Zenbait epailek behin eta berriro gogorarazten digute euskara bigarren mailako hizkuntza dela: gaztelania bezain ofiziala bai, baina gaztelania bezain baliozkoa ez.
Hori dela eta, arduratuta dabiltza euskalgintza, gehiengo sindikala eta, azkenean, gehiengo politikoa ere. Azken horiek hain daude arduratuta, ze legea aldatzeko proposamenak egin dituztela, bakoitzak berea, epaileek euskara bigarren mailako egiten jarraitu ez dezaten.
Epaileei begira ari garela, oharkabean doazkigu administrazioek euskaldunon hizkuntza-eskubideen kontra hartzen dituzten erabakiak. Esaterako, Hezkuntza Sailak. Bitxia da Hezkuntza Saila. Jarraitzen du gaztelaniaz lan egiten eta azken uneko produktua euskaratzen; jarraitzen du bere egunerokoan euskara bigarren mailakotzat jotzen.
Duela ia hiru urte, hezkuntza legea aldatuta, ebatzi zen aurrerantzean ikasle guztiek euskaraz B2 maila lortuko zutela. Baina helburu hori lortzeko behar diren baliabideak, horiek ez daude. Pentsa: euskara barnetegiak, eremu ez euskalduneko umeek hain beharrezko dauzkatenak, oparia dira; ez aukera, ez eskubide. Esaterako: DBH 1eko gure ikasleak aurten barnetegira joan direlako, datorren urteko ikasleak ezingo dira joan. Erabaki injustuagorik ba ote?
Amaitu berri den Lanbide Heziketako izen-ematean, Hezkuntza Sailak, jakinaren gainean, urratu egin ditu indarrean diren legeak eta ikasle euskaldunen hizkuntza-eskubideak
Are larriagoa: amaitu berri den Lanbide Heziketako izen-ematean, Hezkuntza Sailak, jakinaren gainean, urratu egin ditu indarrean diren legeak eta ikasle euskaldunen hizkuntza-eskubideak: berak erabaki du zer ziklo emango den A ereduan soilik, eta ikasleei ez die horietarako D eredua aukeratzen utzi.
1982ko euskararen legeak, 15. artikuluan hauxe dio: "Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea irakasmaila guztietan". Lanbide Heziketako ikasleei ukatu egin die eskubide hori.
2018ko Lanbide Heziketaren legeak 27. artikuluan dio ikasleei "bermatu" egingo zaiela institutuan ikasten zuten hizkuntzan ikasten jarraitzea; hau da, D ereduko ikasleei euskarazko Lanbide Heziketa bermatuko zaiela. Hezkuntza Sailak mugatu egin du eskubide hori.
Hezkuntza Sailak legedia urratzen jarraitzen du. Bere legedia, Eusko Legebiltzarrean onartutakoa. Gehiengo politikoak aldatu gura duen legedia bera. Eta beti, beti, beti, euskaldunon hizkuntza-eskubideen kontra urratzen du.
Nonbait, zenbait epaileri bezala, euskara bigarren mailako hizkuntza zaio: gaztelania bezain ofiziala bai, baina gaztelania bezain baliozkoa ez.
Argi dago: legea aldatze hutsak ez dizkigu eskubideak bermatuko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.