“Alardea izorratu nahi genuen lau emakume ero ginela, denak ‘etarrak’, kontakizun interesatua da”

  • Errelatoa zenbateraino desitxuratu eta manipulatu da, duela 30 urte emakumeak Irungo (Gipuzkoa) alardean ateratzen hasi zirenetik? Orduko eta oraingo gertakizunak lehen eskutik bizi izan dituen Mertxe Tranche historialariak lagundu digu kontakizuna osatzen. Ekainean lehenengo txilibitua entzutea festa giroa usaintzea da irundar askorentzat, baina ikara sentsazioak hartzen du Tranche. Urte luzetan bizitakoaren (eta elkarrizketa honetan jaso ez direnen) ondorio.

Argazkilaria: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bidasoaldeko iruditeria kolektiboan oraindik presente dagoen errelatoa da alardean ateratzea emakume gutxi batzuen kapritxoa eta inposizioa izan zela, aurrez eztabaidatzeko aukerarik eman gabe. Probokatzera eta alardea zapuztera zetozela, eta gauzak beste era batera egin balituzte emaitza agian bestelakoa izango zela.

Norbaiti entzuten diodan bakoitzean gaizki egin genuela… Ez dakizu zein gogoetatua eta zein neurtua zen ematen genuen urrats bakoitza, baina konturatu ginen berdin ziola, modu batera edo bestera egin, Irungo hiriak inoiz ez zukeela onartuko. Kontakizun interesatua da eta jakina egon zela eztabaida aurretik. Are gehiago, eztabaida aspalditik zetorren, baina aukera planteatzen zen aldiro, erantzuna berdin-berdina zen: hiria prest zegoen gure gainera jauzi egiteko. Horren adibide da 1996an, oraindik ez genuenean urte horretan aterako ginenik esan ere egin, egunkarira gutuna bidali zutela esanaz erotuta geundela eta alardea suntsitu nahi genuela.

Eztabaida askoz lehenagokoa zela erakusten duten adibideak baditugu. 1976an, esaterako, Irungo Musika Bandako zuzendariak eraman zuen gaia: Udal Musika Bandan hiru emakume sartu ziren urte hartan eta udal bandak alardean hartzen zuen parte. Zer egin? Aktan jasoa dago, gainera, zuzendariak berak esandakoa: lehenago edo geroago gaia indar handiagoz planteatuko zela eta onena zela gauzak oraindik bare zeudenean eztabaidatzea. Baina alkateak agindu zuen alarde egunean hiru emakumeen ordez hiru gizon sartzeko, eta kito. 1978an, bi neskak irratian eskatu zuten alardean ateratzeko baimena, argudiatuz eurak ere Irungoak zirela. “Uste dugu, gainera, horrela alardea politagoa izango dela”, zioten. 1979an, udalak erabaki zuen festa batzordea sortzea eta jende ugari sartu zen bertan, tartean emakume gazte feministak. Emakumeek alardean parte hartzearen aukera mahaigaineratu zuten eta erreakzioa betikoa izan zen: “Erokeria da eta alardea suntsitu nahi duzue”. Gau osoa iraun zuen bilera baten ostean, emakume horiek atzera egin behar izan zuten, aukera planteatzeak bakarrik zer sortu zuen ikusita.

"Gu prest ginen ez ateratzeko, baina eskaintzaren batekin, prozesu bat irekitzeko promesarekin… Mespretxuz tratatu gintuzten, ez ateratzeko besterik ez ziguten agindu; ateratzen saiatzea beste alternatibarik ez ziguten utzi"

1996ko txinparta piztu zuen alardean emakumeek gizonen modu berean parte hartu ahal izatea udal ordenantzan jasotzeko eskaerak.

Bidasoaldeko Emakumeok aprobetxatu genuen 1996ko apirilean ordenantza aldatu behar zutela, ordenantza berrian eskaera hori ere jasotzeko. Garbi geratu zen non kokatzen zen bakoitza [PSOE, EAJ eta PP alderdiek (udal ordezkarien gehiengoak) kontra bozkatu zuten, eta HB, EA eta IUk alde. Are, EAJk eskatu zuen ordenantzan soldaduak hitza ordezkatzea gizonak hitzagatik, argi uzteko soldaduek gizon izan behar zutela nahitaez].

