Nor zara?” edo “deskribatu zure burua” bezalako galderak erantzutea uste baino zailagoa izaten da. Zerk definitzen gaitu? Izenak? Lanbideak? Jaioterriak? Zaletasunek? Gaitasunek? Erantzunak bakarra eta errepikaezina beharko luke izan, norbere hatz aztarnei justizia egiteko bestekoa. Baina, aspaldian denok janzten gara berdin, denok entzuten dugu musika bera, eta denok ditugu altzari berdinak gure etxeetan. Zure etxea eta Instagramen ikusi duzun norbaiten etxea, nirea ere izan zitekeen. Zure armairua albokoarena ere izan zitekeen, eta zure gustuetatik abiatuta egin zenuen playlist-a, tamalez, edonorena ere izan zitekeen.
Globalizazioak, merkatuak, kultura dominanteen mesedetan antolatutako sistema kapitalistak eta sare sozialek gu guztion homogeneizazioa ekarri dute. Bai, bereziak ginelakoan geunden, baina nahi gabe edo nahita, besteen berdinak bilakatu gara. Herritartasun kosmopolita horretan, badago aireportuen eta pantailen artean etxean sentitzen den “mundutarrik” ere. Leku guztietakoa dena, baina, aldi berean, inongoa ere ez. Beti iruditu izan zait norbere arduratik, zapalkuntzatik eta pribilegioetatik ihes egiteko modu moderno bat “mundutarra” izatea. Baina erosoa zirudien mundu horretan gerra hotsak eta kaosa dira nagusi, eta epe ertainera ez da bakearen lurralde izango. Ez da guztiontzat aterpe izango.
Beti iruditu izan zait norbere arduratik, zapalkuntzatik eta pribilegioetatik ihes egiteko modu moderno bat “mundutarra” izatea
Haize globalista eta gerra zaraten aurrean, nortasuna eta identitatea azaleratzen ari dira, ordea. Munduko oihanean nor garen ulertzeko helduleku bilakatu dira sustraiak, eta kaosaren aurrean norbere lurrari zein errealitateari lotzea segurtasun iturri izaten ari da. Norbere errealitate, zapalkuntza eta kodeetatik jarduteak konektatzen laguntzen du, eta identitate bezala kategorizatu diren esparru guztiek itzulpen materiala dutela erakusten dute. Horren adibide dira azkenaldian argia ikusi duten artista global batzuen lanak (Bad Bunny Puerto Ricoren kolonizazioari buruz, Quevedo Kanariar Uharteetako turistifikazioari buruz, Lola Indigo Andaluziako ondare eta kulturari buruz…); edo han eta hemen, lurraldean errotutako ezkerrak lortzen ari diren hauteskundeetako emaitzak, eskuinaren eta eskuin muturraren antidoto eta alternatiba bilakatuta. Gurean, gainera, alternatiba hori erresistentzia terminoetatik haratago joateko gaitasuna ere badugu, munduarentzat eta herrialde lagunentzat itsasargi efektua eginda. Egin dezakegun ekarpenik behinena hori da, beraz: gure herriaren baldintzak hobetzea, gaitasunak biderkatzea, eta askatasun osora bidean egunez egun urratsak ematen jarraitzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.