Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Txalaparta, 2026
-------------------
Zerbait ari da gertatzen euskal literaturan eta zenbait liburu besteekin harremanean bakarrik irakurri daitezke. Pentsatu Uxue Alberdiren Hetero, Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen edo Danele Sarriugarteren beste zerbait. Lan horiek guztiak normaren lanketa literarioa dira. Guztiek erakutsi nahi dute normalaren kartzela.
Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat eleberria elkarrizketa horretatik irakurri dezakegu. Txalaparta argitaletxearen eskutik heldu zaigu oraingoan Txoperenaren hirugarren eleberria. Aurreko lanetan familia testuinguaren korapiloak aztertu ostean, oraingoan helduaroko bikote bizitza normatiboari heltzen dio. Tradizioak egituratutako Lesaka batean bizitza desiragarri bezain itogarrian zabuka bizi da Miren protagonista.
Normalak dira Markel eta Miren bikotea, eta normala den bezala, alaba daukate. Miren, baina, dolu bat gainditu ezinik bizi da. Unai, herriko kanalla, drogazale aski zaharxeagoa izan zuen txortalagun eta badira bost urte hil zela. Eta hor arituko da Miren, dolua ezin konpartitu, mendian zaldi bat bisitatzen (Unaik zaldiak maite zituen-eta). Dolu hori, ematen du beraz, ez dela normal-normala: horregatik ezin du gainditu.
Onartu behar dugu liburua irakurtzen hotzikarak sentitu ditugula. Egungo bikoteari iraganeko pertsona baten berri eman ezin dion pertsona da Miren. Bizitza soziala "amekin parkera ala parranda" terminoetan aurkezten zaio. Maskulinitate argiki toxikoa erakusten duen txortalagun batekin fijazioa du eta, aldi berean, maskulinitate-itxuraz-deseraikia duen oraingo bikotea du goraipatzen. Amatasunaz gozatu nahi, baina ito egiten du. Aski ezaguna zaigun kartzela, finean.
Errelatuak normaren sakonera garamatza. Eta batzuetan beldur eman digu nahikoa problematizatu duen ala ez. Tradizioa gainditu nahi duen Lesakako antzokian, amaieran, happy ending-a: Miren Markelekin itzuliko da, Unairekin izandako fijazioa partekatu eta askatu egingo du. Amaiera alaia, familia normatiboa. Normaren kartzela beste behin.