FIFA: Trumpen basailu, kapitalismo basatienaren mandatari

  • Ekainaren 11tik uztailaren 19ra jokatuko da gizonezkoen Munduko Futbol Kopa, AEB, Mexiko eta Kanadako estadioetan. Karga geopolitiko handiko edizioa izango da aurtengoa. Donald Trumpen agenda politikoak bete-betean zipriztindu du txapelketa, eta haren botereak erabat limurtu du FIFA nazioarteko futbol federazioko buru Gianni Infantino. Mozorrorik gabe jada, entretenimenduaren industria gorenera eraman nahi du italiar-suitzarrak, beharrezkoak dituen mugimenduak eginez horretarako, lotsagarriak izanik ere. Testuinguru horretan, jakin dugu Bilbok eta Donostiak hautagaitza bateratua aurkeztuko dutela 2030eko edizioko egoitza izateko.

FIFA nazioarteko futbol federazioak apolitikotzat definitzen du bere burua, baina Gianni Infantino presidente hiperaktiboak ez du eragozpenik izan argazkietan Trumpen zerbitzari moduan agertzeko. Irudian, Munduko Kopako garaikurra –eta bere arima– ematen
FIFA nazioarteko futbol federazioak apolitikotzat definitzen du bere burua, baina Gianni Infantino presidente hiperaktiboak ez du eragozpenik izan argazkietan Trumpen zerbitzari moduan agertzeko. Irudian, Munduko Kopako garaikurra –eta bere arima– ematen ari zaio AEBetako presidenteari.ETXE ZURIA

2026ko ekainaren 10ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Herri normala bagina, gizonezkoen Munduko Futbol Kopan gure selekzioak jokatuko lituzkeen partidez hitz egiten ariko ginateke. Edo, txarrenean, sailkatzea lortu ez izanak eragindako frustrazioaz idatziko genuke, italiar lurraldeetan gertatu den antzera. Baina gu, dohakabeok, beharturik gaude gure seme-alabei esplikatzera ez dela derrigorrezkoa La Roja edo Les Bleus babestea, Mikel Oyarzabalek eta Unai Simonek haiekin jokatu edo Didier Deschampsek entrenatzen dituelarik ere, Felipe VI.a Espainiakoak bideo "hunkigarri" batean esan duen arren Espainiako selekzioa gu –hegoaldetar– guztiona dela, eta batera egingo dugula bultza Munduko Kopan. “Sekula geratzen ez den taupada eta itzaltzen ez den ahotsa” delako gure herriarena. “Un país unido” ezaguna, kritikarik eginez gero nonork haizatuko duen “kirola eta politika ez dira nahastu behar” mantraren parekoa ia, selekzio nazional batek, bere sorreratik bertatik, politikarekin zerikusirik ez balu bezala.

Politikari batek antolatu du aurten Munduko Futbol Kopa; itxura hori eman du, bederen, Donald Trumpek, hedabideetan izan duen protagonismo itzelari erreparatzen badiogu. Ekainaren 11tik uztailaren 19ra bitartean, AEBetako hainbat hiritan jokatuko da txapelketa, baita Mexiko eta Kanadako futbol estadioetan ere, horiek biak itzalean geratu diren arren, gizon laranja-ren dirdirak lotsaturik-edo. Ez da gutxiagorako, kirolaren soziologian ikertzaile Carole Gomez frantziarraren hitzetan “eszena sobera surrealistak” ikusi ditugulako hilabeteotan, erakutsi dutenak Gianni Infantino, FIFA nazioarteko futbol federazioko presidentea, Trumpen “basailu” bihurtu dela.

Reporterre agerkarian egin diote elkarrizketa IRIS nazioarteko gaietarako institutuko ikerketa-buruari. Trump eta Infantinoren artekoa “adiskidetasun” harreman batera murrizteak tartean dauden interesak despolitizatu eta arazoak ezkutatzen dituela uste du: “Harreman horrek botere eta gobernantza terminoetan duen esanahia eta Munduko Koparen antolakuntzan duen eragina aztertu beharko genituzke”.

