“Duela mende bat margotutakoak badu harremana gaur egungo gizarte nahasi eta konplikatuarekin”

  • Lau pareta gorri koadroz josiak, lurretik sabaira ia-ia; Javier Ciga Echandiren obra da. Margolariak berak eginen dizu harrera, 1912an Parisen bizi zela pintatu zuen autorretratuaz. Ia 40 urte geroago beste autorretratu batek agurtuko zaitu aretoaren bestaldean. Batetik besterako tartean, bizitza, esentzia eta egia islatu nahi izan zituen obra topatuko duzu. Kasu, begiradak sumatuko dituzu zuri segika.

Pello Fernández, Cigaren bizitza amaierako autoerretratoarekin batera.Josu Santesteban
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Pello Fernández Oyaregui (Elizondo, Nafarroa, 1957)

Historia ikasi zuen Zaragozako unibertsitatean eta artearen historian beti interes berezia izan du, irakasle zein ikertzaile gisa. Duela 25 urte hasi zen Javier Cigaren ibilbide artistikoa eta biografia ikertzen eta horren emaitza da 2012. urtean Nafarroako Gobernuak argitaratutako Javier Ciga: egien eta esentzien margolaria liburua. Ciga bildumaren komisarioa eta Ciga Fundazioko lehendakaria da.

Gogoan duzu noiz izan zenuen lehen aldiz Javier Ciga eta bere obraren berri?
Betidanik ezagutu dut Ciga, bere familia eta nirea lagun minak izan dira. Gogoan dut txikia nintzenean txunditu ninduela Cigaren obrak, ikusten duzun bezalaxe [inguruko koadroei erreferentzia eginez], txundigarria da.

1877an jaio zen Javier Ciga Iruñean eta 1960an hil zen bere sorterrian bertan. Ama bezala, emaztea ere Elizondokoa zuen eta hiru alaba eta seme bat izan zituzten. Seme-alabetako bat ere ez zen ezkondu eta ez zuten ondorengorik izan, hortaz, heldu zen momentu bat non pentsatu behar zen etorkizunean zer egin obrarekin. Haiek betidanik izan dute oso argi Iruñeko eta Nafarroako ondarea zela eta jendarteari itzuli behar ziotela.

Nola?
Nik, orduan geratzen ziren seme-alabei, Migueltxo eta Gurutzeri, proposatu nien Ciga Fundazioa sortzea, entitate juridiko bat eduki ahal izateko. 2007an izan zen hori eta fundazioaren helburua zen erakusketa iraunkor bat lortu eta bere obra ikertu eta gizarteratu zedila.

Nik beti izan dut garbi ondare hau nahiz eta duela mende bat margotutako ondarea izan, gaur egungo gizarte nahasi eta konplikatuarekin ere baduela harremana; helburua da garai hartan margotutakoa egungo gizartearekin lotzea. Hortxe ikusten dituzu emakume agoteak [koadroa seinalatzen du].

Batere ezagutzen ez duen batendako, kontaiguzu, nor izan zen Javier Ciga?
Ciga ezagutzen ez duenak altxor miresgarri bat topatuko du. Margolari errealista da, baina ez zen errealismoan geratu, errealismo hori interpretatu zuen eta naturalista ere izan zen.

"Bigarrenen autoerretratuan zahartuta dago, begirada tristea dauka, nekatua, grisagoak dira koloreak. 1912koan pletoriko agertzen da, bigarren autorretratu hau egiten duenerako bizitza latza izan du".
 

Cigaren markoaren funtsa gizakia da eta bere obran topatuko dira gizartearen arazoak, marjinatuak, pobreak, lana, amodioa, aisialdia. Pintura historiko eta alegorikoak topatuko dira, eta erretratuak, zer erranik ez. Aldi berean, lehen erran dugun moduan, oso obra garaikidea ere bada.

Bai teknika aldetik, bai gai aldetik oso margolari askotarikoa izan zen, erran bezala, betiere funtsa gizakia izanda. Bere bizitzan eta margogintzan arras koherentea izan zen eta horregatik esaten dut egien margolaria ere badela.

Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Iruñean bertan hasi zen ikasten, baina Madril eta Paris ere bisitatu zituen. Zein izan zen bere ikasle ibilbidea?
Bere ikas prozesua arras interesgarria eta eredugarria da. Garai hartan oso hiri txikia zen Iruñea, 30.000 biztanlekoa, herri bat kasik. Sorterrian bertan izan zituen maisu handien artean daude Carceller [Eduardo] eta García Asarta [Inocencio], eta zortea izan zuen gero, Nicanor Urdanpilleta agertu baitzen bere bizitzan. Urdanpilleta indianoa zen, Cigaren urrutiko familiakoa. Pintorearen 1908ko sanferminetako kartela garaile atera ondotik, Urdanpilletak ikusi zuen potentziala zuen margolaria zela eta bere mezenasgoa eskaini zion.

Mezenasgo horrekin Madrilera joan zen, han San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian egon zen eta han ikasi zuen ikatz-ziriekin margotzen. Gizakiaren anatomia hain menperatzen zuen ongi, ezen gero gainontzeko guztia margotzeko gai izan zen. Horretaz aparte, Prado museoan ere egon zen, kopista gisa. Oso zaila zen bi leku horietan sartzea. Han Espainiako pintura barrokoa ezagutu zuen, Goya eta Velázquez batez ere. Madrilen oso errealitate sozial askotarikoa topatu zuen eta 98ko belaunaldiak Espainiako analfabetismoaren gaitz kronikoaren salaketari eutsi zion. Aurrerapena lortu nahi badugu, hezkuntza ezinbestekoa dela aldarrikatzen zuen Cigak. Erregenerazionismoak esaten zuen bezala: despentsa eta eskola. Lehendabizi jan behar da, baina gero hezi.

Eta hortik Parisera.
Hori da, garai hartan arteen hiriburua zenera. Han paisaia ttiki horiek pintatu zituen [koadroak seinalatzen ditu], baina batez ere agertzen da inpresionismoa. Bera Mont Martren bizi izan zen, Place du Tertren; gaur egun margolariek hor segitzen dute, modelo naturaletatik margotzen. Hor berak inpresionismoaren eta postinpresionismoaren azken arrastoa ezagutu zuen eta hori da margotu zuena: momentua. Margotutako eszena erabat eraldatzen du argiaren trataerak. 

Pariseko Julian akademian egon zen, momentu hartako garrantzitsuenean. Han Jean-Paul Laurens maisu handiarekin egon zen eta olioak egiten hasi zen, koloreekin. Eta orduan hasi zen erretratuak eta biluziak ere egiten. Biluziak momentu horretan Iruñean pintatzea pentsaezina zen, oso jendarte tradizional, klerikal eta militarra zen, eta Paris askatasunaren eta kosmopolitismoaren hiria.

"Bere bizitzan eta margogintzan arras koherentea izan zen eta horregatik esaten dut egien margolaria ere badela"

Gero pintura etnografikoarekin hasi zen.
Hori da. Pintura etnografikoa da bere pintura generoen artean garrantzitsuenetako bat. Hor ikusten dugu [koadroak seinalatuta] sagardian, hor Elizondoko neskatxak, gerora bere emaztea izango den Eulalia Ariztia…  Sagarrak ekonomiaren funtsa ziren orduan eta horregatik daramatzate neskatxek sagarrak saskian. Figurak paisaietan nola kokatu Goyarengandik hartu zuen.
Badira bi eszena etnografiko Iruñeko batzokirako egin zituenak, baina Parisen pintatu zituen, argazkirik gabe, buruz. Batean sokadantza ikusten dugu, eta bestean, mezatik atera berri diren herritarrak plazan.

Horiekin batera, bestelako eszena etnografikoak ere egin zituen: oso esanguratsua da, adibidez, txakolinarena. Orduan Iruñean egiten eta saltzen zen txakolina.

Emakume agoten koadroa iruditu zait indartsuena. Begiradak batez ere.
Bai, marjinazioa islatzen du horrek, marjinazio bikoitza: emakume izateagatik batetik eta agote izateagatik bestetik. Agoteak Pirinioen bi aldeetan egon ziren, baina haien azken zokoa Arizkun izan zen, Bozate auzoa hain zuzen. Marjinazio zentzugabea ikusten dugu hor. Berezia da koadro hori, ez du fondorik.

