Austeritaterik ez armagintzarentzat

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europako Batzordeak duela urtebete abian jarri zuen Europa berrarmatzeko estrategia. Errusiaren mehatxua tarteko eta Ameriketako Estatu Batuen babes galeraren aitzakiapean, kanpo eta barne segurtasuna indartzeko eta, batik bat, Europako Batasunaren ekonomia suspertzeko asmoarekin, armagintza sektorera 800 mila milioi euro bideratzeko finantza lerroa zabaldu zuen.

Ildo berean, armagintzarako gastua indartzeko Egonkortasun eta Hazkundearen Ituneko zerga arau zorrotzak malgutzea erabaki zuen. Helburu militarrerako estatu kideen mailegu gehigarriak zabaltzea eta kohesio fondoetako diru lerroak armagintzarako desbideratzea ere onartu zen. Ondorioz, aurrekaririk gabeko gastu militarra sustatzeko ahalegina dago Europako Batasunean eta helburua NATO erakundean hitzartutako Barne Produktu Gordinaren %5era heltzea da. Arau fiskalen malgutasun horrek, duela hamabost urte Europako hegoaldeko herrialdeei ezarri zitzaien austeritate fiskalaren zorroztasunarekin alderatuta, EBren ikuspegi bikoitza erakusten du. Europa soziala eraikitzeko ezinezkoa zena, orain egingarria da gerraren Europa eraikitzeko.

Nolanahi ere, Batzorde buruak berak aurreratu zuen gisa, zerga arau horien malgutasuna behin-behineko neurria da, berandu baino lehen gobernuek beren aurrekontu defizita murriztu beharko dute, ohiko aurrekontu doikuntzara itzulita. Zergen igoera agendatik at dago aspaldion. Beraz, etorkizun hurbilean gastu sozialaren murrizketa indartuko da.

Europako segurtasunaren eta autonomia estrategikoaren geruzapean gastu militarra erdigunean ipintzen da, guztion eskubide sozialen gainetik

Aurten Frantziako Estatua zein Alemania olatu militarista horrekin guztiz lerratu dira. Lehenak agindu du 2027rako bikoiztu egingo duela hamar urte lehenago zuen defentsarako urteko gastua. Alemaniak ere datorren urtean %27,9 handituko du gastu militarra, BPGaren %3,1era igota, NATOrekin hitzartutakoaren ildotik. Gainera, Alemaniako konstituzioaren erreforma berriak ahalbidetzen du mugarik gabe zorpetzea berrarmaketa finantzatzeko.

Merz kantzilerrak, aldiz, 40 mila milioiko murrizketa iragarri du ongizate gastuetan aurten bertan. Alemaniak Europako Batasunean historikoki bultzatutako austeritatearen hipokrisia bistan geratu da, benetako helburua baliabide publikoak armagintza industriarako transferentzia erraldoiak bideratzeko garaian. BlackRock inbertsio fondoa agertzen da mugimendu horren onuradun nagusi bezala eta, inoren harridurarako, Merz bera izan da bertako zuzendaritzako kide, presidentetzara iritsi aurretik. Interesen gatazka azpimarratzekoa da, BlackRock defentsarako europar zein ipar amerikar enpresa nagusietako akziodun instituzionala baita. Eta gainera, bonuen merkatuan ere eragile nabarmena izanik, BlackRock fondoak armagintza finantzatzeko Alemaniak jaulkitzen duen zor publikoaren merkatuko trukeen onurak jasoko ditu.

Europako beste herrialde ugarik bezala, Alemania zor publikoaren mila milioika euro transferitzen ari zaie armagintza industriako akziodunei. Inbertsio fondoek onurak jasotzen jarraituko dute. Defizit publikoa ez da murriztuko eta armagintzara birbideratuko da, osasungintza, pentsioak edo hezkuntza baztertuta.

Finean, Europa berrarmatzeko estrategia honekin austeritateak bizirik dirau, baina itxura berriarekin eta lehentasun berrietara egokitzen da. Europako segurtasunaren eta autonomia estrategikoaren geruzapean gastu militarra erdigunean ipintzen da, guztion eskubide sozialen gainetik. Eszenatoki globalean Europako potentzia militarraren eredua ezarri nahi dute eta, aldi berean, barne kohesiorako oinarriak ahultzen dituzte. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...