Nihilismoaren kontra


2026ko uztailaren 1ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Everything everywhere all at once (Dena leku guztietan aldi berean)
Daniel Scheinert eta Dan Kwan (2022)

Zer: Filma
Herrialdea: AEB
Iraupena: 139 minutu
Non ikusi: RTVE eta Prime Video

---------------------

Hemen da, bigarren itzal bat bezain leial... indiferentzia”, zioen Berri Txarrak taldeak; gizarteko arazoak baino are okerragoa baita haiekiko indiferentzia. Eta hori muturreraino eramaten badugu, nihilismoa dugu, ezerk ez duela zentzurik dioen pentsamolde hori. Guztion burmuinak zeharkatzen ditu noiz edo noiz nihilismoak, gure ekintzen balioa zalantzan jarrita, munduak bide okerretik aurrera jarraitzen duen bitartean. Edo horren erruz.

Everything everywhere all at once 2022an Pelikula Onenaren Oscarra eraman zuen luzemetraia da. Generoari dagokionez, komedia/drama/zientzia-fikzioa/akzioa… da; dena, leku guztietan, aldi berean. Evelyn Quan (Michelle Yeoh) da protagonista, immigrante txinatar estatubatuarra, arropa garbitegi txiki baten jabea. Familia negozioa kolokan dagoela, zerga aitorpena egitera doa senarrarekin eta aitarekin batera. Eta, aitorpena egiteko bulegora igogailuan gora doazela, senarrak bat-batean esango dio multibertsoa arriskuan dagoela eta Evelynen laguntza behar duela hura salbatzeko.

Argumentuak zoroa badirudi ere –bada–, pelikula ez da txorakeria soilik. Komedia absurdua eta zientzia-fikzioa erabiltzen ditu izatez sakona eta serioa dena esploratzeko. Duela hilabete batzuk aztertu nuen Sorry to bother you (Barkatu eragoztea) filmaren antzeko estrategia edo estiloa du, baina, biak alderatuta, hau hura baino efektiboagoa eta hobeto eraikia dela uste dut. Erabiltzen dituen sinboloek, absurdoak izanik ere, argi erakusten dute benetan zer irudikatzen duten. Donut bat erabilita nihilismoa eta indiferentzia absolutua irudikatzea ez da lan erraza baina lortzen du. Eta, areago, asko gustatu zait nola lantzen duen gaia eta horren inguruan ateratzen duen ondorioa.

Gainera, zinematografia aldetik oso ikusgarria, originala eta freskoa da. Dekoratuen eraikuntza, muntaia eta zuzendaritza artistikoa paregabeak dira. Hori bai, konturatuko zinetenez, lan bitxia eta desberdina da Everything everywhere all at once, eta horrek esan nahi du batzuei –tartean, niri– asko gustatuko zaigula, eta besteei batere ez. Ez al da hori nahi duguna, ordea? Batezbestekora gehiegi hurbiltzen dena, azkenean, ez du inork oroitzen... 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...