Ibilbide gutxik barne biltzen dituzte botere garaikidearen hainbat kontraesan, Carne Rossenak bezainbeste. Hamabost urte baino gehiago britainiar diplomaziaren gune gogorreko kide izan zen: Bonnen, Oslon, Kabulen eta, batez ere, Erresuma Batuak Nazio Batuen Erakundean (NBE) zuen misioan lan egin zuen, zeinean Ekialde Hurbilarekin, Irakekin eta suntsipen handiko armekin lotutako gai erabakigarrien arduraduna izan zen. Barrutik ezagutu zituen nazioarteko diplomaziaren hizkera opakua, ateak itxita egindako negoziazioak eta askotan erabaki garrantzitsuenen ondorioak jasango zituztenengandik urrun geratzeko diseinatutako sistemaren inertziak.
Irakeko gerrak haustura markatu zuen. Rossek froga konfidentzialak aurkeztu zituen inbasioari buruzko bere gobernuaren ikerketa ofizialaren aurrean, eta 2004an Kanpo Arazoetako Ministerioa utzi zuen, hitzaldi publikoen eta nazioarteko bulegoetan ikusitako errealitate politikoaren arteko distantziagatik atsekabetuta. Uko egite hura ez zen keinu pertsonala bakarrik izan; diplomazia tradizionalaren mugei buruzko hausnarketa zabalago baten hasiera izan zen, erabaki globaletan parte hartzeko eskubidearen jabetzari buruzkoa.
Esperientzia horretatik sortu zen Independent Diplomat erakunde aitzindaria, herrialde txikiei, bazterturiko gobernuei eta nazioarteko foro handietarako sarbiderik ez duten mugimendu politikoei aholkuak emateko. Tartean izan dira, Kosovo, Mendebaldeko Sahara, Marshall Uharteak edo Siriako oposizio demokratikoaren sektoreak. "Mahaian eserlekurik ez dutenentzako diplomazia" gisa irudikatu zuen Rossek egitura. Bere lanak klima-negoziazioetan eta nazioarteko ordezkaritzari, giza eskubideei eta autodeterminazioari buruzko funtsezko eztabaidetan ere eragina izan du.
Baina Ross ez da inoiz funtzionario kritiko ohiaren paperera mugatu. Idazle, saiogile eta aktibista da, eta estatu modernoen funtzionamenduari buruzko begirada deserosoa garatu du. Independent Diplomat (Diplomatiko independentea) edo The Leaderless Revolution (Buruzagirik gabeko iraultza) liburuetan zalantzan jartzen du botere politikoaren kontzentrazioa, eta gizartea antolatzeko modu horizontalagoak eta parte-hartzaileagoak defendatzen ditu. Bere bilakaera intelektualak figura berezi bihurtu du nazioarteko eztabaida garaikidearen barruan, eliteko diplomatikoa izatetik, udalgintzatik eta anarkismo demokratikotik hurbil dauden ereduen defendatzaile izatera pasa da.
Hurrengo elkarrizketan, Rossek itzulingururik gabe hitz egiten du gerraz, manipulazio politikoaz, NBEz, krisi klimatikoaz eta Mendebaldeko demokrazien higaduraz, baita politika egiteko eta boterearekin harremanak izateko beste modu bat irudikatzeko aukeraz ere. Makineria globalaren barruan egon zen eta benetan nola funtzionatzen duen kontatzea erabaki zuen norbaiten testigantza da.
Imajinatu estralurtar batzuei “botereak” nola funtzionatzen duen azaldu behar diezula. Nola egingo zenuke?
Stalinek boterea ulertzen zuen, eta axioma txiki bat zuen: nork nori? Nork egiten dio zerbait nori? Hori da boterearen oinarrizko ardatza: aukeratuko nukeena ez den beste zerbait egiteko gaitasuna. Hori da Bertrand Russellek ere ematen duen boterearen definizioa. Beraz, munduko edozein hierarkia nola funtzionatzen duen, eta non gertatzen den identifikatzen saiatzea da hori, izan enpresa batean, gobernu baten barruan ala, jakina, estatuaren eta bere herritarren artean.
Horiek dira boterearen oinarrizko kokapenak, eta horietako bakoitzaren barruan botere hori ezkutatzeko diseinatutako hainbat mekanismo dago. Izan ere, botereari ez zaio gustatzen bere burua iragartzea, bere legitimitatea bere begien aurrean berresteko agertu behar duenean izan ezik, oso gutxitan alegia. Lan handia da leku desberdin horietan guztietan aurkitzea, hainbat modutan agertzen delako, askotariko mekanismo kulturalen bidez, hizkuntza desberdinen bidez.
