EHZ

“Marrazoen artean izanik ere, oraindik bizirik gara”

  • Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30 urteak ospatuko dira ekainaren 26, 27 eta 28an Arberatze-Zilhekoan (Baxenabarre). Hiru hamarkadaz anitz aldatu da mundua eta anitz aldatu dira festibalen sektorea, Euskal Herriko eszena, baita musika jasotzeko bideak ere. Araberan, guti aldatu da EHZ. Festibalaren programazio-taldean dabil aspaldian Mattin Olzomendi, eta bilakaera horiei buruzko bere gogoetak partekatu dizkigu. Ondoan behar zituen lantaldeko pare bat lagun, baina azken orduko aldaketa batengatik ezin izan dute hitzordura hurbildu. Talde gogoeta sentiarazteko inportantea zitzaion elkarrizketa taldekakoa izatea. Baina lasai, elkarrizketan zehar EHZren bulegoan izandako joan-etorriek argi utzi dute: jende andana ari da antolaketan, guziak borondate onez, guziak laguntzaile gisa.

Mattin Olzomendi, EHZko programazio taldeko kidea.Sabina Hourcade /ARGIA CC BY-ND
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

EHZren baitan zure ibilbidea zein da?

Arrosako (Baxenabarre) lehen urteetan [1996tik aitzina] festibalari nintzen. Ortzaizen (Baxenabarre) bizi zen ene ttantta eta lagunekin bere etxean lo egiten genuen. Lehen hiru urteetan festibalari, eta gero laguntzaile gisa. Permanente [langile] postua proposatu zidaten, uste dut Idauze-Mendiko (Zuberoa) bigarren urtean. Heletan (Baxenabarre) urte bakarra egin nuen, eta presondegitik atera nintzenean programazio taldera sartu nintzen. Geroztik hor segitzen dut. Gazteekin ibiltzen naiz [irria]. Entseatu naiz erreleboa uzten, baina aldi berean zentzua atzematen diot eta hor segitzen dut. Entseatzen naiz ez sobera toki hartzen, badakidalako nire ahotsak ez duela besteen pisu bera.

Zer da musika zuretzat?

Egunero entzuten dut musika. Autoan, lanean, goizetan... Beti. Behar bat da niretzat, argiki. Faltan sentitzen dut bizpahiru egunez egoten banaiz entzun gabe. Zinez dependentzia bat badut. Musikan ari naiz ere, 15 urte ditudanetik, lagunekin. Hori ere ekarpen bat da programazio momenturako, badakidalako zer den talde batean aritzea; eta aipatzera goazen gaiari buruz, badakit gauzak ezberdinki egin daitezkeela, eta badakit hautu kontu bat dela askotan. 

Zuzenezkoa zer da zuretzat?

Musika egiten duzunean emozio batzuk sorrarazi nahi dituzu, eta zuzenezkoan emozio batzuk xerkatzen dituzu, publikoarekilako konexio hori lortu nahi duzu. Portishead ikusi nuen Rock en Seine festibalean, 40.000 pertsona ginen isilik, kantuen artean ere isilik. Hori da egin daitekeen gauzarik handiena. Emozio ezberdinak daude. Atzo Kneecapen kontzertuan ginen, giroa politizatuagoa zen eta beste emozio batzuk ziren. Beharbada sinpleagoak direnak? Konexioa, hori da zuzenezkoa.

Guti falta da EHZrako. 

Festibalaren 30 urteak ditugu, eta nahi izan dugu programazio berezi bat osatu. Sekulan baino goizago hasi gara lanean. Talde bikaina dugu, biziki ongi konpontzen gara. Baina egia da ere sekulan baino oztopo gehiago ukan ditugula eta frustrazio ttipi batekin bukatzen dugula –edo bukatzen dudala, nik hasteko–, ez dugulako lortu nahi genuen guzia. Baina ez du kentzen edizio bikaina izanen dela eta hala ere biziki kontent garela. 

Nahi duzuen guzia ez duzue lortu?

Adibidez, Kneecap batailatu dugu. Badu hiru urte batailatzen dugula eta ez dugula lortzen.

"Koherentzia nahi dut eta justuki enetzat hori da EHZ: ditugun ideia eta balio batzuk praktikan ezartzea"

Zein izan da oztopoa?