Eskaerak sor zezakeen zalaparta aurreikusita, oso ongi neurtu genuen udalbatzarrera nola agertu, ez genuen irudi agresiborik eman nahi. Adierazi genuena izan zen ordenantza aldatu behar zela, eta ulertzen genuen prozesu baten abiapuntua zela, ez genuen esan urte hartan bertan alardean aterako ginenik. Baina bizpahiru hilabete horiek aldatu zuten dena, ateratzea erabaki bagenu bezala tratatu gintuzten.

Emakumeek parte hartzearen aurkakoek eragin zuten emakumeak ateratzea!

Bai, zeren ez genuen hala planteatua, baina hilabete horietan jendea erotu egin zen, udalbatzara joan ginenok jasan genituen presioa eta tentsioa, sufritu genituen mehatxuak eta biolentzia, izugarriak izan ziren (nik hurrengo urteetan lan bat galdu nuen eta bi auto izorratu zizkidaten, adibide pare bat emateagatik). Entzun behar genituen irainak ezin sinistekoak dira…Eta ikusirik jada ondorioak pairatzen ari ginela, hordagoa bota genuen, aterako ginela, ea negoziazio bat lortzen genuen, baina jakin gabe ateratzeko modurik izango genuenik ere! Eta Alardeko Junta (oraindik udal egitura zelarik) gurekin biltzea lortu genuen. Gu prest ginen ez ateratzeko, baina eskaintzaren batekin, prozesu bat irekitzeko promesarekin… baina mespretxuz tratatu gintuzten eta ez ziguten eskaintzarik egin, ez ateratzeko besterik ez ziguten agindu, eta hori ikusirik, ateratzen saiatzea beste alternatibarik ez ziguten utzi. Asko eztabaidatu genuen zein izan behar zuen gutxieneko kopuruak eta adostu genuen hamabost emakume behintzat izan behar zutela San Martzial egunean alardean ateratzeko asmoz agertuko zirenak…

"Konbentzituta geunden gutakoren bat hilko zutela; pentsa, eskopeta eskutan zuten 8.000 gizonez betetako plaza batean geunden, batzuk burua gure aurkako mezuz saturatuta…"

Eta 57 emakume agertu ziren. Baina bi-hiru hilabete horien ostean, emakume horiek ez ziren ateratzearen beldur?

Beldurra ez, terrorea genuen. Ni San Martzial egunean arduratu nintzen emakume taldea koordinatzeaz, eta laguntzaile aritu nintzen desfile kanpotik; lehenengo urte horretan ez nuen izan beste batzuek bai izan zuten adorea. Konbentzituta geunden gutakoren bat hilko zutela, eta hurrengo urteetan berdin; pentsa, eskopeta eskutan zuten 8.000 gizonez betetako plaza batean geunden, gizon horietako batzuk erdi-mozkor, beste batzuk burua gure aurkako mezuz saturatuta… Hirugarren urterako, pentsamendua zen hau guztia konponduko zela gutakoren bat hiltzen zutenean. Duela gutxi, emakume bati entzun nion esaten “nik ez nukeen ausardia hori izango”, eta besteak erantzun zion “bai, aterako zinatekeen”, elkarrenganako leialtasunak bultzatu gintuelako, egun horretan gutako bat ez agertzea zelako gainerakoak bat gutxiago izatea. Elkarren babesa behar genuen.

“Gure arrastoak jarraituz” paseo historikoa eskaintzen diezu urtero Alarde Berdinzaleko kantinerei, eta batez ere 1996ko ekainaren 30 hartan gertaturikoa kontatzen diezu.

