Ez izan konspiranoikoa”, erabiltzen dute argudio nagusitzat, gu kontrolatu nahi gaituzten munduko gaiztoei buruzko informazioa azaleratzen denean. “Ez zaitez baboa izan”, erantzuten dut. Irakurtzen duguna, sare sozialetan ikusten duguna eta pentsatzen duguna kontrolatzeko asmoa ez da etorkizuneko kontua, errealitatea baizik. Ez dira ezkutatzen. Netanyahuk komunikazio korporazio handien akzioak eskuratzeko programak ditu; Frantziako eskuin muturreko Vicent Bolloré etengabe ari da El País edo Cadena Ser kontrolatzen saiatzen; eta KKR inbertsio-funts sionista, musika-jaialdi nagusiak erosi zituena, orain TVEko, TV3ko edo Antena 3ko entretenimendu programa ikusienak egiten dituzten ekoiztetxeetara heldu da.
Funts sionista horrek AEBetako Alderdi Errepublikanoko Nikki Haley edo Donald Trump hautagaien hauteskunde kanpainak finantzatzen ditu, eta ziberteknologia enpresetan eta Tel Aviveko datu-base zentro erraldoietan inbertitzen du. Eta gure telebistako zappingaren kontura aberasten da. Beren ekoizpenen audientzia igotzen denean, ekoiztetxeen akzioen balioa handitu egiten da, eta KKRren presidente Henry Kravis-en poltsikoak betetzen dituzten etekinak puztu egiten dira.
Sónar edo Viña Rock festibalekin gertatu zen bezala, kontraesanak gutako bakoitzarengana iristen dira, eta Coca Cola bat hartzen dugunean baino gehiago eragiten digute. Ezin dugu saihestu gure aisialdi, kultura, ondo pasatzeko denbora lapurtzen ari zaizkigun sentsazioa, eta ukazioraino iristen gara. “Ze astunak ikerketa kazetari hauek. Ezin da ezer egin, ez kontzertuetara joan, ez telebista ikusi”. Gainera, ezin da ahaztu lagun eta ezagun askok enpresa horientzat lan egiten dutela, kontzertuak antolatzen eta pantaila txikiko telesail arrakastatsuen backstagean. Erabaki genuen ez genuela inoiz McDonald’s-entzat lan egingo, baina kontua da gaiztorik gaiztoenek bukatu dutela gure nagusien bulegoetan, aurrerakoi itxura zuten nagusien bulegoetan.
Benetan zoratuta daude, planeta suntsitzeko gai dira, eta gu peoi hutsak gara haien asmoetan
Dena eros daitekeen premisapean funtzionatzen duen mundu honetan, ultrakapitalistek badakite dirua mahai gainean jarrita, azkenean kontrolatu dezaketela irakurtzen, ikusten eta pentsatzen duguna. Irtenbide bakarra dago: ezinezkoa izatea lan egiten dugun enpresak, irakurtzen ditugun liburuak inprimatzen dituzten argitaletxeak edo gure telesail gogokoenen ekoizleak txeke bidez bereganatzea. Birkapitalizazio soziala premiazkoa da. Bizitzea suertatu zaigun planeta distopikoan gobernatzen eta erabakitzen dugunak izateko aukera dugu, ez soilik kontsumitzaile posiziotik, baita langile gisa ere. Ez dut sinetsi nahi XX. mendetik idatzita dagoen istorio honi buelta emateko gai ez garenik, hain zuzen, beldurrarekin eta diruarekin kontrolatu nahi gaituzten jende autoritario, nartzisista eta bortitzen istorio honi.
Horiek geldiarazteko, ezinbestekoa da mugikorraren pantailako tekleoarekin “askatasun” dosi handiak lortzen ari dela uste duena konturatzea New Yorkeko etxe orratz bateko administrazio kontseilu batetik ari direla diseinatzen bost urte barru Instagram edo Tik Token ikusi nahiko duena. Hain urrun iritsi dira, non ez duten egungo kontrola planifikatzen; etorkizuneko kontrolean inbertitzen ari dira.
Eta ez dute egiten zoriontsu izan gaitezen, batez ere beren pribilegioei eusteko egiten dute –milaka milioi euroko kontuei, Pazifikoko irla birjinetan dituzten luxuzko tokiei, edo Groenlandian edo Marten dituzten bizirauteko bunkerrei–. Benetan zoratuta daude, planeta suntsitzeko gai dira, eta gu peoi hutsak gara haien asmoetan, metaketa kapitalistarako eta beren buruak “enperadore” edo “errege” global berri izendatzeko asmoetan. Lehenago edo geroago gelditu egingo ditugu. Iraultza beti dago kale kantoian, izkinan bira hartu besterik ez da egin behar.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.