Usoa otso

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Erabateko turistifikazio prozesu basati baten erdian, Loiuko aireportua handitzeko proiektua aurkeztu du AENAk urte honen hasieran, 2027-2031 plan estrategikoan, hain zuzen.

Air Bilbao bezalako taldeek, zeinaren helburu nagusia Bilboren marka nazioartean zabaltzea eta bultzatzea den, belarriekin txalotu dute plan estrategiko berria. 2025ean aise gainditu zuen 7 milioi bidaiariren langa eta aireportua handitzeak urte gutxian ia bikoiztea ere aurreikusten du.

Handitzea hurrengo alderdietan irudikatuko da: sei pasarelatik –terminala eta hegazkinak lotzen dituzten korridoreak– hamabira pasatzea, aparkalekuen handitze nabarmena, hegazkinen lurreratze plataformak 25.000 metro koadro gehiago izango ditu, eta karga hegazkinen aldeko apustua egingo da, zentro logistiko berriak eraikita.

1940an hasitako lurraren artifizializazioaren norabide berean sakontzen jarraituko du horrela. Sondikako herriaren zati handi bat guztiz desagertu baitzen garai horretan. Gainera, Derioko udalerrian dauden 48 baserri, 150 hektarea, linbo juridikoan daude obrarik egin ezinda balizko handitze bat dela eta.

Ez dezagun ahaztu Loiuko aireportua handitzeak oraindik zentzu txikiagoa duela hegazkina garraiobide guztien artean kutsakorrena denean, gurutzaontziekin batera

Baina plan honekin egingo den benetako jauzia bertako aktibitatean egingo da. Egunero hegazkin gehiago izateak, hegazkinek eragiten duten zarataren maiztasunean eragingo du, autoen joan-etorriak handitu autoz heltzeko pentsatuta dagoen aireportura, eta nola ez, Bilbon eta inguruko helmuga turistikoetan, oro har, auzoen gentrifikazioan, kulturaren merkantilizazioan eta naturguneen degradazioan eragingo du.

Eta apustu erraldoi hori egingo da, eguraldiaren baldintza haizetsuak direla eta, urteko hegaldien %3 bertan behera geratzen den toki arriskutsuan; datu esanguratsua inguruko beste aireportu ezagunekin konparatzen badugu, eta are esanguratsuagoa, %3 urtean 1.500 hegaldi inguru direla esango bagenu. Madril-Barajas aireportuak, adibidez, hegaldien %1 baino gutxiago uzten ditu bertan behera. Gainera, ez dezagun ahaztu handitzeak oraindik zentzu txikiagoa duela hegazkina garraiobide guztien artean kutsakorrena denean, gurutzaontziekin batera. Planteatzen duten moduan eta testuinguru honetan, nola izan daiteke lehentasun aireportua handitzea?

Argi dago erabakiak hartzen dituztenek eta lehentasunak markatzen dituztenek Bizkaiaren loriaren lilurak itsututa hartzen dituztela, horrek dakartzan kalteak kontutan hartu gabe, sozialki zein ekologikoki. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...