Makinatxo bat bider entzun dugu edozein sexu eraso zuritzeko "es que van provocando" (probokatu egiten dute-eta) esaldia, minigona, praka estuak edota eskote oparoa jantziz gero. Errua biktimarena. Fokua erasoa jasandakoaren gainean.
Antzeko justifikazioa eman du Zupiria Segurtasun sailburuak Global Sumud Flotillaren ongietorrian Ertzaintzak banatutako egur eta zopa-salda dela-eta: Probokatu egin zituzten, barren! Berriro ere fokua jipoituengan. "Probokatzen zabiltzate", hainbatetan andreok entzun dugun esaldi durduzatzailea, biolentzia eragileek darabilte bortxa legitimatzeko.
Flotillakoek ez zeramaten ez eskoterik, ez gona laburrik, Israelgo armadak emandako txandala baino. Eta kufiyak, zapi palestinarrak. Painelu horiek ote dira minigona bezain asaldatzaileak poliziendako?
Bestetik, egurlarien izaeraren gaineko kezka ere ernetu zait: erri+zainek ez ote lukete ustezko probokazioen aurrean tenplatu jokatu behar? Gutxieneko patxada litzateke eskatu beharreko kualitatea, "ordena eta bakearen" ardura ei dutenei.
Minigonak eta kufiyak probokatzaile omen gure gorputzek janzten dituztenean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.