Ez zaizkit txisteak gustatzen. Ez ditut harrapatzen. Gehienak behintzat. Umeek kontatzen dituztenak bai, nahiz eta sufritu Jaimitoren eskolako txisteak bata bestearen atzetik kontatzeko dituztenean. Barrez lehertzen dira haiek. Niri pazientzia da lehertzen zaidana. Irribarre faltsu batekin erantzuten diet. Gero nik kontatzen diet beste bat. Isilunea. Alde egin dit txakurrak ere. Ez naiz berriz saiatuko.
Bakarrizketen loraldia bizi dugu. Gero eta gehiago bilatzen dugu gainera umorea: serieetan, sareetan, telebistan. Gure diskurtsoa, kritikoa izanagatik, umoretsua izatea bilatzen dugu askotan. Seriotasuna ez dago modan. Bestela, ez du ia inork ikusiko edo irakurriko. Aspergarria litzateke. Dena.
Eta gaur egun ez gaude aspertzeko. Hainbesteraino non asperdurari deskantsurik gabe egiten diogun tiro. Semaforoa berde noiz jarriko zain gaudela, bideo bat. Komuneko ilaran, meme bat. Arraindegian, audio bat 2x-n. Eskolako WhatsApp taldean, sticker bat. Albiste lazgarri baten azpitik, txorrada ironiko bat.
Ez dakit zenbat gauzak egin behar diguten grazia egunean, baina, badirudi barrea ere aplikazio baten jakinarazpen bihurtu zaigula.
Ping. Ping. Ping.
Kar. Kar. Kar.
Baina barre-barre, zenbat denbora da egiten ez dugula?
Umorez inguratuta bizi gara, baina benetako barrea desagertzen ari zaigulakoan nago. Asperdura hil nahian, barrea bera ere akabatzen ari gara. Barre lasai egiteaz ari naiz. Partekatu, bidali edo gorde ezin den barreaz. Gorputza osorik hartzen duen horretaz. Arnasa kentzen duenaz. Lehen eta azken aldia izango balitz bezala egiten den barreaz. Umeek egiten duten bezain serio. Nekez aurkituko dugu terapia hoberik. Eta doan gainera. Txistea ulertu beharrik gabe.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.