Pop kultura anglosaxoiak badu gazteegi hildako artista-martirien talde bat, “27en kluba”, bere baitan biltzen dituena adin horretatik pasa gabe hil ziren Kurt Cobain, Janis Joplin, Jim Morrison, Amy Whinehouse, Jimi Hendrix eta Brian Jones –famatuenak bakarrik aipatzeagatik–. Arrakasta, drogak, noraeza eta amaiera tragikodun historiak kontatzen dira haiei buruz, baina mundutik azkarregi eraman zituen rockstar bizimodu kaotikoaz gain, interesgarriena, nire ustez, etendako proiekzioaren kontua da, sarri espekulatzen baita konposatzeko gai izango ziren obrari buruz ere, baldin eta bizialdi luzeagoa eduki izan balute. Eta irudimenak ez daukanez mugarik, artista horien helduaroko kantak imajinatzen pasa ditzakegu hamarkadak, gertatu ez zirelako mikatzak iruditzen zaizkigun ukronia musikaletan.
Beharbada adin horrexekin hil zelako, 27 urterekin, antzeko espekulazioetan murgildu naiz Jean-Baptiste Kamusarri (Ziburu, Lapurdi, 1814-1842) idazleari buruzko informazio bila hasi naizenean, diferentziak diferentzia, jakina –XIX. mendeko elizgizon xume bati ezin eskatuko diogu kontrakulturalegia izatea; nahiz eta, gero ikusiko dugun bezala, bere garairako oso aurreratuta zebilen–. Bide batez, bururatu zait beharbada osa genezakeela guk ere gazteegi hil zirelako zer nolako obra osatzera iritsiko ziren jakin gabe utzi gintuzten letrajende euskaldunen taldetxo bat, bilduko lituzkeena Gurutz Sarasola Lotsati, Esteban Urkiaga Lauaxeta edo Rikardo Arregi, besteak beste.
Kamusarri genuke aurrekaria XX. mendean azkarregi itzalitako –edo itzali arazitako: Lauaxeta-ren hiltzaileek izen-abizenak baitituzte– idazle horientzat. Obra laburreko egilea –20 olerki inguru–, bere poemak bizian argitaratu gabe geratu zitzaizkion, baina arrastoa utzi zuen hala ere, bai ikasle izan zituenengan –Elizanburu eta Zaldubi, besteak beste–, baita harago ere: euskal poeta madarikatuen genealogia baten kidetzat jotzen du Katixa Dolharek Zer egin Miranderekin? (Alberdania, 2025) liburuan, Parisen sorturiko Zuberoako igelarekin berarekin prefosta, baita Piarres Topet Etxahun barkoxtarrarekin ere –eta susmoa daukat, horretara jarriz gero, izen gehiago ere erantsi ahalko litzaizkiokeela spleen-aren pairatzaile euskaldunen zerrendari–.
Hemen oso Dolharezaleak garenez, hark emandako pistari jarraitu diogu, hortaz. Armiarma.eus-en bilduta dauden Kamusarriren bertsoetan murgildu eta, hara, Alexisen heriotzea jo dugu begiz lehen kolpean. Alexis, alegia, Virgilioren Bukolikak liburuan (EHU, 1998; Iñigo Ruiz Arzalluzen itzulpena) Koridon artzaina zeharo maitemindu zuen gaztea, halako moldez non hura bereganatu nahian, egloga eder-eder batean eskatzen dion kontuan har dezala “zein aberats arditan, zein izandun elurrezko esnetan” den bera; eta itsusia ere ez dela, gorputz lerdena daukala; eta ea nahi duen “lur zikin eta txabola apaletan” bada ere, berarekin bizi; “eta oreinak ehizatzea eta antxumeen taldea ziguin berdera eramatea”. Hori maitasuna ez bada, esango didazue zer den.
