‘Mix’ alemana

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia
Egitaraua: Bach, Strauss eta Mendelssohnen obrak.
Zuzendaria: Alexander Liebreich.
Non: Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Noiz: maiatzaren 4an.

-----------------------

Euskadiko Orkestraren maiatzaren hasierako abonu-kontzertua benetan originala izan zen, estilo erabat ezberdinak hartu zituelako, baina ederki prestatuak, barne-koherentziaz eta Alemania ardatz hartuta. Euskadiko Orkestrak fresko-musikal alemaniarra eskaini zigun, interesgarria eta entretenigarria.

Programaren gauzarik interesgarriena, segur aski, lehen aipatu dudan barne-koherentzia da. Ez dakit nahita egin den ala ez, baina hiru obrek berriztatzera eta purifikaziora garamatzate. 

Bachen 82. kantata, Ich habe genug (Nahikoa dut), Maria birginaren purifikazioaren egunerako konposatu zen; Richard Straussen Tod und Verklärung-ek (Heriotza eta transfigurazioa) op. 24, konpositorearen azken orduko agonia esploratzen du, zeruen irismenaren transfigurazioa jasota; eta Die erste Walpurgisnacht (Walpurgisen lehen gaua) op.60 Mendelssohnen obra bikainak, jatorri paganoa duen festa bat deskribatzen du, Alemanian, Suedian eta abarretan errotua, apirilaren 30etik maiatzaren 1erako gauean ospatzen dena. Festa hori Santu Guztien jai katolikoaren aurka sortu zen, baina purifikazioa eta udaberriari ongietorria emateko festa bihurtu da. Beraz, berria dena agurtzeko programa bat topatu genuen. Ederra.

Programaren hari interesgarri hori alde batera utzita, goazen musikaren alorrera. Pena izan zen Markus Volpert baxuaren aktuazioa, Bachen Ich habe genug kantatako protagonista. Deseroso sentitzen zela ematen zuen, ahotsari proiekzioa falta zitzaion, eta interpretazio globalaren distira faltari lagundu zion. 

Bertsio bikaina izan zuen, berriz, Straussen Tod und Verklärung lanak. Obra ikusgarria da, Straussen sonoritate eta orkestrazio berezi horrekin, oso liluragarria. Alexander Liebreichen batutak egindako lana delikatua eta eraginkorra izan zen. Obra bere indar osoan iritsi zen publikora.

Eta Mendessohnen Die erste Walpurgisnacht ederrak sekulako bertsioa izan zuen. Jesus Guridi kontserbatorioko aretoaren gabeziak eta eszenatoki minimoa gorabehera, Donostiako Orfeoiak ederki bete zuen bere papera, prezisioz, zehaztasunez eta sarrera doi-doiak eginda staccato tarteetan. Arlo orkestrala ondo defendatuta egon zen, eta bakarlari bakoitzak, bere paper txikietan, eskatutako sonoritatea lortu zuen. Hala ere, nabarmendu behar da Sophie Harmsen mezzoak Könnt ihr so verwegen handeln? (Posible al da halako arduragabekeriaz artzea?) obraren hirugarren zatian egindako lana. Tinbre iluneko ahots ederra du, bolumen ederrekoa. Benetan, bakarlari distiratsuena izan zen saio horretan. 

 


Irakurri gehiago: Musika klasikoa Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...