Urdanibia plazan [alardea hasten den lekuan] geunden, Ama Xantalen konpainian sartzeko asmoz, eta konpainia horretan desfilatzen ari zen Fermin Muguruzak, ikusi gintuenean, bat-batean gelditu, lekua egin eta “barrura, barrura!” oihukatu zigun. Hortik aurrera 57 emakumeek San Joan plazaraino [aldapa bat baino ez dago Urdanibiatik San Joanera] sufritu zutena benetako kalbarioa izan zen. Arropa bortxaz kendu zieten, denetik bota zieten, iraindu zituzten… eta konpainiako gizonek musika jotzeari utzi eta korrika alde egin zuten. San Joan plazan emakumeen misioa zen komandanteari gutun bat ematea zeinetan azaltzen zuten aldarrikapena bisualizatzea izan zela asmoa eta puntu horretan erretiratu egiten zirela [alardearen ibilbidea dezente luzeagoa da], baina komandanteak ez zuen gutuna hartu nahi eta arriskua haziz zihoan, gero eta soldadu gehiago iristen ari zirelako plazara. Azkenean, EAJko zinegotzi bat komandantearengana hurbildu zen esatera gutuna hartzeko, eta udal arkupeetan emakume haiek eta gutako beste hainbat babestu ginen. Plazatik denetarik bota ziguten, alardeak bere ibilbidea berrartu zuen arte. Alkateak eta Tolerantzia zinegotziak hurrengo egunean esan zuten herriak alardea salbatu zuela eta festak irabazi zuela.

Eta bai, kantinera berriekin egiten dut hori guztia kontatzeko paseoa, ez dezaten ahaztu oinarrian dagoena. Jaiak ongi pasatzeko dira, ez diet gorrotoa helarazi nahi belaunaldi gazteei, baina bai gogoeta, argi izan dezatela alardean ateratzen garenero espazio publikoa okupatzen ari garela. Eta esaten diet badagoela zati bat ezin dena transmititu: pasatu genuen beldurra, gure bizitzak egun batetik bestera errotik nola aldatu ziren, urtetan zer jasan dugun, zenbat lekutara joateari utzi behar izan diogun… Aldi berean, jende ugarik elkar ezagutu dugu bide honetan eta honek guztiak asko elkartu gaitu.

"1997an, San Martzial egunaren bezperan jakin zen Alardeko Juntako agintariek gure parte-hartzearen alde bozkatu zutela, baina estatu kolpea eman zuten eta hurrengo egunean gu bakarrik agertu ginen abiapuntuan"

1996a urte historikoa da gatazka honetan, baina 1997ko alardea erabakigarria izan zen, hain ezaguna ez izan arren.

Hala da. 1996tik 1997ra udalarekin izan genituen bileretan, elkarrizketa beti bera zen: guk esaten genuen alardean ateratzeko eskubidea genuela eta beraiek erantzuten ziguten hori epaile batek erabaki behar zuela. Gurpil horretatik ezin atera, esan genuen, ados, epaile batek erabaki dezala, eta ordutik leporatzen zaigu gatazka judizializatu egin genuela. Epaileak ebatzi zuen alardean sartu behar gintuztela, konpainia propioa sortu behar zela horretarako, eta bitxia dena, agindu zuen ebazpena Alardeko Juntak bozkatu behar zuela eta bozketaren emaitza San Martzial bezperan jakingo zela. Noiztik bozkatzen da ebazpen judizial bat? Kontua da bozkatutakoa errespetatzeko konpromisoa hartu zutela denek eta hara non San Martzial egunaren bezperan jakin zen Juntako agintariek gure parte-hartzearen alde bozkatu zutela [bozketa sekretuaren emaitza izan zen 15 boto emakumeek parte hartzearen alde eta 12 kontra]. Galdu zutenek estatu kolpea eman zuten eta egun eta gau hartako anabasaren ondorioa izan zen hurrengo egunean, San Martzial egunean, gu bakarrik agertu ginela Urdanibia plazan; gainerako konpainia guzti-guztiek bat egin zuten alardea beste auzo batetik abiatzeko eta bakarrik utzi gintuzten.

Hori da ikusi genuena, baina Carmen Gurruchaga kazetariak analisi oso interesgarria egin zuen, erabat ezkutuan pasatu dena: kontatzen du egun batetik bestera alardearen hitzordua, abiapuntua eta ibilbidea aldatzea ez zela zerbait espontaneoa izan, aurrez planeaturiko zerbait baizik, eta PSE, EA eta EAJko buruzagitzak aurreko astean aritu zirela Irungo ordezkari politikoekin bilerak egiten, erabakitzeko nola egin epaitegien ebazpena betetzen zutela esan eta ez betetzeko. Zentzua du, bestela zaila baita ulertzen zeinen azkar antolatu zen estrategia hori guztia.