A, bai: adituen arabera, letra klasikoetan amodio homosexualaren sinbolorik handienetako bat ere bada. Eta material hori darabil Kamusarrik –gogoratu XIX. mende hasierakoa dela, apaiza– poema bat osatzeko. Baina Kamusarrirenean Alexis hila da; Koridonen amorezko penek hartzen dute bertsoetan protagonismoa: “Ene ondikoa, oi, gabetarik, / Biziak ez du ez, enetzat plazerrik. / Ene bihotzeko gozamen guziak, / Zurekin hobian dire ehortziak”. Ni baino gehiago dakitenek esan beharko dute baina, ez dut uste oso ugariak direnik euskal literaturaren aspaldiko orrietan bi mutilen arteko maitasunaz horrela diharduten idatziak. Hori bakarrik kontuan izanda, Kamusarrik ondo merezia luke egun daukana baino leku nabarmenxeago bat gure paper zaharren balioa ordenatzen hasten garen hurrengo aldian.
Gainera, errealistak izanda: zenbat euskaldun izango ziren garai hartan Virgilio irakurtzeko gai? Halako erreferente kultuak esku artean zerabiltzan idazle batek, segur aski, bere burua bakartuta sentituko zuen egokitu zitzaion kultur giroan. Eta erresumina eragingo ziola pentsatzen dut, pixka bat sumatzen baitzaio Basa-koplariari izeneko bertsoetan: “Boza makur tzar batekin, / Bertsu txarragoko batzuk, / Aire lele batzuekin / Kantatzen ohi dauzkiguk (...) Buztana badauka behin, / Buruaz ez du kasurik: / Monstro bat dezan eragin / Ez du ez, axolarik! (...) Adi zazue kantatzen, / Boza morgan dardaratzen; / Au ixilik koplaria! / Hausten dautak beharria”. Horretan ere aitzindari Kamusarri: ondorengo bi mendeetan etengabe errepikatuko zen eztabaidan lehen harria jaurtiko zuen, inguruan zuten kultur mailatik harago joateko asmorik ez zuten sortzaileen aurka, literatura jasoago baten alde.
Beste hiru ildo ere antzeman daitezke ziburutarraren produkzio urrian, pentsarazten dutenak bizitza luzeagoa eduki izan balu, bilakatu ahalko zela 1) poeta epiko esanguratsu bat, Harizperi edo Zumalakarregiri eskainitako lerro bortitzetan erakutsi zuen bezala –“Hire ezpata horri, suzko jenerala, / Gudu ondoan zarikon oraino odola”–; nahiz eta, pertsonalki, interesgarriagoak zaizkidan 2) atmosfera onirikoetan barneratzen gaituzten testuak, alegia Amets herria edo Mariñelaren kontra-pasa bezalakoak –azken hori, nire ustez, Odisea-ko lamien pasartean inspiratua–; eta, batez ere, 3) geroz eta hurbilago sumatzen zuen heriotzari idatzitako lerroak, bereziki Ene liraren ahuenak sortakoak: poetak bere burua irudikatzen du porturatzear den barku bat bezala, diruz betea, ederra, belak plegatzen ari dena itsaso barean; baina haizea aldatzen zaio bat-batean eta “Hara, hara, non den ari / Uhinekin guduan, / Galdu behar du tristeki / Portuaren aldean. / Egik auhen, ene lira! / Egik minki auhena! / Ni nauk, ni nauk untzi hura, / Funditzera noana. / Harat hunat arrolaka / Gaitzak bere besoetan, / Narabillak pulunpaka / Tonbaren uhinetan”.
Beharbada, metafora horren hondoan gordea utzi zuen Kamusarrik bere aitaren heriotza ere, idazlea jaio zen urte berean hil baitzen Zokoako (Lapurdi) badian itota. Patua lehenago aitarekin bezala orain berarekin grinatzen ari zela sentituta, gure XIX. mendeko memento mori motibodun poema ederrenetako batzuk uztea lortu zuen, egilearen aurreikuspenen despit –“Ez dago deus hetarik, dagoen guzia, / Herrauts puxka bat, harrek ez nahiz utzia”– gaurko irakurleak ere hunkitzen dituztenak.