Enpresa kudeaketan, adibidez: management-aren diskurtso osoa lantokiko botere-harremanak iluntzeko modu bat besterik ez da. Botere ekonomikoa, jakina, oso esanguratsua da, dirua boterea baita. Diru asko daukagunean, jende asko kontrolatzeko gaitasuna daukagu. Bistakoa dirudi, baina jendeak ahazteko joera du. Pertsona oso aberatsek, literalki, beste pertsona batzuen denbora erosten dute eta, horrela, kontrolatu egiten dituzte. Hori botere erabat kristalinoa da. Beraz, egitura horiek argitzen saiatzen naiz, ez baita gauza erraza. Geopolitikan zentratzeko joera dut, baina ez esklusiboki. Non datza boterea geopolitikan? Ez dago beti argi, eta oso interesgarria da aztertzen saiatzea. Ez dago beti lotuta botere militarrarekin. Botere militarra, jakina, aktore garrantzitsua da, baita botere ekonomikoa ere. Baina badira beste botere mota batzuk, eta botere militarra, adibidez, ez da nahitaez bere erabileraren bidez baieztatzen. Boterearen mehatxua eta militarki boterea nork duen hautematea garrantzitsua da. Horren adibide bat...
Iran?
Horixe. Iranen gertatzen ari da estatubatuarren botere-mehatxua nabarmen murriztea lortu dutela irandarrek. AEBen botere inplizitua, adierazi gabeko boterea, murriztu egin da Iranen gertatu denaren ondorioz. Iran ez da Sobietar Batasuna, Errusia, Txina… baina Israelen eta Estatu Batuen aire eraso konbentzional handi bati aurre egitea lortu du. Eta horrek esan nahi du AEBak garaitu egin daitezkeela, edo behintzat haien erasoei eutsi, eta aukera hori ez zen gerra aurreko kalkuluetan sartzen. Gerra horren aurretik ekuazioa argia zen: Estatu Batuek eta Israelek elkarrekin indar militar ikaragarria dutenez, herrialde bat nahi zutena egitera behartu zezaketen. Irangoak erakutsi du ez duela horrela zertan izan behar. Ukrainak antzeko lezioa eskaini du Errusiari dagokionez, eta hori oso interesgarria da. Hemendik aurrera, mundu osoan, estatubatuarren mehatxua Irango gerraren aurretik zena baino txikiagoa da. Boterea galtzen ari balira bezala jokatzen ari direla dirudi, eta horregatik behar dute zerbait, Trump ari da bilatzen...
“Zilarrezko bala” bat dena amaitzeko?
Bai, etsita dago, baina ez dago zilarrezko balarik. Era batera edo bestera umiliatuko dute. Oraintxe ari dira esaten irandarrei ordaindu behar zaiela gerra gelditzeko, ezta? Teheranen aktiboak desizozten. Horrek esan nahi du Irani diru asko eman behar diozula geldi dadin. Nuklearren inguruko negoziazioak atzeratu egingo dituzte. Hori da Trumpek lortu duena, eta, jakina, lehenago lortuko zutena baino askoz okerragoa da. Barack Obamak 2015ean JCPOArekin (Joint Comprehensive Plan of Action, Obama administrazioak Iranekin sinatutako akordioa 2015ean) lortu zuena baino askoz okerragoa da.
Funtsean, emaitza txarragoa lortu du estatubatuarrentzat.
Bai, akordio okerragoa lortu du. Badirudi Trump ez dela konturatzen oso ezberdina dela New Yorken onibarrak negoziatzea eta Ekialde Ertaineko herrialde batekin arma nuklearren mugak negoziatzea.
“Iranen aurkako gerra zentzugabea da eta okerra izateaz gain, legez kanpokoa da”
Diplomatikoa zara baina zure burua anarkistatzat duzu. Nolako anarkista zara?
Oso baketsua naiz. Ez dut hertsapenean sinesten, batez ere hertsapen militarrean edo fisikoan; ez dut hierarkiaren hertsapenean sinesten, pertsona batzuek besteak gauzak egitera behartzen dituztenean. Zer geratzen zaigu orduan? Konbentzitzea. Nire helburua jendea konbentzitzen saiatzea da. Ez dut uste zaila denik, pertsonak, berez, kooperatiboak garelako lehiakorrak baino gehiago. Murray Bookchinek esaten zuen mundu guztia anarkista dela, eta nahiko ados nago berarekin. Denok izan nahi dugu aske, eta denok nahiago dugu lankidetzan aritu menperatuak izan baino. Horren ebidentzia oso argia da: autoritatea desagertzen denean, lankidetzan aritzen gara. Batzuetan borrokatzen gara, baina, oro har, maizago, lankidetzan aritzen gara. Hori da Kropotkinek aurkitu zuena Siberian barrena bidaiatu zenean. Siberiako herri txikiak ikusi zituen, eta aurkitu zuen herria agintearen erdigunetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta gehiago elkar laguntzen zutela bertako biztanleek. Bestela esanda, autoritateak giza lankidetza ahultzen du. Lankidetza hierarkia baino askoz naturalagoa da. Hori da uste dudana.
