Harritzen (ez) gaituena

MAIDER LETURIAGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez gaitu harritu azken asteetako berrien segidak. Ez gaitu harritu Kultura Ministerioko goi-mailako funtzionario batek urte luzez emazteak laxante bidez drogatu izanak, nahiz eta hierarkiak aurrekarien berri izan. Ez gaitu harritu 25 urteko emakume gazte baten hilketak, bikotekidearen eskutik. Ez gaitu harritu Patrick Bruel kantari ospetsuak hamarnaka emakumeri sexu-erasoak egin izanak urteetan. Ezin baitugu erran gertakari horiek harrigarriak direnik; horretarako ez-ohikoak izan beharko bailukete, ez sistematikoak, ez sistemikoak, eta, partikularki, ez ingurukoen jakinaren gainean gertatuak.

Harrigarria dena beste zerbait da: oraindik ere batzuek gertakari horiek sorpresa edo eszeptizismoz hartzea, eta egiazki txundigarria da, duda izpirik gabe, horrenbeste kasuren parean oraindik ere erantzun irmo eta eraginkorrik ez egotea.

Emazteen eta, oro har, normatik hara kokatzen diren kideen aurkako indarkeria existitzen da, horretan denok ados gaude. Arazoa estrukturala dela behin eta berriz erran eta onartu da. Hitz egiten da botere-harremanez, maskulinitateez, indarkeriaren erro kulturalez, ideologia eta arau faxistez. Azken hamarkadetan, feminismoak, ekologiak eta justizia sozialaren aldeko mugimenduek lortu dute lehen isilean edo eremu pribatuan geratzen zena eztabaida publikoaren erdigunera ekartzea. Gaur egun, behintzat, badugu gertatzen dena izendatzeko eta azaltzeko hizkuntza.

Hor dago arazoaren muina: maiz jende anitzek zekiena ez duela nehork geldiarazi, salatu edo trabatu, beranduegi izan baino lehen

Izan ere, erasotzaile gehienak ez dira ezezagunak, ezta gizartearen bazter batean bizi diren munstroak ere. Anitzetan, jakina da nor diren, non diren eta nola jokatzen duten. Zehatz dezagun, zutabe hauetan kide batek zioen bezala duela zenbait egun, gizon guztiak ez dira erasotzaileak. Eta, halaber, erasotzaile guztiak ez dira gizonak. Maiz, gertakariak ikusi edo entzuten ditugu, guhaurek ere, edo bizitzen ere berdin, etxeetan, lantokietan, karrikan, elkarteetan. Ez da arraroa entzutea “jakina zen, ez zen berekin bakarrik egon behar”, “behin baino gehiagotan ikusi izan dugu nola tratatzen zuen bere emaztea-langilea-ikaslea-hurkoa”.

Bizkitartean, kasu berri bat agertzen den bakoitzean, berriro entzuten ditugu hitz berak: “ikaragarria”, “pentsaezina”, “inor ez da ohartu”. Hor dago, hain zuzen ere, arazoaren muina: maiz jende anitzek zekiena ez duela nehork geldiarazi, salatu edo trabatu, beranduegi izan baino lehen. Eta gero, erasotzailea munstro bihurtzen dugu, eta munstroek abantaila bat baitute: ez dira gure antzekoak, ez dira gure lagunak, lankideak edo senideak. Beste planeta bateko izakiak balira bezala irudikatzen ditugu. Baina errealitateak kontrakoa erakusten digu behin eta berriz. Argi esan dezagun: ikusi, entzun edo sumatu izan ditugu parekoa gutxiesten duten hitzak, jarrerak edo keinuak, eta anitzetan, ez ikusiarena egin dugu. Eta guhaurk, arazorik edo arrazoirik ukan dugunean, batzuetan, nahiago izan dugu beste gisa batez akomodatu.

Indarkeria ez da meteoritoa, ez eta ustekabeko istripua ere. Logika baten muturreko adierazpena da. Eta logika horren kontra modu masiboan egiten ez den bitartean, logika hori ez da existitzen bakarrik, normalizatzen da, neurri batean, legitimatzen. Diskurtsoa aldatu da, bai. Kontzientzia ere handitu da. Baina albisteek metatzen segitzen dute. Eta horrek, agian, galdera deseroso bat egitera behartzen gaitu: aspalditik baitakigu zer gertatzen ari den, zer egiten du bakoitzak jakintza horrekin? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...