Errusia txapelketa orotatik kanporatu zuten FIFAk eta UEFAk 2022an, Ukrainaren aurkako gerragatik. Ez da, hortaz, 2026ko Munduko Kopan izango. Ezta Israel ere. Hark badu jokatzen jarraitzeko baimena, baina ez du sailkatzerik lortu. Hala, buruko min bat gutxiago izango dute antolatzaileek, Israelen balizko presentziak azkura eragiten zuelako zenbait herrialde eta futbolzaleren artean.
Bakearen Sari esperpentikoa

Gianni Infantino FIFAko presidenteak pasa den urtarrilean Davosen egindako Munduko Ekonomia Foroan hartu zuen parte. Munduko Kopak izango duen inpaktu ekonomikoa nabarmentzeaz gain –tokian tokiko agintariek egin ohi duten moduan tamainako ekitaldiak hartzen dituztenean–, esan zuen federazioaren lehentasuna dela munduan bakea lortzea eta, futbolak, “kirolik demokratikoena” izanik, horretan lagun dezakeela. Bere agerraldian Trump goratu zuen Infantinok, Israel eta Palestinaren artean bakea lortzeko AEBetako presidenteak egin omen duen esfortzuagatik. Hilabete batzuk lehenago FIFAk erabaki zuen ezerezetik Bakearen Sari bat asmatuko zuela, eta emango ziola Donald Trump agurgarriari –hura irabazteko hautagai bakarrari–. 2025eko abenduan jaso zuen saria, protagonistak izan ezik, mundu osoa lotsagorritu zuen ekitaldi batean. Bost egun geroago, New Yorkeko fiskal batek eskatu zuen Infantinok berak sinatutako kontratu ilun batzuen gaineko auzia –FIFA Gate sonatua– ixteko. Kasualitateak.

Ikusitakoa surrealista izanagatik ere, jende geroz eta gutxiago harritzen dute horrelakoek. Iazko urrian Egiptoko Sharm el-Sheij hirian egin zen Bakearen aldeko Goi-bileran parte hartu zuen Infantinok, Trumpek berak gonbidaturik. Deigarriak dira irudiak: eszenatokian ageri dira 25 bat herrialdetako banderak, haien aurrean beste hainbat agintari eta presidente eta, albo batean, futbol erakunde gorenaren ordezkari nagusia. FIFAren webgunean hamaika argazki daude, eta haietako askotan Trumpen alboan ikus dezakegu Infantino, irribarretsu, hatz potoloa gorantz, “ok” egiten uneoro.

FIFA-k erabaki zuen ezerezetik Bakearen Sari bat asmatuko zuela, eta emango ziola Donald Trumpi. Gutxira, New Yorkeko fiskal batek eskatu zuen Infantinok berak sinatutako kontratu ilun batzuen gaineko 
auzia ixteko

Ziurrenik, suitzar-italiarrak pentsatuko du, futbolari dimentsio are zabalagoa emateaz gain –entretenimendu eta negozio bezala–, agintaldi berri baterako kanpainan mesede egingo diola AEBetako presidentearen “lagun berezia” izaten jarraitzeak. Horregatik, Trumpek iragarri zuenean Mexikoko Golkoari aurrerantzean deituko zaiola Amerikako Golkoa, Infantinok barre egin zuen; eta Trumpek eskatu duenean Irango selekzioa txapelketatik kanporatua izateko, Infantinok begi onez ikusi du Munduko Kopak iraun bitartean selekzio hark Tijuanan (Mexiko) ostatu hartzea, nahiz eta Los Angelesen (AEB) jokatuko duen. Hartara, diru-sarrerak bermaturik izango dira. Panenka aldizkariko kideek dioten moduan, "beti mahai egokian esertzeko naturaz gaindiko abilezia du Infantinok". 2018an, munduko kopa Errusiak antolatu zuenean, Vladimir Putinen alboan irribarrez agertzen zen funanbulistak, 2022an erreparorik gabe kanporatu zuen Errusiako selekzioa txapelketa ofizialetatik, eta beste politikari batzuen konpainia hobetsi.

Sarrera bat 10.000 euroan

Donald Trump munduko kopa ari da baliatzen bere nazioarteko, migrazio edota segurtasun politikak hauspotzeko, azaldu du Gomezek Reportarre-n: “Mega-ekitaldi honen narratiba bat dator Make America Great Again (MAGA) leloarekin, bere tamainagatik, neurriz gaindiko prezioengatik, Amerika ‘irabazle’ baten promozioagatik... Muturrera eramandako kontsumismo eta kapitalismoaren apologia da, ogia eta zirkua".