Elizondoko merkatua irudikatzen duena inportantea izan zen bere ibilbidean, ezta?
Bai. Koadro hori mundu mailako aretorik garrantzitsuenean, Pariseko Udaberriko Aretoan, erakusgai jartzea lortu zuen. Birtuosismoaren aldetik lortzen du espazio erreala margotzea, argi-itzalekin jolasean, Velázquezek Meninak koadroarekin egin zuen bezala. Koadro honetan zu pertsonaien artean mugi zaitezke.

Horretaz aparte, lehen esan dugun bezala, berari interesatzen zaiona gizakia denez, ikusleekin ere egiten du jokoa, lortzen du gu koadroko pertsonaiekin harremanetan jartzea.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Pintura historiko-alegorikoa ere landu zuen, ezta?
Bai. Horiek egiteko Navarro Villosladaren Amaia o los vascos en el siglo VIII obran oinarritu zen. Horietan ikus dezakegu, adibidez, Amagoia, Amaiaren izeba. Garai hartan herri baskoietara heltzen ziren frankoak iparraldetik eta godoak eta islamiarrak hegoaldetik. Amagoiak horien aurrean erresistitu behar zela esaten zuen, bere hizkuntzaren eta erlijioaren defendatzaile zen. Baskoien erlijioa paganoa zen, horregatik egiten zioten gorazarre eguzkiari, ilargiari, Mariri edo ama lurrari.

“Nire seme Asierrek segituko ditu baskoien funtsa eta sena” erraten zuen Amagoiak. Gero eleberrian gertatu zena izan zen bere iloba Amaia, ama baskoia eta aita godoa zituena, Iruñeko lehen erregearekin ezkondu eta Iruñeko Erresuma sortu zela. Momentu horretan euskaldunen sena, neurri handi batean, erlijioa barne, galdu egin zen eta erresuma kristaua fundatu zuten.

Erregeak ere pintatu zituen.
Bai. Horietan ikusten da nola lehendabiziko euskaldunek zeukaten predemokrazia moduko bat, eta orduan, zaharrak –gizonak, noski– ziren agintzen eta erabakitzen zutenak forua hobetu behar zela edo gerra  ala bakea deklaratu. Horietan ikus daitezke Miguel de Goñi, Teodosioren aita edo Aitorren ondorengoak. Pintura aldetik oso inpresionista da, azken finean, margotutakoa orbanak direlako.

Ondoko koadroan agertzen dira berriz zaharrak erregea izendatzen. Erregea ez du Aita Santuak izendatzen, baizik eta aipatutako zahar horiek. Ezkutuaren gainean jartzen da zutik erregea, goratu egiten dute hauek eta inguruan ditu herria, kleroa, noblezia, niniak... Garcia Ximenez da errege hau, 719an kokaturik. Iruñeko lehendabiziko erregea da.
Historian Eneko Aritza da benetako lehen erregea, mende bete geroago, baina Navarro Villoslada, mende bat aurreratzen da bere obrarekin.

"Atxilotu zutenean 
tratu txarrak eta torturak jasan zituen eta ausarta izan zen, publikoki salatu baitzituen”

Zein alde dago aretora sartu eta ongi etorria eman digun lehen autorretratuaren eta berrogei urte geroago egin zuenaren artean?
Bigarrenean zahartuta dago, begirada tristea dauka, nekatua, grisagoak dira koloreak. 1912koan pletoriko agertzen da, bigarren autorretratu hau egiten duenerako bizitza latza izan du. Aldi berean, pozik dago, bere bizitza osoan koherente izan delako bizi pertsonalean, baina baita obran ere. Duintasun horri eutsi zion bere bizitza guztian. Koadro honekin ziklo bat ixten du, bere bizitza ixten du.

