Magiarako eskubidea

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bird  (Txoria)
Andrea Arnold (2024)

Zer: Filma
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 119 minutu
Non ikusi: Filmin 

------------------

Suposatzen dut errazkeria dela maite dugun jendea eder ikustea. Baina uste dut hurbilean beti izan dudala argazkietan ondo agertzen dakien jendea. Jende ederrez inguratuta nagoela ere esan nahi dut. Eta esan nahi dut edertasun hori gestionatu ezinean harrapakari poetiko bihurtzen naizela, klis eta klas. Parekoak aspertu arte betetzen ditut karreteak edo mugikorreko memoria. Irriño bat, udaberriko argia azalean edo izara artean kiribildutako laguna… Magia bi dimentsiotan. 

Ba harago doa Andrea Arnold zinegile britainiarra. Kaiola itxurako zubi batean aurkeztuko digu Bailey (Nykiya Adams). Mugikorrarekin txoriak filmatzen ari da. Kalatxori bat hurbilduko zaio ondora eta irribarre egingo dio, baina azkar aldatuko du keinua gazteak. Bekozko iluna jarriko baitio kamisetarik gabe patinete elektrikoan bila datorkion aita (Barry Keoghan) gogaikarriari. Filmeko lehenengo kantua entzungo da orduan bozgoragailutik, Fontaines D.C. taldearen Too Real. Interpelazio punki bat ikusleontzat: auzoko bizitzen segida bat dardaratutako irudietan, abiadura bizian doan patineteko musikak distortsionatua. Is it too real for ya?
Etxe okupa batean bizi dira. Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekuan. Eraikineko hormak margoz beteta daude eta jendea uneoro dabil gora eta behera. Zintzilikatutako izaren artean gotortzen da protagonista eta telefonoko irudiak oihalezko paretetan proiektatzen ditu. Mundu eta heldu disfuntzionalekin gogaituta, bakardadearen kontra, bere lekuaren bila dabil.

Aitarekin hasarretu eta eguna etxetik kanpo luzatuko du Baileyk. Birdekin (Franz Rogowski) egingo du topo orduan, helduen mundutik urruntzen den pertsonaia kaletarrarekin. Gona darama eta berbakera ere berezia du. Lilura hedatzen duten keinuekin, ezezagunekiko mesfidantza gainditu eta elkar akonpainatuko dute. 

Laino ilunak, indarkeria eta mina daude Tamesis ibaiaren inguruan. Desgrazia eta bizigogoa konjugatzeko Arnolden gaitasunaren beste erakustaldi bat da Bird. Zuzendariaren lanetan behin baino gehiagotan ikusi dugu errealitate hori: bakoitzak ahal duena egiten du eta ahal duen moduan moldatzen da, baina denok dugu magiarako eskubidea. 

Gogoan dut duela urte eta piku, Durangoko Zine Klubean jende ederrarekin film hau elkarbanatu izana. Gerora ere atera izan dugu erreferentziaren bat elkarrizketetan eta soinu bandara itzuli gara maiz. Batzuetan gogoratzea kostatzen zaigun arren, ipuin hiritar honen distira instalatu zitzaigula esango nuke. Guk ere bilatzen baitugu edertasuna kalatxorien hegaldietan eta lilura lagunen keinuetan. Magia dimentsio guztietan. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...