Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1936ko gerra-hegazkinen zaratarekin hasi zen emanaldia. Etorri ziren gero eskola frankistak. Etorri ziren ikastolen sorrera garaiko kontuak. Trantsizioa esplikatu zen. Eta entzun genuen, berriz ere, Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, demokrazia zerri askara bota beharko genukeela. Eta nola ez garen geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak.

1987ko Zarauzko Kilometroak ere agertu ziren: “Euskal Herri bat, euskal eskola publiko bat” aldarrikatzen zuen lelo hura. Gero, 1993ko publifikazio legea. Eta batzuek zergatik ez zuten ontzat jo.

Euskaldunon Egunkaria bortxaz itxi zigutela ere kontatu ziguten, hunkitu egin ginen “Egunkaria libre” kartelekin atera zirenean. Baina, ez zen emanaldi tristea izan. Ez zen nostalgia lokaztu bat izan. Kontatu ziguten nola jakin izan dugun txarrenari onena ateratzen. Nola euskara putzu sakon eta ilun bat izan zen. Nola herri batek, batzuetan, ur gazitik ere edaten ikasten duen.
Ikasturte amaierako jaian geunden. Guraso mordoa. Aulki deserosoak. Umeak dantzan, kantuan, antzerkian. HHtik 4. DBHraino. Ikasle eta irakasle guztiekin. Nekez egongo da gure herriaren eta hizkuntzaren historia ikasi eta irakasteko modu hoberik.
Ez zen historia klase bat izan. Edo bai. Baina historia kantatua izan zen. Gorputza zuen. Negarra. Barre pixka bat ere bai. Dantza. Eta batez ere, norabidea: nondik gatozen, nora goazen eta nora joan nahi dugun.

Ondo dago, bakoitza bere errendimendu pertsonalaren gimnasio txikian izerditan ari den garaiotan, noizean behin begirada komunitatean jartzea. Ondo dago gogoratzea ez garela soilik gure curriculum txikiak, gure ordutegi partekatuak, gure fakturak, gure pantailak eta gure ninini-ak.

Ondo dago 3, 5 edo 7 garen galdetzea Espainiaren barruan EAEtartzea erabat normalizatu dugun garai hauetan. Euskarak eta euskarak bakarrik batzen gaituelako denak, egiten gaituelako nor; ikastolak ere batzen gaituelako, bagarelako putzu sakon eta ilun batetatik ateratako ahots bat. Sohütatik Labastidaraino. 

Orain dela 60 urte sortu zen Zarauzko ikastola, Salbatore Mitxelena, ametsa zena, herriarena. Gure hizkuntzak har dezan arnas. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...