Beste hautu batzuk egiten dituztela. Joan den urtean BBK Live festibalean jo zuten eta guk ere eskaintza egina genien. Nahi bazuten EHZn jo zezaketen. Beste hautu batzuk egiten dituzte, beraien karrerari begira dira. Tontorrean dira eta segur aski lodiegiak dira guretzako.

Segi dezagun adibide horri tiraka. Zuek BBK Livek proposatzen duena proposatzen duzue?

Ez, ez, batere! Guk ezin dugu BBK Livek pagatzen duena pagatu. Primavera Sounden ari dira aurten eta festibalak esklusiba erosi du. Ordainsariaz gain, zama handi bat gehiago pagatu diote beste nehon ez aritzeko Espainian. Guk beste kanaletatik pasatu behar dugu. Jakinez, gainera, dirurik ez dugula.

Mami politikotik.

Arrunt. 2009an horrela lortu genuen Manu Chaorekin. Ez zen prezioa aipatu behar, ezin duelako 150.000 euro galdegin bati eta 10.000 hartu beste beti. Hori ez da jakin behar. Baina hola da eta posible da: taldeak nahi badu, egiten da. Manu Chaok erran zigun bakarrik etorriko zela; gero gitarrista gehitu zitzaion eta azkenean, talde osoa. Posible da, taldeak du erabakitzen. Horretan gabiltza, emaiten dugu ahal den guzia taldeari, baina egia erran, zaila da. Hasteko, taldearengana heltzea zaila da, baita managerrarengana ere. Heltzen garenean, eskaintza egiten diegu. Gehien-gehienetan eskaintza erridikulua da, eta ez digute erantzuten ere. 

Hortik doa aipaturiko frustrazioa. 

Bai, pixka bat. Kneecapi begira, Kattina eta Joana [programazio taldeko bi lagun] Parisera izan ziren beraien ikusteko, kontzertuaren ondotik topatu ziren, EHZ aipatu zieten; ni izan naiz Belfastera, Katti eta Ganborekin [bi lagun], beraien ostatu batera joan gara, utzi diet mezu bat gaelikoz, egin dugu argazki bat zerbitzariarekin... Eta atzo, oraino, Bilbon ginen. Kneecap-EHZ mezuarekin lau bandera eginak genituen, oholtza gainean hartu dituzte... Hola ari gara eta gutitan lortzen dugu. Ez dut uste BBK Livekoek hola egiten dutenik! 

Frustrazioa, Euskal Herriko talde batzuen egiteko maneragatik ere. Aurten gertatu dira gauza batzuk akidura eragin digutenak. Akigarria da ikustea zertaratzen ari den industria hori, akigarria da ikustea ez dutela loturarik EHZrekin eta ikustea Baionako bestak ala EHZ azkenean berdin zaiela, beraiek futitzen direla. Horrek pena pixka bat eragiten dit.

Lehen entseguak, lehen kontzertuak, lehen publiko ttipia, guziak hortik hasten dira. Baduzu sentsazioa garai batean baino lasterrago ahazten dutela oinarri hori?   

Erranen nuke baietz eta gauza sinple batengatik: egoera politikoa aldatu delako. Egia da dena aldatuz doala, dena delako beti mugimenduan. Baina uste dut, hala ere,  egoera politikoak freno bat ematen zuela horrelako jokamoldeei. Gaur egungo talde batzuk enpresak dira, argiki, eta gainera diru publikoa hartzen dute. Lotsagarria da. Baina, kasu, ez dira talde guziak holakoak. 

30 urtez anitz aldatu da musikaren sektorea. Nola laburbilduko zenuke EHZren eskaintza musikalaren bilakaera?

Dena da interakzioan, 30 urtez mundua aldatu da eta gure eskaintza egokitu behar izan dugu. Eztabaida bat beti hor dugu gure artean, aski ziklikoa dena. Ekonomikoki gastu batzuk ditugu eta erantzun ahal izateko festibalari minimo bat behar dugu. Beraz, oreka horri buruz dugu eztabaida: jendea jinaraziko duen talde ezagun bat, gure balioetatik urrunarazi gaitzakeena ala talde bereziagoak baina gutik ezagutzen dituztenak.

