Lagun batek, erdi filosofiko jarri ginen batean, honakoa esan zidan: “Zein gizatiarra den teknologia erabiltzea”, eta segundo batean nire burutik pasatu ziren ikasle garaian ikasi nituen hainbeste gauza: silexeko labanak, sua egiteko teknikak, ortua ereiteko lanabesak, motorrak, makinak, armak, ordenagailuak... Baietz pentsatu nuen, berezkoa dugula gizakiok teknologiak sortzea eta erabiltzea. Baina gaur egun dugun panorama teknologiko azelerazionista gogoratzerakoan, esaldi horrekin apur bat izutu nintzela aitortu behar dut.
Atzo egun beroa izan zen, familiako haurrak kuboak urez bete eta euren artean botatzen ibili ziren; arratsalde lasaia eta polita igaro genuen. Etxerako bidean, lagunak esandakoa amaitu gabe egon zitekeela pentsatu nuen: “Zein gizatiarra den teknologia erabiltzea, bizitza onak izateko bidean”. Horrela, esaldiarekin erosoago sentitzen hasi nintzen, teknologiak bizi-baldintza hobeak izateko helburuz sortzen ditugula sinisteko beharrak gidatuta.
Orduan, zergatik bizi gara zapalduak izan gaitezen diseinatuak diren teknologiez inguratuta? Baliteke, arazoaren erroa izatea bizitza on bat izatearen espektatiba oso desorekatua izatea gizakume batzuetatik besteetara. Azken aste honetan desoreka horietako asko telebistan ikusi ditugu: Fifako jabeek futbol mundiala ulertzeko duten modua, Trumpek bere urtemugarako egin duen ring-a Etxe Zuriaren aurrean, SpaceX burtsara ateratzearekin aberatsagoa bihurtu dela Elon Musk...
Horiek guztiak kontziente ote dira, haientzat bizitza on bat izatearen espektatiba asetzeko sortzen dituzten teknologiek pertsona asko zapaltzea eskatzen dutela? Pertsona askoren gizatasunaren esperientzia pixkanaka-pixkanaka alboratuz, txikituz, lausotuz, euren makinaren pieza bat bilakatu arte?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.