Egiten zituen gainontzeko erretratuak norenak izaten ziren?
Bizitzeko eta familia aurrera ateratzeko Cigak dirua behar zuen eta burgesek, adibidez, enkargatu egiten zizkioten erretratuak. Ariz edo Iraburu familiak dira horren adibide. Koadro horietan ikus dezakegu nolakoak ziren haien etxebizitzak, altzariak, jantziak… Informazio historikoa ematen digu Iruñeko burgesiaren inguruan. Ez zen Bilboko burgesia industriala, apalagoa zen Iruñekoa, merkataritzan oinarritua.

Horiez gain, bere familiako kideak, beste herritar batzuk eta pertsona ezagunak ere pintatu zituen: Julián Gaiarre, Pablo Sarasate, Arturo Campion… Argi ikusten da horietan Ciga ez zela geruza fisikoan geratzen, pertsonen barneko mundua eta izaera ere islatzen zituen. Irakasle lanetan ere aritu zen, Ciga Akademia sortu baitzuen bere etxean bertan, Iruñeko Nabarreria kaleko 19.ean, Rozalejo jauregiaren ondokoan.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Pintore izateaz aparte, politikaria ere izan zen.
Bai. Ezin da aipatu gabe utzi bere militantzia politikoa. Oso euskaltzalea izan zen beti eta Iruñeko lehendabiziko batzokian eta La Voz de Navarra egunkari nazionalistan ere ibili zen. 1920an hasi zuen bere ibilbidea Iruñeko zinegotzi gisa, EAJko kide zela. 1923an, Primo de Riveraren diktadurarekin batera Udal Konstituzionalak desegin egin ziren eta, hortaz, zinegotzi izateari utzi zion Cigak, are eta 1930ean kargua berreskuratu zuen arte.

Gero etorri zen Gerra Zibila eta berehala atxilotu zuten, euskaltzale eta jeltzale izateagatik. Kartzelan egon zen orduan urte eta erdiz eta hemezortzi marrazki egin zituen han. Atxilotu zutenean tratu txarrak eta torturak jasan zituen eta ausarta izan zen, publikoki salatu baitzituen.

Bizitza galtzeko arriskua izan zuen, baina oso erlijiosoa eta ona zenez, eskuineko jende batengandik babes handia jaso zuen.

Falangeak berari buruz egindako txostena irakur daiteke.

Horretan ikusten da nola leporatzen zioten errefuxiatuak Frantziako Estatura pasatzen lagundu izana, besteak beste. “Separatista, nacionalista, desafecto al movimiento nacional…”, horrelakoak esaten ditu txostenak eta ideia horiek guztiek benetan erraten dute zer zen Ciga. Faxismoaren eta basakeriaren aldekoek kontsideratzen zuten hori guztia txarra zela. Aberri Egunerako 25 pezeta eman izana ere seinalatzen dute. Ikusten duzu zein delitu handia, ezta?

Kartzelatik atera zenerako 62 urte zituen, ikusmena galdua zuen eta pultsua ere eskas. Pintatzen segitu zuen, baina ez zeukan sormenerako gaitasunik eta dagoeneko eginak zeuden koadroak kopiatzen zituen.

Kartelgintza aipatu dugu lehen momentu batez.
Momentu horretara arte afitxak inprimategiek eta etxe litografikoek egiten zituzten. Iruñean ez zegoen litografia kalitate horrekin egiteko lekurik eta Zaragoza, Bartzelona edota Madrilen egiten zituzten. Haiek euren errepertorio ikonografikoa ezartzen zuten: toreatzaileak, manolak… Baina horiek ez dute zerikusirik Iruñearekin, orduan Cigak hemengo Sanferminak eta Iruñeko giroa islatu zituen karteletan. Klase sozialak ikus daitezke, erraldoiak, Iruñeko benetako jendea… Iruindarrei asko gustatzen zitzaien karteletan ezagunak errekonozitzea, erran dugun bezala, herri bat baitzen Iruñea. 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Pintura kanalean gehiago
2022ko maiatzaren 11
Xabier Morras. Margolaria
“Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da”

2022ko apirilaren 6
Iñaki Imazen 'Alimentación, lencería, bazar' erakusketa
Supermerkatuaren poetikaz

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...