Bilakaerari dagokionez, Arrosa garaian  (1996-2003) Euskal Herriko talde lodienak genituen, baita Europa mailako talde engaiatuak ere. Egoera arrunt desberdina zen, ez zen beste eskaintza handirik, besta komiteak ez ziren hain azkar, ez zen hainbeste festibal... Gero Idauze-Mendira joan ginen (2004-2008) eta erran nezake EHZ barnean ezaguturiko egoera politiko bortitzena izan zela ordungoa [Abertzaleen Batasuna – Batasuna zatiketa]. Horrek ere eragin zuen eskaintza musikalean, azkenean erakarri nahi genuen publikoari begira ez ginelako ados. Ez duzu berdin komunikatzen Donostiako edo Bordaleko bati, eta programazioa ere ez da berdina. Heletan segitu genuen  (2009-2012) eta orduan izan genituen talde lodienak, talde komertzialenak eta beraz garestienak. Ordutik (Lekorne 2013-2016, Irisarri 2019-2023, eta orduz geroztik Arberatze-Zilhekoa), bihurgune bat hartu dugula erran nezake; tokiko taldeekin gabiltza gehiago, interesatzen gaituztenekin.

"Zaila da talde batentzat erratea “ez noa BBK Livera”. Hautuak dira, taldeek egin behar dituztenak eta ez dira hautu sinpleak"

Zergatik hartu zen bihurgune hori?

Ez da oraindik bihurgune argi-argia. Pakebote lodi bati konpara daiteke, bihurgunea hartzen duzu, baina ez da berehala ageri. Aurten izanen dira zernahi talde igandean, bikainak, gehienek ezagutuko ez dituztenak. Hori da intentzioa, jendeak deskubritzea eta kontzertua gogoan atxikitzea.

Zergatik eman zen bihurgune hori? Erran nezake ez genuela hautu handirik. Eta betikoa, koherentzia: kapitalismoaren kontra borrokatzea –ahal den neurrian, bistan da– edo behintzat ideia horiek zabaltzea eta aldi berean holako taldeak jinaraztea? Hori ez da koherentea.

Duzuen aurrekontuarekin, dena den, ezinezkoa lizateke.

Arrunt. Guk 100.000 euro ditugu programazio osorako, eta Kneecap gisako talde batek beharbada 150.000 euro eskatzen ditu. Bruce Springsteenek milioi bat hartu zuen Donostian. Guk 30 bat talde behar ditugu hiru egunez eta 10.000 euro da gehien pagatu dezakeguna.

Errealitatea ikusita, galdera da: nolaz ez zarete desagertu? Zein osagai azpimarratuko zenuke?

Denak gara laguntzaileak eta hori da gure indarra. Egiten dugu ahal duguna, borondate onez, egiten ditugu pettoak ere, baina festibala laguntzaileei esker da hor. Hori beste festibalek ez dute. Besteek guzia pagatu behar dute, laguntzaileak, segurtasuna... Koherentziaz aitzina egin nahian gabiltza, ez gara dirua egiteko hor eta horrek gaitu ezberdintzen. Pertsonalki, horregatik diot zentzua atzematen EHZri. Koherentzia bilatzea, hori da enetzat inportantea.

Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-ND

Erran zenezake publiko fidel bat lortu duzuela?

Bai. ARGIAko irakurleak [irria]. Ez nahiko nukeen bezainbat, baina bai, lortu dugu publiko fidel bat. Gipuzkoatik eta Bizkaitik heldu dira franko, konfiantza egiten digutelako. Ez dute programazio osoa ezagutzen, baina badakite zertara heldu diren, ez dira musika kontsumitzera heldu bakarrik. Bihurgune oraindik handiagoa hartzea maitatuko nuke nik: programazioari begiratu eta izen bakar bat ere ez ezagutzea.

Baina EHZ izanda, jendea berdin-berdin jitea, badakielako balio segurreko taldeak deskubrituko dituela.

Hori da. EHZ izanik segur izatea kristoren momentua biziko duela; eta hori festibalari konfiantza egiten diolako. Baina ez da egun batetik bestera lortzen hori, irabazten den zerbait da konfiantza, behar da denbora.

Rennes hiriko Les Trans Musicales festibalaren gisara.

Arrunt hori da. Horiek lortu dute. Pentsa, komunikabideak bertara doaz hortik urte batzuetara agertuko diren talde handiak deskubritzeko.

Europako 150 festibal potoloenak lau multinazionalen esku dira. Hori da errealitatea. Eguneroko zereginetan zer erran nahi du zuentzat?

