Miren Etxezarretari esker

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ekainaren bigarren astean Ekonomia Kritikoaren Jardunaldiak egin ziren Bilbon. Bi urtez behin antolatzen dira 1987az geroztik, eta aurtengoa hogeigarren edizioa izan da. Urte hauetan guztietan marxismoaren eta ikuspegi heterodoxoen topagune nagusietako bat bihurtu da, eta aurten 300 kide baino gehiago bildu gara.

Ekonomia fakultateetan ia soilik ekonomia neoklasikoa irakasten da: frogatutako kontraesanez beteriko ikuspegi bat, munduaren funtzionamendua karga ideologiko handiko eredu multzo batera murrizten duena, betiere ordena kapitalistaren aldeko ondorioetara iritsita. Munduaren funtzionamendua ulertzeko modu jakin bat aurkezten da neutroa eta zientifikoa balitz bezala, nahiz eta hamarkadetan haren gabezia enpiriko ugari agerian geratu diren. Horregatik dira hain garrantzitsuak horrelako topaketak: ezagutza partekatzeko, eztabaidatzeko eta sareak ehuntzeko aukera eskaintzen dute.

Aurtengo jardunaldietan omenaldia egin zitzaion Miren Etxezarretari, Ordiziako ekonomialari marxistari. Arrazoi ideologikoengatik kanporatua izan zen Euskal Herriko Unibertsitatetik Frankismo garaian, eta urte luzez irakasle izan zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

Mirenek sarritan esaten zuen Marxekin ikasi zuela zergatik dauden aberatsak eta pobreak. Hain sinplea dirudien galdera horrek ekonomiaren muinera garamatza

Bartzelonan Seminari d’Economia Crítica Taifa sortu zuen. Akademiatik kanpoko espazio horretan, belaunaldi askotako ekonomialari gazteek fakultateetan ezkutatzen zitzaigun pentsamendu ekonomikoaren historiaren zati handi bat ezagutzeko aukera izan genuen. Hori guztia Mirenen eta beste hainbat lagunen eskuzabaltasunari esker izan zen posible: modu militantean, inolako ordainsaririk gabe, irakurketa taldeak antolatu, dinamizatu eta ezagutza partekatu zuten.

Mirenek sarritan esaten zuen Marxekin ikasi zuela zergatik dauden aberatsak eta pobreak. Hain sinplea dirudien galdera horrek ekonomiaren muinera garamatza. Ziurrenik, gutako askok galdera horri erantzun nahi geniolako ekin genion ekonomia ikasteari. Eta gaur egun ere erantzun hori aurkitu gabe egongo ginateke Miren bezalako pertsonengatik ez balitz.

Niretzat, gainera, Miren erreferentea izan da beste arrazoi batengatik ere. Ekonomia bezain eremu maskulinizatuan, emakume ekonomialari marxista bat ezagutzea funtsezkoa izan zen. Askotan ahaztu egiten zaigu zenbateraino baldintzatzen gaituen eredurik ez izateak.

Ez da erraza bazterretatik lan egitea, ezta gaur egun marxista izatea ere. Baina Bilbon ikusi genuen bezala, hamarkadetan egindako lan isilak fruituak ematen ditu. Mirenek belaunaldi oso bati erakutsi digu ekonomia beste modu batera pentsatzen, galderak egiten eta errealitatea ulertzen. Horregatik, agian, omenaldirik ederrena aretoan ikusi zena izan zen: haren ideien bidez trebatutako pertsona ugari elkartuta, eztabaidatzen eta lanean jarraitzeko prest. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Ekonomia
ASTEKARIA
2026ko ekainaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...