Flamenkoen Iraultzak salbatuko al du Albaniako kosta aberatsen atzaparretatik?

  • Albania ez dagoela salgai diote milaka pertsonak eguna joan eguna etorri Tirana hiriburuko kaleetan. Gatazka lokal gisa hasi zena egun gutxian pasa da herrialdeko panorama politikoa astintzera. "Flamenkoen iraultza" deitu diote eta bertako ekosistema natural garrantzitsuenetakoa babestu nahi dute herritarrek, Donald Trumpen familiarekin loturiko luxuzko bi proiektu turistikoren aurrean.

Milaka pertsona ari dira kalera ateratzen Tiranan, makroproiektu turistikoen aurka.
Milaka pertsona ari dira kalera ateratzen Tiranan, makroproiektu turistikoen aurka.Reuters.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Lagun baten ontzian gindoazen, itsasoan igeri egiteko geratu ginen eta uhartea aurkitu genuen ustekabean. Bertara joan ginen, oinutsik igo ginen punturik altuenera eta aho bete hortz geratu ginen. Leku hori gure buruan iltzatuta geratu zen". AEBetako presidentearen alaba Ivanka Trumpen hitzak dira, maiatzaren 31n podcast bateko kazetari bati eztiki adieraziak. "Proiektu sinestezin horretan ari naiz nire senarrarekin lanean. 1.400 hektareako uharte pribatu ederra da, Mediterraneo itsasoaren erdian. Hondar zuriko bost milia ditugu uhartearen aurrealdean, albo batean aintzira bat, bestean ozeanoa. Ez da negozio soila niretzat, desafio bat da beste ezer baino gehiago. Egin ditudan bidaia guztietan ikasitakoagatik, askotan pentsatu dudalako nola bizi nahi dudan bai nik baita jende askok ere... saiatuko naiz horretan oinarrituta ukigarria den zerbait egiten. Nire esperientziaren gailurra izango da". Honezkero jakingo al du handik 9.000 kilometrora "Ivanka go home!" opa diotela milaka albaniarrek? Bideo honetan ikus daitezke bere hitzak, protesten txinparta izan zen eguneko irudiekin.

Ivanka Trumpekin elkarrizketa AEBetako podcast batean.

Bi dira Ivanka Trump eta bere senar Jared Kushner sionista aberatsak Balkanetako herrialde horretan turismoarekin lotuta eman nahi dituen pelotazoak. Bat, arestian aipatu Sazan uhartekoa. Animaliak bakarrik bizi dira bertan eta gizakiaren eskua soilik soma daiteke Sobietar Batasunaren garaietan eraikitako base militar abandonatuan. 1.600 milioi dolarretan baloratua, luxuzko opor leku bilakatu nahi dute. Eta bigarren proiektua, Zvërnec babestutako eremuan eraiki nahi duten resort erraldoia da, luxuzko konplexu turistikoa. 1.000 txalet baino gehiago, luxuzko hotelak 10.000 ohe baino gehiagorekin, zortzi solairu arteko eraikinetan milaka apartamentu, aisialdi guneak eta kirol-portua egin nahi dituzte, nazioarteko elitearentzat. Orain arte naturagune babestua izan den lekuan hau ere. Urtarrilean 40 talde ekologistak resort honen planak bertan behera uzteko eskatu zuten, bioaniztasunean izango lituzkeen ondorioengatik. 

Zvërnec babestutako eremuaren aireko argazki bat.
Txinparta, ekintzaileen aurkako bortizkeria

Protestak maiatzaren 23an hasi ziren, Zvërnec-en enpresak hondartzak eta eremu gehiago hesitu zituenean txarrantxarekin. Handik astebetera lehertu zen dena, maiatzaren 30ean larunbatarekin. Manifestariak hesiak astintzen hasi ziren haserre, bertako segurtasun agenteek piper hautsa bota zieten eta manifestari bat arrastaka eremu hesituaren barnera eraman zuten bortizki. Poliziak, han zegoen arren, ez zuen esku hartu. Oraingoan ere, erabakigarriak suertatu ziren herritarrek eta kazetariek grabatutako bideoak. Polbora bezala zabaldu ziren sare sozialetan, haserrea piztuz. Bi egunera lehen manifestazioa deitu zuten Tiranan, astelehenarekin eta mila gutxi batzuk bildu ziren. Determinazioz, adierazi zuten egunero aterako zirela kalera, 18:00etan, proiektua gerarazi arte. Ordutik, egunez egun hazten eta momentuma irabazten joan da olatua, eta seigarren egunarekin, larunbatean, adibidez, milaka eta milaka pertsonak osatutako masa batek hiriburuko erdigunea kolapsatu zuen –antolatzaileek diote 500.000 lagun bildu zirela–. Gauean Poliziarekin istiluak izan ziren eta hauek ur kanoiak erabili zituzten, manifestariek su artifizialak bota ostean lehen ministro Edi Ramaren egoitzaren aurka. Protesta beste hiri batzuetara ere zabaldu da, baita Albaniako diasporara ere. Aldizkari hau inprentara doan unean, eguneroko protesta deialdiek indartsu jarraitzen dute bigarren astean sartuta.

