa hori, txikitatik ulertu dugun bezala ezin dugula Superman bezala hegan egin. Cirque du Soleil ikusteagatik ez zara hasiko kontortsionismoa praktikatzen. Era berean, prestaketa eta espezializazioa behar da fisting-a [ukabila uzkian edo aluan sartzea] segurtasunez gauzatzeko. 

Pornoaren aurkako feministek ukatzen dute fikzioaren argudioa, sexu-praktika bortitzak benetan ematen direlako aktoreen gorputzetan. 
P. Pappel: Aktoreak espezialistak dira, gorputza prestatzen dute eta arriskuak hartzen dituzte. Everestera igotzen diren alpinistek behatzak galtzen dituzte. Zergatik onartzen dugu indarkeria boxeoan eta ez sexualitatearen esparruan?

Liburuan gogoratzen duzu pareko alarma soziala sortu zela bideojokoen inguruan 90eko hamarkadan: adingabekoengan adikzioak eta jokabide biolentoak eragiten zituztelakoan. 
P. Pappel: Ikerketek frogatu zuten ez dagoela kausa-ondorio bat bideojokoen kontsumoaren eta indarkeria-jokabideen artean, baizik eta bestelako faktore psikosozialak gehitzerakoan agertzen zirela halako arazoak. Egun, bideojokoen industriak estatuen dirulaguntzak jasotzen ditu eta, horri esker, produktu zoragarriak agertu dira. Zergatik ez da apustu hori egiten pornoaren kasuan? Alegia, instituzioek ez badute dagoen pornoa gustuko, zergatik ez dute porno alternatiboa babesten? Estigma eta moral sexualaren beldur direlako. Sexu adierazpen librearen kontrako lobby erlijiosoaren beldur direlako. Bitxia da: askatasun handiko garai batean bizi gara eta, aldi berean, espazio digitala inoiz baino zelatatuagoa eta zentsuratuagoa dago. Zalantzak izan nituen nire liburuaren izenburuarekin, Instagramen ezin baituzu “sexu” hitza lasai idatzi! Zentzugabea da. Sare sozialen zentsura ez dugu soilik sexu-langileok pairatzen, baita sexu-hezitzaileek ere.

“Mendekuzko pornoa” eta “haurren pornografia” esapideak kritikatzen dituzu…
P. Pappel: Pornografia izateko, helduen artekoa izan behar du eta adostasuna egon behar du bai grabazioan zein distribuzioan. Hortik kanpo, ez gara pornoaz ari, delituez baizik. 

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Ikusleak nola jakin dezake bideo bat protagonisten onespenarekin igo dela Internetera?
P. Pappel: Ni ez naiz PornHub bezalako doako plataformen aldekoa, baina haien alde egin behar dut gai hau ateratzen denean, ez baita egia halako webguneetan haurren esplotazioa edo onespen gabeko sexu edukiak barra-barra daudenik. YouTube eta Facebookekin gertatu den bezala, hasieran halako tube-en moderazio prozesuak oso kaskarrak ziren. Alabaina, azken urteotan sexu-edukiak igotzeko neurriak bereziki zorrotzak dira, Only Fans-en barne; inplikatu guztien nortasun agiria aurkeztu behar duzu, eta kontratuak, baldin badaude. Delitu diren bideoak legez kanpoko webguneetan agertzen dira. Horregatik, Espainiako Gobernuak iragarritako segurtasun neurrien onuradunak legez kanpoko edukien plataformak izango dira. Izan ere, masturbatzeko material bila dabilen norbaiti nortasun agiria eskatzen badiozu, kontrol gabeko beste webgune batera joko du; egoitza Kazakhstanen edo Australian duen eta eduki oso lazgarriak zabaltzen dituen batera. 

Azken urteotan indarkeria digital berri bat agertu da: deepfake delakoa. Alegia, Adimen Artifiziala baliatzea bideo edo argazki erotiko faltsuak sortzeko. 
P. Pappel: Nire proposamen apala da jendartea heztea uler dadin sexu-agentzia giza eskubidea dela. Alegia, pertsona orok duela bere irudiari buruz erabakitzeko eskubidea, baita sexualitatea esploratzen eta gozatzen lagunduko dion informazioa eta baliabideak izateko eskubidea ere. Hitz egin dezagun arazoez eta bila ditzagun konponbideak, baina fokua jarrita sexualitate osasuntsu eta polit baten sustapenean. Ni ez nator esatera mundu guztiak pornoa ikusi beharko lukeela. Entretenimendu-produktu bat da, sexualitatearen irudikapen esplizitua, gustatu dakizukeena edo ez. Edonola ere, zer dakar zentsuraz, izuz eta lotsaz inguratzeak? Gure gorputzekiko eta sexualitatearekiko distantzia sortzea. Sexu-irudikapenarekiko beldur horiek kentzeak guztioi egingo digu mesede, pornoa kontsumitu ala ez.