Ekainaren 17an Carlo Ginzburg historialari italiarra hil zen Bolonian, 87 urte zituela. Mikrohistoriaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen, besteak beste, Edoardo Grendi eta Giovanni Levirekin batera.
Historia sozialaren adar horrek historia orokorra aztertzen du, baina gertakari, dokumentu edo pertsona jakin batetik abiatuta. Generoa 1976an estreinatu zuen Il Formaggio e i vermi (Gazta eta harrak) liburuarekin. Bertan, Ginzburgek Menocchio izeneko XVI. mendeko Friuliko errotari baten aurkako Inkisizioaren prozesua aztertzen du. Hain zuzen, Ginzburg 1970eko hamarkadan hasi zen Vatikanoari Inkisizioaren Artxiboak publikora irekiteko eskatzen, eta 1998an lortu zuen dokumentazio hori ikerlarien eskura jartzea.