Jendearen pentsamoldea aldatzen saiatzen ari naiz, egungo statu quo-aren aurrean alternatiba dagoela erakusten. Une honetan oso deigarria da jende askok sentitzen duen etsipena, gazteek bereziki, itxaropenik ez dagoela sentitzen dute. Ez dute alternatiba koherenterik ikusten. Inork ez die proposatu alternatiba hori zertan datzan, eta anarkismoa hala izan daitekeela sentitzen dut; beraz, haien esanetara jartzen dut. Haien esku dago ea egoki ikusten duten ala ez, nik ez dut inor behartuko. Adibidez, hori da komunismoaren filosofiarekin alderatuta duen funtsezko desberdintasuna: Herritarrak sistema politiko berri batean sartu, eta, ondoren, sistema politiko hori Alderdi Komunistaren bidez menderatzea, baita indarraren eta errepresioaren bidez ere. Anarkismoa beste zerbait da. Esentzian, hertsapenaren ordez jendea konbentzitzea da. Horregatik deitu izan diot batzuetan “anarkismo atsegina”, anarkismoa bortitza dela dioen klixetik urruntzeko ere bai. Batzuentzat anarkisten irudi estereotipatua da manifestariak aurpegia estalita, molotov koktelak jaurtitzen polizien aurka. “Anarkista” terminoa irain politiko gisa erabiltzen da oraindik, eta anarkismoaren interpretazio baketsua aldarrikatzen saiatzen ari naiz.
Jendearen pentsamoldea aldatu behar dugu hortaz anarkismoari dagokionez?
Bai. Zalantzarik gabe.
Zure dokumentalean (Accidental Anarchist) kontatu zenuen New Yorken zeundela 2001eko irailaren 11n. Zer gogoratzen duzu egun hartaz eta zer aldatu da ordutik?
Niretzat funtsezkoa izan zen, inflexio puntua, hainbeste jenderentzat izan zen bezalaxe. Hirugarren Etorbidean nuen etxea, Dorre Bikietatik gertu. Dorreak jo zituen lehen hegazkina nire buru gainetik igaro zen. Erreaktore baten zarata handia entzun nuen, eta hegazkin militar bat zela pentsatu nuen –hegazkin militarrak gustatzen zaizkit, daukadan mania bat da–. Gainera, New Yorken askotan izaten dira erakustaldi militarrak eta Itsas Armadako hegazkinak. Gora begiratu nuenean, han zegoen bi motordun bidaiarien hegazkin hori, Manhattan uhartetik iparretik hegoaldera orroka, dorrea jo zuen lehena. Ondoren gertatu zena izugarria izan zen. Nire bizitzako egunik beldurgarrienetakoa izan zen, oso larrigarria. Nahiz eta, hein berean, oso hunkigarria ere izan zen zentzu askotan. New York normalean nahiko leku oldarkorra izaten da. Pertsonak elkarren artean lehiatzen dira. Eta egun horietan herritarrak benetan elkartu egin ziren. Hainbat astez giza komunitatearen giro izugarri bizia izan zen, elkar babestekoa, baita maitasunezkoa ere, esan liteke. Jendeak irribarre egiten zizun metroan. Oso hunkigarria izan zen. Baina, aldi berean, garai hartan AEBetako Gobernuarekin hitz egiten ari nintzen Iraki buruz. Hori zen NBEko Segurtasun Kontseiluan nuen ardura, eta Washingtonera joatekoak ginen egun haietan. Eta ikus zitekeen. Sentitu eta suma zitekeen: Washington bat-batean aldatzen ari zen, zerbait normal eta arrazionaletik oso egoera emozional batera: “Amerikari” eraso egin ziotela zioen narratiba batera. Narratibaren beste zatia zen –ozen esaten ez zena– gobernuak huts egin zuela bere herria babesteko orduan, eta, beraz, huts egin zuela herritarrekin zuen oinarrizko kontratu sozialean. “Zuek zuen askatasunak lagatzen dizkiguzue, eta guk babestuko zaituztegu”. Hori zen oinarrizko kontratu soziala, eta gobernuak huts egin zuen. Beraz, gobernuak bere legitimitatea berretsi egin behar izan zuen. Herria babesteko gai zela frogatu behar izan zuen eta, horretarako, beste herrialde batzuei eraso egiteari ekin zion. Jakina, ez ziren beren herria defendatzen ari; guztiz kontrakoa egiten ari ziren.
Estrategia militarrari soilik erreparatuta, Afganistan inbaditzea zilegi zen, Al-Qaedak herrialde hori base gisa erabiltzen zuen neurrian. Baina gero, jakina, izuaren aurkako gerra, deitu zitzaion bezala, askoz haratago joan zen. Hainbat lekutan tortura erabili zuten eta 2003an Irakeko inbasioa hasi zen. Horrek ez zuen ez hanka ez buru. Irakek ez zuen zerikusirik terrorismoarekin, baina oso deigarria izan zen buruzagi estatubatuarrak terrorismoarekin lotzen saiatzea. I-11ko bahitzaileetako batzuk Bagdaden entrenatu zituztela esaten saiatu ziren, eta horrelakoak. Gobernuak orduan egiten zuen orok zerikusia zuen bere burua legitimatzeko zuen premia sakon, ia intuitibo eta adierazi gabeko horrekin, betiere indarkeriaren bitartez. Uste dut fenomeno hori ondo dokumentatuta dagoela, bereziki, “gezur noblearen” nozioa. Leo Straussek berpiztu zuen kontzeptu platoniko hori eta AEBetako neokontserbadore gehienei irakatsi zien: batzuetan mehatxu bat asmatu behar da herria mehatxu horren aurka elkartzeko. Eta neokontserbadoreek onartu zuten Iraken mehatxua asmatua izan zela. Ez zegoen benetako mehatxurik, ez Estatu Batuentzat ezta inorentzat ere.
