Lagun batek esan dit Brasilen Pix-en inguruan gertatzen ari denaz idatzi beharko nukeela. Zer da Pix? galdetu diot. Eta azaldu dit Pix dela Bizum antzera bankuen arteko interoperabilitatea baliatzen duen sistema bat, mugikorren zenbakien bidez funtzionatzen duena, eta pertsonen arteko transferentziak eta ordainketa komertzialak egiteko baliatu daitekeena. Bada, ordea, esan didanez, funtsezko ezberdintasun bat: Bizum enpresa pribatu talde batek (banku talde batek) garatu du eta Bizum Services S.L. enpresak kudeatzen du; aldiz, Pix Brasilgo Banku Zentralak sortu eta bere osotasunean kudeatzen du. Bere izaera publikoak badirudi herrialde guztian eragin handia izan duela eta lehenetsitako ordainketa sistema bilakatu dela. Bi sistemak sistema zentralizatuak dira, Bizumen kasuan banku kontsortzioak kudeatua, Pixen kasuan gobernuak kudeatua.
Lagunak azaldu didanez, Pixen arrakastak alertan jarri ditu AEBetako marrazo eta dinosauro guztiak, zeren BEITH (Brasil Errusia India Txina Hegoafrika) bezalako herrialdeek Mastercad eta Visa moduko estandarrak alde batera utziko balituzte, euren kontrolpean dagoen diruaren azpiegitura porrotera joango litzateke. Eta hor dabiltza Pix eta narkotrafikoaren inguruan kontakizuna sortzen, eskua sartzeko, boterea ez galtzeko. Ezer berririk ez...
Joan den astean, mastodon.eus-en irakurri nuen badela diruaren inguruan proiektu bat Euskal Herrian Eusko deiturikoa: tokiko moneta da, tokiko ekonomia bultzatzea helburu duena.
Pixek eta Euskoek zer pentsatua eman didate gaur. Izango litzateke posible tokiko moneta deszentralizatu digitala sortzea? Zentzua luke? Bizitza konplikatuko luke ala ondu? Ingurumenari kalte gehiago ekarriko lioke? Tokiko ekonomia bultzatzeko balioko luke?...
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.