Harritzen nau jendeak urte honi buruz duen ezezagutzak. Tradizionaleko jende askok ez daki bozketaren emaitza gure aldekoa izan zenik. Juntako agintariek eurek esan izan didate gu ez ateratzea izan zela bozketaren emaitza.

Hainbaten errelatoak ere badio ezker abertzaleak bultzatua dela Alarde Berdinzalea, alardea politizatu zutela.

Alardea politizatu? EAJk eta PSEk alardearekin izan duten lotura politikoa agerikoa da, eta funtsezkoa da gainera auzi hau guztia ulertzeko, baina errelatoan ezkutatu egiten da. 1978tik aurrera EAJko zinegotzien zerrendak eta alardeko aginte karguen zerrendak alderatu, eta ikaragarria da: udalerako lehenengo hamabi postuak beti dira alardeko aginte karguak. 1983an PSEk Irungo alkatetza lehendabizikoz irabazi zuenean, sekulako iskanbila piztu zen eta haustura gertatu zen: boterea “kanpokoek” lortu zuten, baina alardean boterea “Irungo betikoek”, “herrikoek bertakoek” zuten, EAJren bueltakoek, eta adibide esanguratsuak utzi zituen horrek hurrengo urteetan.

Baina beste diskurtsoa interesatzen zitzaien: “Lau emakume ero dira, denak etarrak, eta ezker abertzaleak nahi duena da festak izorratu”. Ez da egia, gogoeta hartan ari ginenok hainbat emakume elkarte batzen zituen Bidasoaldeko Emakumeen koordinadorako kideak ginelako, profil ezberdinekoak. Eta gogoeta izan zen espazio sinbolikoak ere izan behar zuela feminista eta femeninoa. Pentsa zein arrakastatsua izan den gerora ideia hori, eta zenbat eta zenbat herritan bete diren emakumez gizonek baino hartzen ez zituzten espazioak.

"Santanok dio bera izan dela Alarde Mistoa agurtzera balkoira atera den lehenengo alkatea! Hori zinismoa, hogei urte egin zituen harrera egin gabe"

Irungo Udalak dio urte hauetan guztietan lan egin duela alde batekoen eta bestekoen nahia bermatzeko eta errespetatzeko.

Bi sentsibilitate daudela dioen diskurtso hori hain da zinikoa. Esango bagenu bezala, “bi sentsibilitate daude, arrazista izatea eta ez izatea; biak errespetatu behar ditugu”. Irungo Udalak Alarde Parekidearen alde egin duena labur deskriba daiteke: ezertxo ere ez. Inoiz ez digu ezertan lagundu, nahiz eta udalen zeregina ere baden berdintasun printzipioa betetzea. Are gehiago, José Antonio Santano [PSE] aurreko alkateak urteren batean esan zigun amore emateko, ez zegoela zereginik eta uzteko alardea egiteari. Beste adibide adierazgarri bat: alarde diskriminatzailearentzat dirua biltzeko berriki egin den Alardealdia jaian, EAJ eta PSEko hainbat zinegotzik hartu du parte.

“Ezertxo ere ez” orduan ez…

Arrazoi duzu, ezer ez baino gutxiago egin du udalak, alarde diskriminatzailearen alde poisizionatu delako. Baina urteak pasatu ahala zer ikusi dute? Karrera politikoa Irundik kanpo egin nahi badute, alardea zama bilakatu zaiela. Alberto Buen [PSE] alkateari, Arartekoaren laguntzaile izan nahi izan zuenean, hala gertatu zitzaion, eta José Antonio Santano ez zen orain Madrilgo Gobernuan izango, baldin eta bere azken alkatetza urtean ordura arteko jarrera aldatu eta Alarde Mistoa agurtzera ere atera ez balitz udaletxeko balkoira. Begira zer nolako zinismoa, Santanok dio bera izan dela Alarde Mistoa agurtzera atera den lehenengo alkatea! Hori da hori buelta ematea, hogei urte egin zituenean Irungo alkatetzan Alarde Mistoari balkoitik harrera egin gabe.

Egungo errelatora iritsi gara: ez dago gatazkarik, bakoitza ateratzen da nahi duen alardean eta denak lagunak.