Talde batzuk enpresa bat bezala funtzionatzen dutela erraten nizun hastapenean. Konkretuki, gela bat hartzen dute Madrilen, apustu ekonomiko handia eginez eta sarrerak honenbestetan saltzen dituzte. Gela betetzen badute: jackpot! Gertatzen dena da EHZtan jotzeko proposamenarekin ados zirela, baina horri buruz ez komunikatzea galdetzen zigutela, Madrileko sarrerak saldu beharrean zirelako. Ez da harrigarria, gurekin 10.000 euro zituzten, aldiz hangoa betez gero, ehunka mila euro. Horrelakorik ez zitzaigun sekula gertatu! Hori nahikoa ez balitz bezala, 300.000 euroko laguntza publikoa jaso dute euskara Madrilera eramateagatik. Diru publikoa enpresa pribatu baten alde desbideratzea da hori. Lotsagarria da. Aldi berean, zernahi taldek ez dute entseatzeko lokalik edo hilabetean 400 euro pagatu behar dituzte lokal bat ukaiteko. Makrokontzertuen fenomenoa hori da eta min egiten du hemengo taldeak direlako.

Azkenean, talde hori ez da EHZtan.

Ez. Faltako zaigula izen handiago bat programazioan? Ageriko da bilana egiterakoan. Guk baldintza hori ez dugu onartu, beste guzia adostuta genuen. Azkenean beraiek hartu dute ez etortzeko erabakia. Horrela da. Balioei dagokionez, iruditzen zait egoera hori ez dugula onartzen ahal. Beraien apustua egin dute, ados, baina guk ere behar ditugu gure sartzeak saldu, ez gara gu izanen betiko istorioko ergela.

Madrilera joan gabe, BEC fenomenoa hor dugu.

Harrigarria da. Eta nola berriz itzultzen zaizkigun talde zaharrak azken urteetan?

Peio eta Pantxoa, adibidez.

Eszena gainera itzuli nahi baduzu, bikain... baina ez BECen! Zein da BECn jotzeko plazera? Hertzainak ikusi nuen, eta zinez, lekua izugarri desatsegina da. Sosarendako egiten dute ene iduriko. Puntu final. Musika maite dutela diote. Bai, musika maitatu duzue, garai politiko berezietan aritu zarete gainera, eta bikaina izan da egin duzuena. Baina BEC? BEC sosa egiteko da. Enetzat domaia da, baina bakoitzak neurtzen du zertan ari den.

Aldi berean, gaur egun ez da harritzekoa gaztetxeetan edota EHZn jotzen duen talderen bat ikustea BBK Liven. Bi oholtzen arteko muga ez da hain argia?  

Oroitzen zara Berri Txarrakek MTV festibalean jo zuenean izandako polemikaz? Zaila da talde batentzat erratea "ez noa BBK Livera" edo "ez noa MTVra". Berri Txarrakek ere erran zuen euskara eramanen zuela MTV Worldera. Bistan da. Baina ikusten duzu non ari ziren? Joanez edo ez joanez, noiz zara eraginkorrena? Ez dakit. Pentsarazten dit Olinpiar Jokoetako irekidura Gojirak egin izana. Hautuak dira, taldeek egiten dituztenak, eta ez dira sinpleak, besteak beste, ogibide bilakatzen delarik.

Hori horrela, ezetza gehiago jasotzen duzue taldeen partetik?

Jotzeko toki gehiago badira gaur egun, eta hori izan daiteke ezetzen arrazoietariko bat. Herriko besten komiteek harritzen naute. Joan den urtean Makeako (Baxenabarre) bestetan Zetak eta Gatibu bazituzten. Jadanik hori guk ezin dugu, ezin ditugu biak ekarrarazi. Kontzertuentzako aukera gehiago bada. Azkenean EHZra ez datorren talde hori badakizu non ariko den? Baionako bestetan. Besta egiteko manera itsusiena dira Baionako bestak! Guk salatzen dugun guzia irudikatzen dute Baionako bestek. Horretan gara: gertatu daiteke Euskal Herriko talde batek ez batere atxikimendurik ukaitea EHZrentzat. Ez da arazo bat. Justu jakin behar dugu hori horrela dela.

Baliteke testuinguruak erraztea ezetzaren bidea? Garai batean ausartuko ez zenak orain konplexu gutiagorekin ematea ezetza?