Baina zu diplomatikoen taldeko kidea zinen une horretan, ezta?
Urte askoan aritu nintzen suntsipen handiko armak (SHA) ikuskatzen. David Kelly izeneko arma-zientzialari batek eta biok Segurtasun Kontseiluko beste kide batzuei pribatuan jakinarazten genien Irakeko suntsipen handiko armei buruz genekiena. Guk, diplomatikook, ez genuen inoiz esan Irak mehatxu aktiboa zenik. Estatu Departamentura joaten ginenean ondokoa esaten genuen: “Politika ari da funtzionatzen, Irak ez da gai SHA esanguratsuak sortzeko, eta are gutxiago erabiltzeko edo jaurtitzeko”. Eta hori bat-batean aldatu egin zen. Gobernuak, nireak eta AEBetakoak, esaten hasi ziren baietz, existitzen zirela eta, beraz, mehatxu zirela.
Asmatutako mehatxua izan zen, irailaren 11rekin erabat lotuta. Zalantzarik gabe, irailaren 11 gabe, 2003ko inbasioa ez zen gertatuko. Eta neokontserbadoreak argi xamarrak izan ziren. Paul Wolfowitzekin izandako elkarrizketei begiratzen badiegu, argi geratzen da irailaren 11aren ondoren aukera ikusi zutela Iraken aurka jotzeko, denbora asko zeramatelako hori egin nahian. Saddam Husein diktadore ankerra kendu nahi zuten. Ez zuten mehatxutzat jotzen, diktadore zapaltzailetzat baizik, zalantzarik gabe egia zena. Baina nazioarteko koalizioa eraikitzeko eta gerra herritarren aurrean legitimizatzeko, jabetu ziren argudiatu behar zutela Irak mehatxua zela AEBentzat. Hori, zentzugabea zen, baina prentsa, komunikabideak, gezur horren konplize izan ziren. Inoiz ez zuten egin gobernuaren baieztapen larri horiek egiaztatzeko lanik, oso lan erraza baitzen, guk geuk, gobernuan ginela, kontrakoa adierazi baikenuen hilabete batzuk lehenago: Irak ez zela mehatxu bat.
Nolanahi ere, Irailaren 11ak mezu bikoitz hori helarazi zidan. Alde batetik, krisiak jendea benetan elkartu zuen, eta, are interesgarriago izan zena: ez zegoen inolako mendeku sentimendurik New Yorkeko jendearen artean. Jendeak dio orduan estatubatuarrek mendekua eskatzen zutela, bada New Yorken ez zen horrela izan: elkar zaindu zuten. Baina aste batzuen buruan, Union Square-n, bizi nintzen lekutik gertu, jendea agertzen hasi zen, oihuka, Osama bin Laden hil behar zela eta horrelakoak eskatzeko. Ez ziren newyorktarrak, eta oso arrotz sentitzen genituen. Jakina, egon bazeuden mendekua nahi zuen newyorktarrik, baina hiriko sentimendu orokorra ez zen hori. Errukia gailendu zen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Mendeku nahia gobernutik etorri zen.
Zeintzuk dira munduak une honetan dituen arrisku nagusiak?
Zoritxarrez, batzuk daude. Klima-aldaketa, jakina, mehatxu handia da eta mundua are gehiago ezegonkor dezake; beste edozein baino askoz mehatxu handiagoa da. Planetan leku asko biziezin bihurtuko da eta milioika pertsonek alde egin beharko dute. Herrialdeak ez daude prest hori aitortzeko, eta are gutxiago horretarako prestatzeko. Errefuxiatu edo asilo-eskatzaile deitzen diegu, edo, besterik gabe, migratzaile ekonomiko, baina, egia esan, beste kategoria bat dira: beren etxeetatik kanporatuak izan diren pertsonak dira, leku horiek bizi ezinak direlako. Hori iristen ari da. Hasi egin da.
Kezkarik ohikoena ere badago: desegonkortze geopolitikoa. Trump horren parte da, argi eta garbi, baita Putin ere, eta Xi Jinpingek Taiwani buruz eta Hegoaldeko Txinako itsasoaren nagusitasun inperialari buruz dituen asmoak ahaztu gabe. Bestalde, Iranen eta Ukrainan gertatutakoarekin, beharbada, mezu bat bidaltzen ari zaie potentzia handi horiei eta haien biktima izan daitezkeenei: mehatxua ez da izan zitekeen bezain handia. Gerraren izaera aldakorrak ere eragina du horretan. Tokian toki fabrikatutako armek oso merke indargabetu ditzakete potentzia handien arma sistema sofistikatu eta arras garestiak. Baina ez dago argi; oso egoera aldakorra da. Gauzak oso azkar aldatzen ari dira eta adi egon behar dugu. Trump arrisku handia da, noski; izan ere, hain da arduragabea, hain baldarra… eta prest dago bere aliatuei ere eraso egiteko.