Nik ez dut nahi dudan alardean ateratzeko aukera hori, ni bietako batean baino ezin naiz atera. Egia da elkarbizitza hein batean erreparatu dela eta batzuon eskuzabaltasuna izan dela oinarria (hainbatengandik jasandakoa albo batera utzi dugulako), baina tentsioak bizirik dirau. Kontua da ezin duzula beti tentsio horrekin bizi. Eta gainera, baikortasunerako motibo asko dugu.

Hain justu, errelato horri eusten dio Alarde Berdinzaleak: “Gero eta gazte gehiagok desfilatzen du gurean eta lehenago ala geroago alarde bakarra eta berdinzalea izango da”. Zenbat urte pasatu diren kontuan hartuta, ez al da baikorregia?

Baikortasunerako arrazoiak ditugu, asko ari garelako hazten, eta gurera batzen ari direnak jende oso gaztea direlako. Ikuspegi legaletik ere, berdintasun printzipioa eremu pribatuan ere aplikatu beharko da azkenean, eta alarde diskriminatzaileari eragingo dio. Eta instituzionalki, lehenago edo geroago zerbait egin beharrean izango dira. Santano [alkate ohia] ez zen balkoira atera feminista delako, baizik eta konturatu zelako Alarde Mistoan 2.500 garela, eta hori 2.500 familia dira. Alarde Tradizionalean ateratzen diren gizonen alaba asko hasiak dira gurean ateratzen, eta udalari momenturen batean gertatuko zaio baliagarriagoa izango zaiola norabidea aldatzea. Eta orduan urrats erraldoia emango dugu, zeren gakoa instituzio publikoa da, berak markatu behar du bidea.

Hiritarrek, berriz, ezikusia egiten ziguten, edo “hau ez doa nirekin” pentsatzen zuen askok, baina gaur da eguna ikusi ikusten gaituztela eta zer esanik ez zure alaba alardean ateratzen bada: gatazka begien aurrean duzu eta gauzak berraztertzera behartzen zaitu.

"Zer ez duten ikusi eta entzun haurrek, Irun eta Hondarribian! Hori gizarte gisa onartzea… Eta horrek guztiak, gainera, ez du ondoriorik ekarri"

Indarkeriarekiko erabateko inpunitatea aipatzen duzu zure idatzietan.

Gizarte bezala bizi izan dugun biolentzia-maila ikaragarria izan da. Hondarribiaren kasuan, indarkeria fisikoari lotuta are gehiago. Nik han ikara pasatu izan dut, motorrak atzetik segika, kolperen bat noiz emango zidaten esperoan… Eta haurrei burua berotzen diezunean emakumeak iraintzera joan daitezen, edo harriak botatzera, “bihurrikeria” horiez barre egiten duzunean, hori egitea ongi dagoela esaten ari zara. Zer ez duten ikusi eta entzun haurrek, Irun eta Hondarribian! Hori gizarte gisa onartzea… Eta horrek guztiak, gainera, ez du ondoriorik ekarri. Ertzainek ere, alardean gu babesteko inguruan genituenek, sekulako ostikoak emateko aprobetxatzen zuten eta ahapeka “puta” gora eta “puta” behera aritzen zitzaizkigun.

Historiko-soziologikoki, zergatik uste duzu beste herri batzuetako jaietan emakumeenganako diskriminazioa gainditzen doala, baina berdin jarraitzen dutela Irun eta Hondarribian?

Alardeak, bere txikitasunean, munduko beste gertaera askoren eskema errepikatu du: Frantziako Iraultza, Errusiakoa, 68ko Maiatza… eta gizarte mugimendu eta iraultza horietan ikus daitekeena da mugimendua sortzen duena dela lortzen azkena. Beste herrietan zer gertatu den? Instituzioak esku hartu duela eta Irun eta Hondarribian gatazkak zenbateraino katramilatu diren ikusita, errazago eman dituztela pausoak, berdina ez errepikatzeko. Tira, iruditzen zait lehenago edo geroago bere jarrera ordaintzen bukatuko duela Irungo Udalak.

1996ko irudiak. Goikoan, desfilatzeko ausardia izan zuten 57 emakumeetako batzuk. Beheko argazkian, behin San Joan plazara iritsi zirelarik, istilu artean eta gizonezko soldaduez inguraturik, udaletxeko arkupeen babesera noiz joango zain. ARGAZKIAK: ALARDEPUBLICO.ORG
Alardepublico.org

 


Irungo Alardea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...