Manifestazio erraldoia Tiranan, proiektu hauen aurka.

"Albania ez dago salgai", "Rama dimisioa",  "Zvërnec gurea da", "Hau Albania da, ez Dubai"... Hor manifestariek darabiltzaten zenbait lelo. Mugimendua "Flamenkoen iraultza" gisa bataiatu dute, Trump eta Kushner bikoteak arriskuan jarriko duen hegaztietako baten omenez. Inguruok hegaztien korridore migratorioaren parte dira eta era guztietako animaliak bizi dira bertan: flamenkoak, pelikanoak, itsas txakurrak, txakalak, dordokak eta espezie babestu gehiago. 

Gobernua, tinko aurrera

Alderdi Sozialistaren gobernuak sutsuki defendatzen ditu proiektu turistifikatzaileok, eta Albania Mediterraneoko lehen mailako helburu turistikoa izatea nahi du. Lehen ministroak esan du proiektuok ingurumenean izango luketen inpaktua ez dela hainbesterainokoa eta gezur asko dabilela bolo-bolo. "Garrantzitsua da abegikorrak izaten jarraitzea, eta inolaz ere ez geureganatzea atzerriko inbertitzaileak etsaitasunez hartzen dituen herrialdearen estigma", adierazi du kezkatuta protesten testuinguruan. Eta borobildu du: "ez dago inbertsio horiek geratzeko inolako aukerarik, ni hemen nagoen bitartean behintzat". Oposizioko alderdi nagusia ere proiektu hauen alde kokatu da, eta horrek eragin du kritikaren jo-puntua zabaltzea sistema politikora. 

Proiektu hauek mehatxupean jarri duten Narta lakuan flamenkoak.

Protesten atzean koalizio zabal bat dago. Bultzatzaileak BirdLife Albania gisako talde ekologistak, herri mugimenduak eta ezkerreko mugimenduak dira, baina gerora, eskuin kontserbadoreko alderdi txikiek ere babesa adierazi diote. Mugimenduak indarra hartu ahala, gainera, aldarrikapenak Zvërnec edo Sazan-eko proiektuetatik harago joaten hasi dira.  

Lëvizja Bashkë du izena herrialdean duela urte gutxi sortu zuten ezkerreko alderdi berriak. Bertako legebiltzarkide Ariela Zenel-ekin mintzatu dira Socialist Worker agerkari digitalean. Berak argi du protesta hauek ez direla ezerezetik sortu, eta ez direla ulertu behar soilik bi proiektu turistiko hauen aurkako erreakzio gisa. "Klase politikoaren aurkako haserrea pilatzen joan da urteetan, Albaniak dituen arazo ugarien harira: ustelkeria, belaunaldi gazteen migrazioa, ezberdinkeria sozialak, eta gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari den aberastasuna, batzuk aipatzearren". Ez dute onartzen luxuzko turismoan eta inbertsio pribatuan oinarritutako garapena, ondare natural eta interes kolektiboa kaltetzen dituenez. Eredu ekonomikoa bera aldatu nahi dute. 

Ur kanoiak erabili ditu Albaniako Poliziak manifestarien aurka.

Ikusiko da ea albaniarrek beren lur ederrok salbatzea lortzen duten edozer erosten ohitutako elitearen atzaparretatik. Ez da erraza izango, baina badute esperantza elikatzeko adibiderik, oso urrutira joan gabe. Beren lurrok erosi nahi dituen Kushener enpresariak, Serbiako hiriburu Belgradon luxuzko Trump International Hotel izeneko eraikitzeko asmoak publikoki jakinarazi zituen. NATOk bonbardatutako eta egun ondare kultural izendatutako eraikin bat erosi nahi zuen horretarako. Gobernuaren okey-a eta guzti lortu zuen. Bien bitartean, ordea, protestak antolatu zituzten herritarrek, ahatetxo hori bat ikur hartuta. Hauek indar hartzen joan ziren, eta ustelkeria salaketak eta agintarien dimisioak tarteko, azkenean, joan den abenduan proiektua bertan behera geratzen zela jakinarazi behar izan zuen Kushnerrek.

Flamenkoen txanda da orain. 

Albaniako lehen ministro Edi Ramaren aurkako afixa protestetan.

 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Turistifikazioa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 17
Usoa otso

2025eko irailaren 10
Lurraldea eta arkitektura
Udako postalak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...