Oihu egitea gaizki ikusia da jendarte hezietan: ulergaitzak diren garrasiak aberekeriarekin lotzen dira edo zibilizazio aurreko gizaki barbaroen ustezko komunikazio tresna basarekin. Haur kapritxodunei eta berdin erditzen ari diren emazteei isiltzera manatzen zaie, beldurrez eta haien humanitatea bat-batean galduko dutela esaten zaie. Eta entzun dukezue terapia berri bat garatuz doala, norberak bere baitako haserrea eta etsipena askatzeko “oihu primarioa” libratzean oinarritua; baina nork du serioski hartuko, gizarte jantzietan?
Bizkitartean, heiagora franko entzun ditugu, azken aste hauetan. Joan den maiatzaren 23an, "Karriken oihua" izeneko eguna antolatua zuten Iparraldeko komite antifaxistek Itsasun, faxismoaren eta zerbitzu militarraren salatzeko. Euskal Irratiek ekimen horren berri eman zuten, beren uhinetan eta sarean. Munstroak sortzen direnean dokumentalaren proiekzioa, mural eta boxeo tailerrak, bazkari animatua, kontzertuak, eta bereziki mahai-ingurua: egitarau aberats bezain hausnartzailea eskainia zen, gobernuen isuri autoritarioak, jendarteak eskuin-muturreko ideiei eskainitako babesa, Frantziako Estatuak berriki plantan ezarri duen soldadutza eta 2011tik geroz 16-25 urtekoek derrigorrez segitu behar duten "Defentsa eta Herritartasun Eguna" gaitzesteko.
Bi aste lehenago, ozenki entzun genuen "laku bat orroka", Senperen, Herri Urratsen karietara: bai ikasle, bai irakasle, bai familiek azterketak euskaraz iragateko eskubidea goraki aldarrikatu zuten, Parisko agintari gorrek entzuteko asmoz. Euskal Konfederazioak, bestalde, deiadarra berriz piztu du eta euskararen aldeko manifestaldi erraldoi batera deitu, datorren azaroaren 21ean.
Gure oihuak ez dira basakeria edo zaunka hutsa: haserreagatik jalgi arren, ez dira primarioki ateratzen diren marrumak. Alderantziz, zentzuzko mezuak, oinarrizko balioak adierazten dituzte
Oihuka, orroka, deiadarka aritzea: hara zertaratuak garen, manatzaileen muturkerien eta indarkeriengatik. "Oihu, oihu, oihu, oihukatu", da Zea Mays taldearen gonbidapena, Oihu izeneko kantuan. Eta Kuraia taldeak, izenburu bereko piezan, honela dio: "Bizirik gaudela / ez badegu oihukatzen / Haizea ehortzita dagoen basoan / urkatu dezagun isiltasuna".
Orduan, Aimery Picaud beilari pikardiarrak arrazoi ote zuen, XII. mendean jadanik bere herrikideak honela abisaturik: [euskaldunak] "berbetan entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute"? (Wikipedia, Gidor Bilbaoren itzulpenarekin). Bistan dena ezetz, gure oihuak ez dira basakeria edo zaunka hutsa: haserreagatik jalgi arren, ez dira primarioki ateratzen diren marrumak. Alderantziz, zentzuzko mezuak, zuzentasunezko ihardukitzeak, oinarrizko balioak adierazten dituzte. Hortaz, arteak eta literaturak lagun gaitzakete duinki oihu egiten. Bi rock talderen testuak aipatu ditut, baina beste eredu batzuk ere baditugu. El Grito (Oihua) poema ezagunean, Federico García Lorcak dio kantuz oihukatzen ahal dela, buhame andaluziarrek bezala; eta Edvard Munch margolari norvegiarrak, Skrik (Oihua) margolan famatuan, natura osoa eta bere barne mundua zeharkatzen entzun zuen zarata izugarria irudikatu zuen, haren sublimatzeko. Gure olerkariek ere erakatsi digute hitzen bidez oihu egiten, modu eraikitzailean: 1913an, Oxobik testu bilduma oso bat Boz-oihu! Deiadar! Nigar deitu zuen; Ixiltasunaren oihua poeman, 1990ean, Henriette Airek azpimarratu zuen isiltasunaren soinu bipila; eta, garai berean, Jakes Ahamendaburuk, olerki zenbaitetan, oihu "hotz" edo "leitu"-ak entzunarazi zizkigun.
Esperantza dut etorkizunean ere jakinen dugula hitzez eta elkartasunez oihukatzen jarraitzen, entzunak izan arte, Berri Txarrak taldearen hitz hauek segituz: "Oihu egin nahi dut / arima urratu arte / isiltasunaren ozenez / gure egiak ere / haienak bezainbeste / balio dezake".
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.