Erran nezake sosa egin nahi izana asumitzea errazagoa dela gaur egun. Baina ez dira talde guziak hola eta kasu eman behar da horretaz hitz egiterakoan. Gainera, batzuek diote euskaraz ari direla eta euskararako ate bat irekitzen dietela anitzi. Horrentzat da pixka bat delikatua horretaz mintzatzea, deus ez delako zuri ala beltz.

Harremanak ere aldatu dira managerrekin eta hori ere bada kontuan hartzekoa. Duela hogei urte trukaketa gehiago bazen, talde ttipi batzuk joarazteko lekuak galdetzen zizkiguten eta guk ere galdetzen genituen taldeak, azkenean bi aldeek lortzen genuen zerbait. Hori gertatu zen Berri Txarrak taldearekin. Gaur egun Baga Biga da enpresa eta harreman hori hautsi da, ene iritzia da, baina errespetu gutirekin gainera, iraganean egindako bidea ahantziz. Iaz batailatu genuen Gorka Urbizu ukaiteko, hainbeste non deitu genion managerrari ohartarazteko: “Oroitzen zara nondik gatozen? Iraganeko harremana oroitarazi behar dizut?”. Programazio taldean zahar bat izatearen alde ona hori da, egindako bidea gogoan dugula. Azkenean, bitartekariak dira managerrak, eta hori ere bada taldeak egiten duen hautu bat. Anestesiak, adibidez, ez du, eta Mikel Anestesia deitzen duzu zuzenean. Ez dira bakarrak. 

Bitartekarietan ere denetarik izanen da. 

Arrunt, eta gehienekin ontsa konpontzen gara. Aspaldiko harremanak ditugu batzuekin, laguntzen gaituzte, proposamenak egiten dizkigute. Begira, Last Tour, adibidez, aski ongi konpontzen gara haiekin.

Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-ND

Zer erran nahi duzu ongi konpontzen zaretela diozunean?

Hitz egiten dugula eta entzunak garela. Konfiantzaz hitz egin dezakegu eta lasaiki erran dezakegu "horrek ez du gurean funtzionatuko" edo "zer da prezio hori? Txiste bat da?". Gogoan dut talde hasi berri bat, kontzertu guti zituenak baina aitzineko taldeari esker izen bat zuena. Hasi berria zen eta 6.000-8.000 euro galdetzen zituen. Guk 1.500 euro proposatu genizkion. Kristoren baldintzak dira, Iparraldean da, publikoa segurtatua du... oholtza interesgarria da. Prezio batzuek harritzen nautela aitortu behar dut. Berriz ere diot, denak ez dira horrela. Oroit, Gailu etorri zitzaigun Palestinaren alde Makeara. Mikel Bap! Negu Gorriak taldekoa, Anarirekin ari dena, Euskal Herriko bateria jole hoberenetan duguna... badator, jotzen du eta berriz partitzen da. Posible da hori egitea, batez ere Euskal Herri mailan.

Abiadura biziki handian doa guzia. Guzia izorratuko digu diru-goseak gidaturiko makina horrek?

Bai eta horrentzat ere gara hor: kontra egin behar diogu, bestenaz dena xehatuko duelako. Antolatu behar gara; gauzak beste manera batez egin daitezkeela erakutsi behar dugu. Baina argi da ez dela bakarrik geldituko makina hori, eta geldiarazi arte behar dugula kolpatu. 

Berriki erraten zenidan ez zenutela pleinitze tonura mugatu nahi.

30 urte betetzen ditugu, Euskal Herriko festibal zaharrena gara eta holako mundu kapitalistan eta marrazoen artean izanik ere oraindik bizi gara. Ederra da ikustea EHZtik pasatakoek nola segitzen duten EHZri loturik. Belaunaldi berriek hartu dute segida, baina hastapenekoek oraindik segitzen dugu loturik. Gutxiago ala gehiago, kontraerran batzuk izan ditugu, baina hala ere funtsa hor da.  

Eta gazteei lekua utzi zaie. 

Arrunt. Nik ez dut nehor ezagutzen talde motorrean eta hori positiboa da. Tresna bati konparatzen dut festibala. Erran bezala, ahal bezainbat koherente izateari lotzen dut ene engaiamendu politikoa eta enetzat hori da EHZ: ditugun ideia eta balio batzuk praktikan ezartzea.

