Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatuz elkartu gara milaka euskaltzale Bilbon lehenengo eta Iruñean ondoren, Kontseiluak deituta. Hantxe egon naiz, egon gara. Giro beroa benetan, grinatsua, euskaltzalea, kementsua ere bai. Hemendik aurrera, guztion konpromisoa beharko, estrategia beregaina, sinergia, antolaketa, herri indarra eta boterea. Eta ekin, ekin beti, lortu arte.
Zer da, baina, orain egin behar duguna?
“Izan Iparraldean, izan Hegoaldean, bakoitzean diren hizkuntza bien arteko berdintasuna”, dio zenbaitek; espainiera eta euskara berdindu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian; euskara eta frantsesa maila berean jarri Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina hori ez da inondik inora errealista, ezta? Garai batean saldu ziguten “elebitasun” hura bezain irreala da. Otsoa eta ardia ezin dira adiskidetu, ez maila berean jarri sekula.
“Hurrengo hamar urteetan 300.000 euskaldun gehiago lortu”, euskal pizkundearen helburu zehatz moduan. Baina kontua ez da desio bat agertzea. Euskara ezingo dugu berpiztu ez badugu horretarako euskal kultura sistema propio osoa antolatzen, beregaina, indartsua. Asimilazioaren eta integrazioaren garaian jarri gaituztenean, nola lortu behar dugu, bada, pizkunde berria? Hori da benetako gakoa gaur. Zer estrategia garatu behar dugu? Orain pairatzen dugun egoera irauli beharko dugu, oldarraldi etengabea geldiarazi eta asimilazio eta ordezkatze egoera honetatik euskararen pizkundera eta garapenera abiatzeko.
Indar metaketa euskaltzalea beste nonbait lortu behar dugu, zorionez ugaltzen eta esnatzen ari diren herri erakunde euskaltzaleetan
Esan ditzagun gauzak argi: hori lortzeko, ezinbestekoa dugu jarrera aldaketa sakona. Estatu eta hizkuntza kolonizatzaile bien aurrean dugun jarrera kolektiboa arras, guztiz, zeharo aldatu behar dugu. Ezin dugu “elkarbizitzaren”, “aniztasunaren”, “kontsentsuaren” eta enparauen izenean, estatu bien eta horien menpeko zerbitzarien estrategia asimilatzaile, likidazionista, linguizida legitimatu. Esnatu ala hil, horixe da berriro ere aurrean dugun hautua. Orain pairatzen dugun larrialdiaren maila hain da kritikoa, ezen, kontsentsuaren izenean, gure arlo eta habitus propioak estatu bien sistemekin sintonian jartzen jarraitzen badugu, beraien logika sistemikoak onartu eta bertan kokatuta, gureak egin duela, modu gordinean esanda.
Hiru helburu zehatz markatu behar ditugu. Lehena, lurralde euskaldunetan, arnasgune deituetan, euskaraz bizi ahal izateko neurriak hartu. Euskararen eskubide kolektiboa lehenetsi eta berau bihurtu bizi-hizkuntza, biztanle guztiak ezinbestean bereganatu beharrekoa. Bigarren helburua, euskal kultura polisistema osatu, horren osagarri guztietan: euskal hezkuntza sistema, literatura, arteak, komunikabideak, zientzia eta akademia, sinboloak, mitoak, kirolak, merkatua, instituzioak elkarlotuta sistemen sistema berean.
Hirugarren helburu estrategikoa: euskararen hedapena helburu hartu Euskal Herri osoko lurraldeetan eta euskal diasporan. Euskararen ofizialtasuna lortuta eta erdal sistemen garapen inposatuekin lehia bizian, euskarari espazio propioak eskainita.
Hori guztia ez da etorriko gaur, orain eta hemen, euskal alderdi politikoen eskutatik eta lehia taktiko elektoraletatik, tamalez. Jokabide horiek integrazioan eta asimilazioan sakontzea besterik ez dakarte. Indar metaketa euskaltzalea beste nonbait lortu behar dugu, zorionez ugaltzen eta esnatzen ari diren herri erakunde euskaltzaleetan, euskal sindikatuetan, herritarren mobilizazio etengabeetan, desobedientzia eraikitzailean, naziogintza estrategia positiboetan. Horra euskaraz bizitzeko behar duguna lortzeko bidea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.