Harainditik honaindira

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ni, laiko
Markos Zapiain
Alberdania, 2025

--------------------------

Modu originalean ondu du Markos Zapiainek Ni, laiko saiakera: aukera zitzakeen joskera guztien artean, erlijio-autobiografia hautatu du bere pentsabideen hari gidaritzat. Hori, ostera, ez du apeta soilez egin, idazmolde horri esker bi joerari egin baitio iskin: abstrakzio soilari, batetik; eta adimen artifizialaren diskurtso gezari, bestetik. Hala, etapaz etapa azaldu ditu zenbait erlijio eta sinesmenekin izan dituen harremanak, nahiz eta katolizismoari eskaini dizkion orri gehienak.

Liburu-atalek abstraktutik konkretura jotzen dute. Lehenik, erlijioa nola ulertzen duen azaldu du: “Giza talde batek partekatzen duen sinesmen multzo bat, haraindikoari munta handiagoa ematen diona honaindikoari baino (…), arimari gorputzari baino” (15. or.); bigarrenik, “Mutiko”-tik “Gazte”-ra hartzen duten ataletan, askotariko irakurketak ditu aipagai, bai intelektual fededunenak, bai filosofo kritikoenak; azkenik, filosofia irakasle eta zuzendari lanetan bizitako pasadizoak aletu ditu, eta fokua jarri du erlijioak hezkuntza-arloan sortutako kalte eta bidegabekerietan. Zalantzarik gabe, teoriaren eta praktikaren arteko uztardura hori da lanaren alderdi esanguratsuena.

Horrez gain, agerian uzten du aldebikoa dela autorearen irakurketa. Batetik, aditzera ematen du sinesmenak izan dezakeela plazebo-efektu suerteko bat, bizitzari eusteko hauspoa eman diezaiokeena fededunari. Baina, bestetik, hezkuntza publikoaren eremuan ezartzen du Zapiainek marra gorria. Hain zuzen ere, zuzendari-funtzioak emandako ikuspuntu zabala izan zen beretzat Hezkuntza Laikoan militatzen hasteko akuilua. Autorea, hortaz, ulerkorra da sinesmenen funtzio existentzialekin, eta, aldi berean, kritikoa erlijioak erakunde publikoetan duen salbuespeneko tokiarekin. 

Hala, luma zorrotzez idatziak dira hezkuntza publikoari buruzko pasarteak. Horietan, agerian uzten ditu katolizismoak oraindik ere dituen abantailak eta inertziak, hala nola: taldeak osatzeko erraztasuna; irakasleen aukeraketa zalantzazkoa; gainjartze moralaren arrastoak; eta, bereziki, katolizismoaren asmo pribatu eta segregatzaileek ekartzen duten gastu publikoa. Saiakerak ondo islatzen du afera horien larritasuna, eta pisuzko arrazoiak ematen ditu behin betiko laikotasunaren alde.

Zentzu horretan, liburuaren indarguneetako bat da ez dela teoria hutsean gelditzen; aitzitik, gogoetak gaurkotasun handiz eta gure hezkuntza-sistemaren testuinguruan mamitzen ditu. Horrek indarra eta egokitasuna ematen dio testuari, nahiz eta batzuetan faltan sumatzen den autoreak zenbait intuiziotan gehiago sakondu ez izana (ikuskizunaren eta egungo erritu erlijiosoen arteko balizko ahaidetasuna, kasu). Dena den, itxurazko gabezia horiek hausnarketa-eremua ondo zehaztu izanaren ondorio dira; eta, hain zuzen ere, horri esker eusten dio saiakerak hasieratik bukaerara duen orekari eta koherentziari.   


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...