Hala deitzen da Bilboko musika-talde maite bat. 2023 hondarrean Katuzaldia lana argitaratu zutenean, elkarrizketa batean taldearen izenagatik galdetu zieten, “zergatik horrenbeste ezeztapen”, zeri esaten zioten ezetz. Ez da transzendentzia handiko kontua: ez omen du esanahi berezirik, txantxa moduan sortu omen zen izena.
Leporatu izan zaigu euskaldunoi –edo leporatu izan zaie euskaldun batzuei– beti ezezkoan bertan goxo egitea, jarrera suntsitzailea izatea, denaren kontra egotea. Manifestazioetako aldarri askoren lehenengo “ez, ez, ez” zatiak salatuko luke balizko kokapen hori.
Baina beti ez eta ez omen dabiltzan horiek beti izango dute, ia zernahitarako, Mikel Laboaren jokerra mahukapean: “Ezaren gudaz baietza sortuz”. Kasu honetan, gero eta modu ageriagoan aldarrikatzen duten Xabier Leteren sor-markarekin.
Leporatu izan zaigu euskaldunoi –edo leporatu izan zaie euskaldun batzuei– beti ezezkoan bertan goxo egitea, jarrera suntsitzailea izatea, denaren kontra egotea
Bada, aldizkari honetan duela hiruzpalau urte elkarrizketatu zuten musikari amateur bat, eta, kazetariak jaso zuenez, halako batean entzun zen The Police talde ingelesaren abesti bat kafetegiko bozgorailuetatik. Elkarrizketatuak berehala adierazi zuen bere epaia, bai taldearekikoa bai talde horren zaleekikoa: “Musika gustatzen ez zaion jendearentzako musika da”. Izugarri desatsegina egin zitzaidan iruzkina, eta geroztik ez dut iraiztea lortu, bueltaka dabilkit barrenean… baina tripako mina arindu dit The Policen diskografia hobeto ezagutzeak, sarean aspaldiko kontzertuak ikusteak, gitarrarekin abestiren bat ateratzen saiatzeak.
Urte batzuk lehenago, 2019ko abuztuan, Pedro Guerra kantautore kanariarrak jo zuen gurean. Gurasoenean asko entzun genuen, eta hainbeste urteren ondoren etxe ondoan ikustea zirraragarria izan zen. Kontzertua ederra, eta akustika txarra ez, aire zabalean izanagatik. Ez ziren iritzi berekoak izan nire inguruko batzuk, eta txarretsi egin zuten soinu-teknikarien lana. Ez omen zitzaion ezer ulertzen Guerrari, dena burrunba nahasi bat omen.
Kontrastatu nuen kontzertu hartan egon zen musikari profesional batekin, eta ez zion tatxarik ikusi akustikari, asko gustatu omen zitzaion emanaldia. Musikari profesional hori gustu onekotzat nuen. The Policen jarraitzaile handia zen. Gustu onekoa, agian; eta beste batzuk baino begirada zabalekoagoa, batez ere.
Kontrako sententzia bidegabe horiek elikatu egin dute musikari horiek entzuteko nire grina. Barne-bakea ebasten didate, baina era berean aberasten naute, nolabait. Horri buruz ari ote zen Lete Izarren hautsa idatzi zuenean? Ez dut uste, baina horrela bizitzen gera.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.