Balioak ez ditugu denok berak. “Ahalik eta ekitaldi jendetsuenak ekarri nahi ditugu, Bilbok posizio bat izateko nazioartean, eta turismoa erakartzeko”, dio Bilboko auzapezak, segur aski BBK Live gogoan. 

Komertzialki baliatzen du musika, turismoa eta etekinak egiteko edozein produktu balitz bezala.

"Laguntzaileak badireno eta kapitalismoa bizirik deno biziko da festibala, haustekoa den munstro hori hor izanen deno EHZk segituko du"

Instituzioen papera nolakoa ikusten duzu? 

Aipaturiko 300.000 euroko laguntzarena berriz aipatu nahiko nuke. Harritzen nau nolaz holako aferak entzuten direnean jendea ez den gehiago kexatzen Hegoaldean. Diru publikoa behar da interes komunarentzat erabili, ez interes pribatuentzat. Miarritzeko Atabal bezalako areto batek egiten duen lana aski bikaina iruditzen zait eta hola beharko litzateke bideratu diru publikoa, azpiegiturak laguntzera eta ez enpresa pribatuetara.

Festibalen sektorea arrunt aldatu da, baina EHZk segitzen du berdintsu.

Argi da ez dugula deus ikustekorik beste festibal horiekin, deusez. Sosa egiteko enpresa batzuk dira. Afera ez da ongi ala gaizki den, baina “festibala” hitzaz aparte, ez dugu beste deus partekatzen.

Dirua egiteko enpresak dira. Eta zuek?

Ideia konkretu batzuk ematen ditugu plantan hiru egunez, eta erakusten dugu egingarria dela; erakusten dugu ez garela bortxatuak horrelako gizarte tristean bizitzea. Guretzat ere errazago litzateke janari merkea ematea, diru laguntzak eskatzea edo sarrerak garestitzea. Argi da EHZ ez dela hori. Etekinak ateratzen direnean berriz banatzen ditugu, gure helburua ez da dirua egitea. Intentzioa da inportantea, ze intentziorekin jinarazten duzun jendea, nola errezibitzen duzun. Jendea kontsideratzen duzu sosa egiteko ponpa bat bezala edo bestelako praktikez elikatu nahi duzun parte-hartzaile gisa? Komun idorrak, baso berriak, brigada ubelaren protokoloa... adibideak hor dira. Oroitzen naiz baso berrien hasieraz. Galdera zen "nola eginen dugu?", zeren ordura arte garagardo basoak aitzinetik prestatzen ziren denbora irabazteko, eta hor denbora galduko genuen, gainera, garbitu beharko ziren... Eta begira orain: denetan erabiltzen dira.

Eta gau bukaerako plastiko ozeanoak bukatu ziren.

Souffleuse-kin [aire-jaurtigailuekin] metatzen genituen basoak eta plastiko mendiak genituen! Horrekin bukatu nahi genuen eta ikusi genuen baso berrien sistema zutela Alemanian-edo. Aldaketa plantan ematen den lehen urtea aski kaotikoa izan ohi da, baina bilana egin eta hobetzen da. Ongi dena da praktika normalizatzen eta hedatzen dela. Enetzat hori da EHZren funtsa eta helburua.

Bukatzeko, Euskal Herriko oholtzak bizirik eta osasuntsu aitzina egiteko zer ez genuke begi-bistatik galdu behar?

Ontsa litzateke ez bilakatzea merkaturako produktu bat. Nik maite dut sosaren presentzia ahal bezainbat urruntzea musikatik. Bistan da, entzulegoak ere badu bere ardura. Nola kontsumitzen dugu musika?

Eta EHZk aitzina egitea nahi badugu, zer dugu gogoan atxiki behar?

Laguntzaileak badireno segituko du festibalak. Laguntzaileak badireno eta kapitalismoa bizirik deno biziko da festibala. Haustekoa den munstro hori hor izanen deno EHZk segituko du. Laguntzailerik ez baldin bada erran nahiko du finitzeko tenorea etorria zaigula, baina ez gara horretan. Ikusi behar da zenbat mugimendu eta bizi baden festibalaren inguruan! Nire ilobak ere ikusten ditut etortzen. Handiena laguntzaile da ere. Belaunaldi berri batek hartzen du segida. Pixka bat beldurtzen nau ikusteak ilobak laguntzaile enekin [irria]. Beharbada nik beharko dut utzi egun batez? [Irria]. 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...