Ezaguna da demokrazia greziar jatorriko hitza dela. Hauetatik eratorria: demos, hasieran barrutia edo auzoa esan nahi zuena eta geroago herritarren osotasuna, hots, herria; eta kratos, boterea, indarra edo gobernua. Sortu bide zen aristokrazia-ren kontrakoa adierazteko (aristos-etik, “onenak” –zinez, onenak bainoago, aberatsenak–). K. a. VI. eta IV. mendeen artean, 185 urtez gutxi gorabehera, Atenas demokrazia delako sistema politiko baten pean egon zen. Demokrazia zuzena zen hura, baina, aurreko eta inguruko aristokrazietatik urruntzen bazen ere –poza goiz goibeldu–, biztanleriaren gehiengoa baztertzen zuen: emakumeak, esklaboak, atzerritarrak.
Atenasko garai 'demokratikoa' baino mende bat lehenago, bidea urratu zuten Solonen erreformek. Adibidez, zorrengatiko esklabotza abolituta; aurrerantzean Atenasko herritar batek ere ezin izango zuen bere burua (edo bere familiako inor) esklabo gisa saldu zor bat kitatzeko. Berehala ageriko suertatu zen arlo politikoak ekonomia menderatzeko beharra. Antzinako Greziaren historialariek azaldu bezala, ataza komunitate bat gauzatzea zen, obeditu behar zituzten legeak sortzerakoan, parte hartu zezaketen herritar libre eta berdinena.
Ezkerra aberastasuna birbanatzeko politikak ezartzen saiatu denean, botere ekonomikoaren erreakzioa demokrazia ezabatzea izan da, inbasioen, blokeoen edo estatu-kolpeen bidez
Ildo horretan, K. a. VI. mendearen amaiera aldera, Klistenesek isonomia (legearen aurreko berdintasuna) eta isegoria (batzarrean iritziak adierazteko eskubide bera) ezarri zituen herritar guztientzat, guztien ahotsek pisu bera dutelakoan, aberastasuna edo leinua edozein izanda ere, aristokraziaren botere monopolio zaharra hautsi nahian. Ondoren, Efialtes erreformatzaile handia eta demokrazia erradikalaren defendatzaileak, beste neurri batzuk ezarri zituen demokrazia sakontzeko asmoz. Perikles, alderdi demokratiko erradikalean bere ondorengoa ez ezik, aliatu ere izan zuen politika berdintzaileak abian ipintzeko orduan. Boterearen zati handi bat herri batzarrei transferitzea lortu zuten, Areopago izeneko kontseilu elitista desplazatuta. K. a. 461ean Efialtes erail zuten. Atenasko demokraziak (komatxoak erabiltzeari utziko diot) etsai boteretsuak nonahi zituen, konplota elikatzen. Perikles K. a. V. mendearen bigarren erdian hil ondoren, gainbehera hasi zen, eta lur-jabe aberatsen oligarkiak estatu-kolpeak bultzatu zituen etengabe. Herriak demokrazia berrezartzea lortu zuen pare bat alditan, baina, azkenean, amore eman behar izan zuen.
Zenbat aldiz deuseztatu da demokrazia indarkeriaz Efialtesen garaitik hona? Kasu batzuk famatuak dira: XX. mendean Espainia, Txile. XIX.aren atarian, Frantziako Iraultzan jakobinoen demokrazia erradikalaren proiektua esklaboen jabeek eten zuten, Termidorreko kontrairaultzarekin. Ez zen beren arrakastarik txikiena ordutik aurrera mundu guztiak pelikulako gaiztotzat hartu izana Robespierre.
Carlos F. Liriak dio, XX. mendean, ezkerreko aukera batek hauteskundeak irabazi dituen bakoitzean edo aberastasuna birbanatzeko politikak ezartzen saiatu denean, botere ekonomikoaren erreakzioa demokrazia ezabatzea izan dela, inbasioen, blokeoen edo estatu-kolpeen bidez (aipatuez gain, XX. mendean ehunka estatu-kolpe izan dira). Bere aldetik, Toni Domènechek zera azaldu du, jaio zenetik eta mendeetan zehar, demokrazia gustu txarreko hitza izan dela elite ekonomikoentzat, plebeio eta jendailarekin mespretxuz lotua, prestakuntzarik gabekoen gobernua bailitzan –“pobreak” esan gura dute, bizimodua ateratzera dedikatu behar dutenak–.
Bai, lezioak ematen ditu historiak. Ea behingoz ikasten ditugun.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.