Niedertiefenbach (Alemania), duela 5.000 urte inguru. Indibiduo bat ehortzi zuten bertako nekropolian. Haren semea, aldiz, Sorsumeko hilobi megalitikoan ehortzi zuten, aitaren hilobitik 250 kilometrora. Kieleko unibertsitateko ikerlariek, orotara, Neolito aroko Alemaniako hainbat hilobitan ehortzitako 203 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, eta ezusteko emaitzak Science aldizkarian argitara eman.
Duela 5.600 eta 4.800 urte artean, Europako lehen nekazaritza-komunitateak megaegiturak eraikitzen hasi ziren, pisu handiko harriez egindako dolmenak eta korridore-hilobiak. Orain arte, besteak beste, Irlandako eta Suediako aztarnategietan aurkitutakoa oinarri hartuta, hilobi horietan familia bereko kideak ehortzen zituztela uste zen, eta arkitektura megalitikoa kontinente osora migrazio masiboen bidez zabaldu zela. Baina 203 azterketa genetiko horiek oso bestelako erantzunak eman dituzte.
“Frogatu dezakegu duela 5.000 urte Erdialdeko Europako komunitateetan lotura biologikoek eta harreman sozialek ezusteko malgutasuna zutela”
Ikusi dute elkarrekin ehortzitako hildakoek ez zutela zertan odol berekoak izan, eta, alderantziz, aita-semeen adibidean bezala, zenbaitetan leinu berekoak ehunka kilometrora ehorzten zituztela.
Hilobi berean topatu dituzte aurreko harremanetatik sortutako seme-alabak, haur adoptatuak, inolako ahaidetasun genetikorik izan gabe ere lotura afektibo estuak zituzten pertsonak… Familia egitura moderno anitzagoak gogorarazten dituzten ezaugarriak dituzte, familia “tradizionalaren” oinarri sakonak ezbaian jartzen dituztenak. “Frogatu dezakegu duela 5.000 urte Erdialdeko Europako komunitateetan lotura biologikoek eta harreman sozialek ezusteko malgutasuna zutela”, dio ikerlanaren koordinatzaile Ben Krause-Kyorak.
Gainera, ikerlanak agerian utzi du Erdialdeko Europako Neolitoko komunitateek, eta Mendebaldeko Europakoek –Britainiar uharteetakoek edo Iberiar penintsulakoek, nagusiki– ez zutela DNA partekatzen. Nicolas Antonio da Silva ikerlariaren hitzetan, horrek iradokitzen du “harri handiekin monumentuak eraikitzeko ohitura kulturalki zabaldu zela, ez migrazio zuzenaren bidez”. Alegia, ideiak, erlijioa eta teknologia izan zirela komunitatez komunitate bidaiatu zutenak, eta ez komunitatea bera.