Gaudíren etorkizuneko inbertsioa

Bartzelonako Familia Santua 1915ean, haurren bisitak abiatu ziren garai beretsuan. Argazkia: Arxiu Municipal de Barcelona
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Bartzelona, 1914. Antoni Gaudí arkitektoak, beste proiektuak baztertu eta Familia Santua eraikitzeko obrak zuzentzeari ekin zion esklusiboki. Berez, tenplua eraikitzeko enkarguari 31 urte lehenago heldu zion, 1883an, baina hamarkada horietan beste proiektu  modernista batzuetan egin zuen lan aldi berean. 1914tik aurrera, buru belarri jardun zuen obra erraldoian eta, gainera, urte berean, ekimen berezi bat jarri zuen abian: Bartzelonako haurrentzat bisita gidatuak antolatzen hasi zen. Eta bisita horiek gidatzen jarraituko zuen 1926an hil zen arte.

Bisita horiei buruzko dokumentazioa Joan Martí Matlleu Gaudíren idazkariaren artxiboan egon da gordeta, eta, berriki, Chiara Curti arkitekto eta ikerlari italiarrak eman du argitara Sàpiens historia aldizkari katalanean.

Bisitak hasi zirenean, proiektua kinka larrian zegoen. La Hormiga de oro aldizkariak jaso zuenez, 1915ean, “obraren defizita 30.000 pezetara iritsi zen, eta elizbarrutiko prelatua buru zuen batzorde eraikitzaileak lanak aldi baterako etetea erabaki zuen”. Baina obrak aurrera jarraitu zuen eta langileei ordaintzen jarraitu zuten. Horretarako, Gaudík zegokion ordainsariari uko egin zion, eta inguruan ere diru eske ibili zen; diru-ekarpen gutxi batzuk lortu zituen, eta ezezko asko. Izan ere, loraldi ekonomiko betean zegoen hiriak bizkar eman zion obra garesti, amaigabe eta, gehienentzat, ulergaitzari.

Baina Familia Santuaren ateak balizko inbertsoreei ireki ordez, hiriko biztanle ahul eta pobreenei irekitzea erabaki zuen arkitektoak. Obrak bisitatzen lehenak Bartzelonako Karitate Etxeko haurrak izan ziren. Ondoren, hiriko eskoletako mutikoei luzatu zieten gonbita, nesken eskolei, aurrerago, eta irakasleei eta amei ere bai. Garbi zegoen umeak eta emakumeak inguratuta Gaudík ez zuela sosik lortuko. Eta ez zien dirurik eskatzen, bisitaldiak eragin ziena idatziz jasotzea baizik.

"Denetik ikusi dut"

Gorde diren testuei esker dakigu bisita horiek nolakoak ziren. Hiritarrek gogor kritikatu zuten, adibidez, eskultura eta egitura amaitugabeak orubean barreiatuta egotea, baina elementu haiek bisitaldiak girotzen eta haurrei Gaudíren munduan sartzen laguntzen zien. “Denetik ikusi dut”, idatzi zuen Joan Bosch i Prats 15 urteko nerabeak, “oilarrak, oiloak, usoak, arkumeak eta orotariko hegaztiak, zezen buruak, bi anaia biki… igeltsuzko figurak dira, gero harriz berregiteko desegiten dituztenak. Eta ezjakinek diote denbora eta diru galtzea dela hori”.

Familia Santuaren ateak balizko inbertsoreei ireki ordez, hiriko biztanle ahul eta pobreenei irekitzea erabaki zuen arkitektoak

Arkitektoak apaltasunez jarduten zuen bisita haietan, bere buruari garrantzirik eman gabe; testuetan ageri da gizon hark “bizar oso luzea” zeukala edota “azalpen asko ematen” zituela, baina inor gutxi gogoratzen zen haren izenaz.

Badakigu, esaterako, gorputza erabiltzen zuela bere azalpenetan; haurrak lurrean etzanarazten zituen, eta besoak zabaltzeko eskatu, elizaren oinplanoa barneratu zezaten. Eta hainbat testutan ikusten da arkitektoa minduta zegoela  "helduek" Familia Santuarekiko zeukaten jarrerarekin, eta min hori haurrei transmititu ziela: "Hiri honetako biztanleek, itxuraz, ez dakite artelan hau miresten", dio E. Raholak idatzitako testuak.

Aipatutako La Hormiga de oro aldizkariaren artikuluak zioenez "bi urteren buruan zorrak kitatzea lortu zuten, lanak eta langileen ordainsariak eten gabe". Baina Gaudíren lorpena harago iritsi zen. Bazekien lanak asko luzatuko zirela, bera hil ondoren ere, eta epe luzera inbertitu zuen bere denbora, etorkizuneko belaunaldien mentalitatea aldaraziz, Familia Santua bere egin zezaten. Eta, hala, gizarteko zati ustez ahulenak eman zion hiriko elite aberatsek ukatu zioten bermea. 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...