"Jendea oso desilusionatuta dago gobernuekin, kanpo sentitzen dira, eta zerbaitek aldatu behar du"
Suntsipen handiko armen kontuak ere asko kezkatzen nau. Askoz errazagoa da egun eraso masibo batean arma biologikoak edo kimikoak erabiltzea. Adibidez, Madril edo New York gainean Sarin gasa botako duten drone-flota bat mihiztatzea. Orain arteko Suntsipen Handiko Armen zailtasun nagusia hedapena zen. Hori zen beti militarizazioaren erronka nagusia. Eta hori orain askoz errazagoa bihurtu da, droneen teknologiari esker, baita Internetek eta AAk material horien fabrikazioa asko erraztu dutelako ere. Beraz, asko kezkatzen nau halakorik egunen batean gertatzeak, eta hala balitz, ziur naiz munduko gobernuek zuhurtzia galduko luketela eta auskalo zer egiten hasiko liratekeen. AEBak faxismotik gertu xamar daude. Baztertutako asilo-eskatzaileak atxilotzen ari dira. Ez da urrats handia haientzat migratzaileak horrela tratatzen hastea, aurretik Afganistangoek, Ekialde Ertainekoek… ondo dakite hori.
Egungo arriskuen zerrenda luzea da, baina ezin aipatu gabe laga eskuin muturraren gorakada. Kapitalismoaren azken etapetan gaude, haren akatsak oso ageriko bihurtu direlako jendearentzat, bereziki bidegabekeria ekonomikoa eta gutxiengo ñimiño batek gehiengoa menderatzea.
Gaur egun ba al dago ikusten ez dugun internazional faxistarik?
Bai, behin betiko lankidetzan ari dena. AEBetan, MAGA mugimenduak argi eta garbi eragin dio eskuinaren politikari Erresuma Batuan. Politika zehatzei dagokienez, hemen eskuin muturra ari da proposatzen MAGAk eta Trumpek egin dituzten gauzetako batzuk immigrazio legearen aplikazioan, ICEren antzeko zerbait sortzea Erresuma Batuan, kasu.
Elkarlan ideologiko moduko bat ere badago. Estatubatuarrak esplizituak dira: J.D. Vance Hungariara joan zen herritarrak animatzera Orbanen alde bozka zezaten. Guztiz ohiz kanpokoa eta lotsagabea da.
Arrisku handia da ezen une honetan ezkerrak ez baitu alternatiba koherenterik aurkitu kapitalismoaren krisiaren aurrean. Bien bitartean, eskuinak zera dio: “Guk bakarrik ulertzen dugu zapaldua den gizon arrunta”. Zirkunstantziak desberdinak badira ere, 1930eko hamarkadan ikusi genuen patroi bera da.
Hori guztia jakinda, zer espero dezakegu egungo diplomaziatik?
Ez dut ikusten erantzuna berez diplomaziatik etorriko denik. Diplomatikoak, beren izaeragatik, estatuetan oinarritutako sistemaren berezko parte dira. Estatuen ordezkari dira. Beste pertsona batzuei dei diezaiekegu diplomatiko –Angelina Jolie, Bono, edo dena delakoak–, baina nik diplomazialariez hitz egiten dudanean, estatuen ordezkariez ari naiz, eta konponbidea ez da estatuetatik etorriko. Estatuak, zentzu askotan, arazoaren parte dira, eta diplomatikoak, zentzu askotan, arazoaren zati dira. Klima-aldaketa, migrazioa, kutsadura, armen ugaritzea… Nazioarteko krisiei ez diete inolaz ere aurre egin, eta are gutxiago sistema ekonomiko nagusiaren funtsezko arazoari. Hori ez da diplomatikoen kontua, sinets iezadazue.
Beharrezko aldaketak beste leku batzuetatik etorri beharko du, gugandik. Estatuaren, gobernuen menpe egoteari utzi behar diogu. “Nik konponduko ditut gauzak” dioten buruzagien bidea gainditu behar dugu, izan ezkerreko zein eskuineko. Herrialde honetan bertan biak ditugu. Ezkertiar batzuek diote “nire alde bozkatu, aberastasunari zerga bat ezarri eta Osasun Zerbitzu Nazionala hobetuko dut”. Eta eskuinekoek zentzu askotan oso antzekoa den erretorika darabilte. Baina inork ez du egia esaten. Agian ez dakite.
Orduan, zenbateko tartea dugu herritarrok gobernuei presioa egin eta gauzak aldatzeko?
