EHUko ikasturte itxiera ekitaldian, jantzi akademikoak sakelako telefonoa gordetzeko lekurik ez zuela-eta sakelakoa aldagelan geratu zen poltsa barruan utzi nuela ikusita, damutuko nintzela esan zidan kideak. Ez nuen telefonoaren falta sumatu, baina konturatu nintzenez, partaide asko agertu ziren mugikorrari begira, ekitaldian jarritako telebista erraldoietan.
Egun gutxi aurretik, ikastolatik pasatu nintzenean ikusi nuen, umeek jolasten zuten bitartean gurasoak solastatzen ari ginen patio horretan, haurren zain zeuden helduak pantailari pega-pega zeudela, bakoitza bereari. Tabernan, antzeko irudia, heldu talde bat trasteari begira. Zer esan garraio publikoan edo itxoite-aretoetan…
Gazteen pantailen menpekotasuna omen da arazoa, baina beharbada fokua ez dugu ondo bideratuta, eta horretaz hitz egiten dugu ondoko solaskideari so egiten ez diogun bitartean, edo umea entreteni dadin mugikorra pasatzen diogularik (haur-kotxeetan ere badaude telefonorako euskarriak).
Baikortasunerako tartea eman zidan nerabe talde batek; barre artean, pantailak jolasean sartzen zituzten, hori bai, zarata handia eginez eta mugikorrari begira zirenak molestatuz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.