Gazara nazioarteko laguntza humanitarioa zeraman Global Sumud Flotillako lagunek jasandako bortizkeriaren deskribapenak entzun ditugu azken hilabeteotan. Torturaren testigantzak krudelak dira beti, eta entzun ditudanek ere inpotentzia handia eragin didate. Lekukotasun askoren artean, bazen bat torturatzaileengan begirada jarri zuena, haiengandik sentitu zuen gutxiespen eta gorrotoan. Bere esanetan, gorrotoa barne-barnean zeramaten, eta hori denbora luzean ikasi eta lantzen zela zioen.
2022an Palestinako Al-Haq gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikerketa baten arabera, Israelek egindako apartheid eta okupazio militarra ezinbesteko tresnak dira hamarkada luzeetan azken horiek diseinatutako asentamendu-koloniala aurrera eramateko. Asentamendu modu berezi hori lurraren gaineko dominazioan oinarritzen da, hots, bizitzaren gaineko dominazioan. Aipaturiko asentamendu-koloniala onartzea gakoa omen da Francesca Albanese-ren ustez, nolabait, Israelek egindako praktika bortitzak ikuspegi orokorrarekin ulertzea ahalbidetzen duelako. Kurioski, hainbatetan, unibertsitateetatik aurrera eramaten diren hainbat jardunbide logika horretatik kanpo utzi izan da.
Maya Wind antropologo eta ikertzaile israeldarrak bertako unibertsitateek palestinarren eskubideen zapalkuntzan izan duten –eta oraindik duten– konplizitatea hamaika adibide eta erreferentziarekin deskribatu du Torres de acero y marfil liburuan. Orotara zortzi unibertsitate publiko finantzatzen dira estatu kolonialetik edo mugimendu sionistaren barneko erakundeetatik. Batzuk kokaleku oso berezietan daude, nolabait palestinarren kontrol geografiko eta demografikoa errazten den lekuetan. Esaterako, Hebrear Unibertsitateko campus handiena Scopus mendian dago, hain justuki, Jerusalem ekialdeko kasko batean; 1925ean inauguratu bazen ere, 1948az geroztik (Nakbaz geroztik, alegia) setiatutako gotorleku moduan deskribatzen da, base militarra bailitzan. Mendi horren magalean dagoen Al-Issawiyeh auzoko komunitate palestinarrak zuzenean pairatzen ditu blokeoa, pobretze-estrategia eta kontrol militarra.
Palestinar herria inguratzen duen hesia askotariko sektoreetatik dator, eta ezinbestekoa da ahal dugun sektore guztietatik zapaltzaileari eragingo dion boikota sustatzea
Wind ikertzailearen arabera, unibertsitate horietako hainbat departamentuk estatu israeldarrak zehaztutako diziplina jarraitzen du, eta argudio hori babesten duten kasuak aipatzen ditu, besteak beste: arkeologiara bideratutakoak edota zuzenbide eta gai legalei loturikoak. Lan arkeologikoa lurraldearen jabetza babesten duten probak lantzean datza, nolabait, kolonoen aldarrikapenak indartzeko; horrek, noski, historia arabiar eta musulmanaren ezabaketa dakar berekin, halabeharrez. Zuzenbide alorreko ikerlan asko, berriz, nazioarteko giza eskubide eta gerra-zuzenbidearen aurrean kontakizun diskurtsibo eta juridikoa sortzera bideratuta daude. Azken horren harira, 2018an palestinarrek ostiralero egin zituzten armarik gabeko “itzulera martxen” erantzun israeldarrak, gutxienez, 195 hildako eta 35.600 zauritu utzi zituen. Gertakari haien ondorio gisa, Tel Aviveko Unibertsitateko Segurtasun Nazionaleko Ikasketen Institutuak “harreman publikoari” zegokion arazoa zela adierazi zuen.
Unibertsitate horien barnean ahots kritiko indibidualak egon badaude. Baina palestinarren gain eragiten den indarkeria neurrigabea eta inpunitate egoerek unibertsitate israeldarrek aldarrikatu nahi duten sasi independentzia itzalean utzi behar lukete. Palestinar herria inguratzen duen hesia askotariko sektoreetatik dator, eta ezinbestekoa da ahal dugun sektore guztietatik zapaltzaileari eragingo dion boikota sustatzea. Nazioartetik emandako erantzunak baldintzatuko du, zalantzarik gabe, palestinarren patua.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.