Boterea geureganatu behar dugu. Inork ez digu boterea emango. Gobernuak ez du sekula zera esango: “Mundu guztia ahaldunduko dut bere burua goberna dezan”. Botere hori hartu egin behar da, eta grinatsuki uste dut modu baketsuan, baina irmo, egin behar dela. Hori da erantzuna. Uste dut pertsonek berezko bulkada bat dugula kezkatzen gaituzten gauzez arduratzeko. Izan tokiko eskolaz, ospitaleaz edo dena delakoaz. Geure burua gobernatzeko, gai horietaz arduratzeko eta gure arazoak kolektiboki negoziatzeko oinarrizko eskubidea dugula aldarrikatuz gero, orduan boterea erdigunetik tokikora aldatuko da. Eta, behar izanez gero, zentroa desager daiteke, ez baita beharrezkoa izango.
Horrela gerta daiteke aldaketa. Prozesu luzea da. Luzea eta azkarra aldi berean. Luzea, praktikak eta aldaketa kulturalak denbora asko beharko dutelako, baina azkarra izango da, ideia oso azkar heda daitekeelako zentzu komunarekin bat eginez gero. Gaur egun, hedapenaren fenomenoa oso aldaketa-mekanismo indartsua da. Oso erraz ikus ditzakegu beste pertsona batzuk gauza berriak egiten eta horrek zer pentsatu eman dezake: “Neuk ere egin dezaket hori”. Ideiak azkar zabal daitezke.
Norberaren autonomia baiezta dezakegu eta hierarkiari aurre egin. Menderatzeari aurre egin dakioke hura dagoen leku bakoitzean. Eta nola egiten da hori? Elkartasunaren bidez. Kezka berberak dituzten beste lagun batzuekin bat eginda. Ez da bortitza, ez da hertsagarria. Greba tresna bat izan daiteke lantokian. Batzuetan beharrezkoa izan daiteke zuzeneko ekintza, baina inoiz ez pertsonen aurkako indarkeria. Besteak beste, horrek estatua legitimatzen duelako. Estatuari, zentzu askotan, indarkeria gustatzen zaio, estatua gu babesteko beharrezkoa dela erakusten duelako. Horregatik da terrorismoa hain desastrea eta moralik gabea hainbat testuingurutan: estatuari bere ustezko erabilgarritasuna erakusteko aukera ematen dio, estatuak bakarrik egin baitiezaioke aurre indarkeriari, estatuak bakarrik baitu indarkeriaren monopolio legitimoa.
Badirudi Gazan berpizten ari direla boterea inperial eta kolonizatzaile bihurtzeko gogoak. Trumpek Tony Blair proposatu du Gaza administratzeko. Ekimen neokolonialistak dira.
Horixe da. Dominazio kolonialeko modu berria da, mendebaldarrena, beste leku batzuetako pertsonak menderatzen dituena, normalean beste azal kolore batekoak. Hori herrialde guztiek praktikatzen dute. Txinatarrak Xinjiangen egiten ari dira, errusiarrak Ukrainan egiten saiatzen ari dira, Estatu Batuek Ekialde Hurbilean egiteko joera izan dute, eta Israel orain oso aktibo eta bortizki ari da egiten. Tony Blair bezalako pertsonak dira indar horren ordezkariak. Tony Blair gerra kriminala da. Beharrezkoa ez zen gerra bat abiarazi zuen: hori gerra krimena da, 500.000 pertsona hil zituena. Engainuz egin zuen. Nire esperientziagatik dakit hori, horretan egin nuelako lan. Burdin hesien artean egon beharko luke egin zuenagatik, berarekin lotutako beste pertsona batzuekin batera.
Aznar eta Bush ere bai?
Bai, noski. Ezin zaie nazioarteko zuzenbide humanitarioa aplikatu Ruandako gerrako jaun gutxi batzuei, Jugoslaviako genozidei edo gerra kriminal serbiarrei; unibertsala beharko luke izan. Mendebaldeko justizia Mendebaldekoak ez direnei aplikatzen zaie. Nazioarteko Zigor Auzitegiari egindako kritikak balio osoa du. Eta horri heltzeko modua berrorekatzea da, Mendebaldeko agintari batzuk prozesatu behar dira egin dituzten ageriko gerra-krimenengatik. Israelek Gazan egin duenagatik auzipetu beharko lukete Netanyahu, egin dutena genozidioa baita. Israelek eta Estatu Batuek Iranen aurka abiarazitako gerra ere legez kanpokoa da. Ez da legezkoa herrialde baten aurka gerra abiatzea, etorkizunean mehatxua izan daitekeela uste delako: hori ez da arrazoi legitimoa gerrara joateko. NBEren Gutuna, nazioarteko zuzenbide osoa eta lege morala, oso argiak dira horri dagokionez. Iranen aurkako gerra zentzugabea eta okerra izateaz gain, legez kanpokoa da, nabarmen.
Mendebaldeko Saharan Polisarioarekin eta Rojavan kurduekin lan egiten duzu. Zer gertatzen ari da estaturik gabeko herriekin NBEn? Badirudi ez zaiela jaramonik egiten.
Guztiz zuzena da. Ez dago prozesu esanguratsurik NBEn aberrigabeen arazoari edo autodeterminazioari heltzeko. Mundu osoan asko dira estatu propioa eduki nahi duten pertsona-talde asko, beste herrialde baten nagusitasunetik askatu nahi dutenak. Adibide ugari daude, eta Mendebaldeko Sahara eta Palestina horietako batzuk dira. Palestinaren kasuan behintzat, nazioarteko adostasun ikaragarria dago palestinarrek beren estatua izan behar dutela, muga batzuen barruan bi estaturen irtenbidea egon behar dela; hori oso argi dago. NBEko Batzar Nagusiak iaz onartu zuen ebazpen baten arabera, NBEko herrialde guztiek dute lurralde palestinarren okupazioari amaiera emateko legezko betebeharra. Zentzu horretan, egoera argi xamar dago Palestinan. Beste herrien kasuak, aldiz, ez daude batere argi.
Mendebaldeko Saharan, legez, nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera, autodeterminazioari buruzko erreferenduma egin behar da. Marokok arrakastaz blokeatu du bide hori, eta nazioarteko komunitateak ez du inolako asmorik Maroko behartzeko erreferenduma egin dezan. Gauza bera gertatzen da Kaxmirren. Legez, autodeterminazioari buruzko erreferenduma egin behar dute, baina inork ez du horretaz hitz egiten, indiarren erreakzioari beldur handia diotelako. Baina erreferendumak egin beharko lirateke.
Gustatuko litzaidake autodeterminazioa kolektiboki jorratzeko moduren bat egotea, irizpide batzuk ezartzea autodeterminazio legitimoa zer den zehazteko, besteak beste, beste potentzia baten nagusitasunagatik edo eraginagatik gertatu beharko ez litzatekeena, hala nola Errusiak Abkhazian eta Hego Osetian estatuak sortzea. Eta, jakina, beste funtsezko irizpidea da estatu berrian gutxiengoen eskubideak esplizituki babestea. Kosovon, adibidez –urte askotan egin nuen lan han– gutxiengo serbiarraren babesa erabakigarria da, eta erabakigarria izan zen nazioarteak Kosovo independizatzeko aukera eman zezan. Halere, nazioarteak oraindik ez du erabat onartu, Espainiako Estatuaren antzera. Oso jarrera pobrea da beste herrialde batzuk sufritzea, beren eskualdeekin adiskidetzeko barne-ezintasunagatik. Penagarri xamarra. Baina hori beste istorio bat da.
Biok Rojavan elkarrekin egon ginen, lanean. Han bizi izandakotik abiatuta, egun benetako anarkismoa Rojavan al dago? Eta nola aplika daiteke Rojavako proiektua Europan?
Bai eta ez. Indarkeria militarrak eten egin zuen, Ahmed Al-Sharahren gobernuak Siria ipar-ekialdea inbaditu zuelako. Eta horrek, zentzu askotan, Rojavan gertatu zenari amaiera eman dio. Tragikoa da hori.
"Gizarte-elkartasuna, autogobernua eta autonomia. Hori zen Rojavan arrakasta handiz praktikatzen zena"
Anarkismoa? Rojavan ez lukete etiketa hori onartuko. Murray Bookchinek ekintzan dagoen komunalismoari buruz zituen ideien adibidea da, eta Bookchinek berak azken batean anarkista etiketari uko egin zion, berak bizitza-estiloko anarkistak deitzen zituenak kritikatzen zituelako. Bookchinen ikuspegia eta Siriako ipar-ekialdeko ikuspegia, oso oinarri kolektibo eta komunitariokoak dira: gizarte-elkartasuna, autogobernua eta autonomia. Hori zen Rojavan arrakasta handiz praktikatzen zena. Adibide bat izan zen, eta askok oso serio hartu beharko genuke, baita Ekialde Hurbilean ere. Askotariko erlijio eta etniak behar bezala tratatzen ziren, zuzentasunez eta errespetu handiz, populazio arabiarrek ere gobernu mota hori aukeratu zuten, Assaden diktadura baino lehen. Orain herri arabiarrak jabetuko dira Sharahren gobernua ipar-ekialdean egiten zena baino gobernantza-eredu okerragoa dela.
Ez da perfektua izan. Neurri batean, abangoardiako mugimendua behar izan zuen, baina hori ez da guztiz gertatu. PKK oso bestelako pentsamoldea duen gerrilla mugimendua da. Abdullah Öcalanek konfederalismo demokratikoaren filosofia garatu zuen, hau da, Bookchinen ideiak testuinguru kurduari aplikatuta. Berak ikuspegi marxista-leninistatik komunalistarako bidea hartu zuen, eta hori Siriako ipar-ekialdera eraman zen PKKren bidez. Baina, aldi berean, PKKk bere tradizio ideologiko sakonak zituen, eta ez dira erabat gainditu: nolabaiteko hierarkismo maila, benetako autogobernuarekiko eta autonomiarekiko ez erabateko konpromisoa. Bi gauza horiek tentsioan egon dira Rojavan, baina azken batean sen komunalista nagusitu da.
Rojava bisitatuz gero, nabarmena da eremu autogobernatua dela, batzuetan kolektiboki eskala handiagoan erabakitzen duten tokiko batzarrek gobernatua. Funtsezko beste elementu bat jineolojia da. Emakumeen papera. Emakumeak leku nabarmenetan daude, dela auzitegietan, batzarretan eta beste. Neurri batean, eskualdeko tradizio patriarkalak gainditzeko egindako saiakera da, eta arrakasta handia izan du. Eta hori ere PKKtik dator. Hor borrokalariak berdintasunez tratatzeaz gain, emakumeak lidergoan daude eta PKKren barruan oso indar esanguratsua dira.
Ba al dago inon Rojavaren antzeko adibiderik?
Mexikoko zapatistak hurbiltzen ari dira. Ez dakit askorik zapatistei buruz, baina ideologikoki oso anarkistak dira, eta neurri batean hori ezarri dute kontrolatzen dituzten eremuetan.
Leku txiki askotan ere gertatzen ari da. Munduaren zati handi bat ez dago estatuaren zuzeneko gobernantzaren pean. Mundu osoko komunitate askok beren burua gobernatzen dute arlo askotan. Indian, adibidez, estatu boteretsua dago, baina tokian toki autogobernu komunalista asko egon dira. Ezagutzen dut Haur Parlamentuaren mugimendua, orain Legebiltzar Helduaren mugimendu bihurtzen ari dena. Haurrak asanbladak eraikitzera animatzen dituzte, foroak sortzera, zeinetan jendeak hierarkiarik gabe hitz egingo duen bere komunitatearen arazoak konpontzeko. Horrela, hierarkiarik ezaren eta erabaki kolektiboen ohitura horiek belaunaldi gazteek gara ditzaten helduarora heltzean.
Batzuek argudiatzen dute Somalilandia eredu ia konstituzional anarkista izatera hurbiltzen ari dela. Ni ez nago hain ziur, aldatu egin da urteekin. Estatu independente gisa aitortzeko kanpainaren paradoxetakoa da zentralizatuagoa eta hierarkikoagoa bihurtu dela, eta horrek anarkistek aspalditik azpimarratzen duten zerbait erakusten du: estatuak berez izaera hierarkiko eta zentralizatzailea du. Estatuak ez du deszentralizazioa onartzen, estatuaren beraren izaeran organikoki oso errotuta dagoenean izan ezik, Suitzan bezala, bere eredu federalak arrazoi bereziak baititu.
Baina, oro har, estatuek beren burua maite dute. Sirian ikusi dugu gerrillarien buruzagi batek nola hartu duen Damasko, eta bat-batean munduko gainerako herrialdeek estatuko lider gisa tratatu duten. Beren esperientzia mugatuan uste dute estatu zentralizatua dela egonkortasunerako bidea eta, gobernu hori islamista eta gutxiengoekiko errepresiboa izanik ere, hala diote: “Egonkortasuna nahi dugu Sirian, mundu guztiak bat egin behar du gobernu berriarekin”.
Nazioarteko komunitatearen aldetik oso erabaki inozoa da, baina ez gintuzke harritu behar. Estatuek elkar maite dute, elkar onartzen dute eta ez zaizkie gustatzen autodeterminazioa, zatiketa, eta separatismoa. Halakorik beraiei ere gertatzeak kezkatzen ditu. Horrexegatik ez du Espainiak Kosovo onartzen. Nor ordezkatzen dute zehazki? Estatua izeneko gauza hori?
Hori bat dator teoria eta sinesmen anarkistarekin: estatuak bere buruarentzat egiten du lan, ez herriarentzat. Herriarentzat lan egiten duela dio, baina berez bere buruarentzat egiten du lan. Eta horixe da ikusi nuena gobernuaren barruan egon nintzenean. Horrek ez du esan nahi gauza onik egin ezin duenik –egin ditzake, eta askotan egiten du–, baina bere azken interesa bere legitimitatea babestea da.
Baikorra al zara?
Jende askoren antzera, batzuetan benetako etsipena sentitzen dut, baina, oro har, baikorra naiz, uste baitut aldaketa garaian gaudela eta horrek aukerak eskaintzen dizkigu. Mundu guztiak senti dezake oraingo ezegonkortasuna: oinarrizko egiturak zalantzan daude, demokrazia eta antolatzeko modua barne. Niretzat hori aukera bat da. Duela hogei urte, anarkismoaz idazten hasi nintzenean, jendeak barre besterik ez zuen egiten. “Hara, anarkista zara”. Ez da korronte nagusiaren ildoa, noski, baina jendeak serioago hartzen du. Eta arlo guztietan ikus daiteke jendea gobernu parte-hartzaileaz, herritarren batzarrez eta abarrez hitz egiten. Urrats txikiak dira. Jendea oso desilusionatuta dago gobernuekin, kanpo sentitzen dira, eta zerbaitek aldatu behar du.