Euren erosahalmena aintzat hartuta, mexikar gehienek nekez izango lukete partida bat zuzenean ikusterik, sarreren prezioak Qatar 2022n baino bi-hiru bider edo are garestiagoak direlako, Milenio egunkarian irakurri dugunez. Futbolak hartu duen dimentsioa gordin islatzen dute prezioek, erotzeko modukoak dira zifrak. Esaterako, estreinako partidarako (Mexiko vs Hegoafrika, Estadio Aztekan) sarrerarik merkeenak balio du 7.000 peso, 350 bat euro, Mexikon milaka lagunek duten hilabeteko soldataren pare. Egin kalkuluak, final-erdietarako edo finalerako sarrerak zenbatean sal daitezkeen. 2.000, 4.000, 10.000 euro... Goi-mailako futbola geroz eta gehiago ari da urruntzen behe-mailetatik, neurri handi batean FIFAk berak hala nahi duelako, aurtengo Munduko Kopan mozorroa erantzita erakutsi duenez. Disimulatzerik ere ez du behar jada. Sortu du "sarrera dinamikoak" kontzeptua, eskaeraren arabera sarreren prezioa erreparorik gabe garestitzen joateko. Eta, ojo, sarrerak birsaldu edo aldatzeko webgune ofiziala ere aurkeztu du, garai batean kriminalizaturik zuen praktika hori "legearen barruan" egiteko, alegia, etekin ekonomikoa ateratzeko ez soilik sarreren salmentatik, baita horien birsalmentatik ere. Jokaldi borobila. Horri buruz galdetuta, adierazpen zoragarriak egin ditu Infantinok: “Inork finalerako sarrera bat erosten badu 2 milioi dolar ordainduta, nik neuk oparituko dizkiot hot dog eta Coca-Cola bana, ziur egoteko esperientzia zoragarriaz gozatuko duela. Munduan garatuen dagoen entretenimenduaren merkatuaz ari gara, eta, beraz, merkatuko prezioak aplikatu behar ditugu”.

Horrelakoa da merkatua, adiskide. Umeak ere jabetuko ziren agian, ikusita Munduko Txapelketaren kromo-albuma garestiagoa dela egunez egun. Zazpi kromoko zorro bakoitzak euro eta erdi balio ditu “ofizialki”, baina salmenta leku gehienak hasi omen dira bost zentimo igotzen, gero hamar, hogei... “Kromoen sukarra” dagoela esaten ari dira Espainiako eta Portugalgo komunikabideetan.

FIFA nazioarteko futbol federazioak apolitikotzat definitzen du bere burua, baina Gianni Infantino presidente hiperaktiboak ez du eragozpenik izan argazkietan Trumpen zerbitzari moduan agertzeko. Irudian, Munduko Kopako garaikurra –eta bere arima– ematen ari zaio AEBetako presidenteari. / CDN 37

Mafia gisakoak ere antolatu dira kutxa mordo bat erosi, merkatutik kendu, eta Wallapopen garestiago saltzeko, Gorka Peñagarikano lankideak Goizean argi buletinean azaldu duenez. Batzuek serio hartu dute Dwight Schrutek The Office telesailean egiten zuena: Gabonak heldu baino bi hilabete lehenago, modan jarriko ziren panpina guztiak erosten zituen inguruko dendetan (2005a zen), stock-ik gabe geratzeko, Dwightek, gero, merkatu beltzean saltzeko. 

‘Make America Great Again’

Interesgarria izango da Mexiko eta Kanadaren jokabidea ikustea, kirolaren soziologian aditu Gomezen hitzetan. Irekiera ekitaldia Mexikon egingo da, eta lehen partida ere han jokatuko dute. "Gai askotan Trumpen oso bestelako iritzia du Claudia Sheinbaum presidenteak, eta gauza bera gertatzen da Kanadako lehen ministro Mark Carneyrekin ere, zeinak hainbatetan adierazi duen AEBek gidatutako munduko ordena zaharkiturik dagoela jada”. Sheinbaumek berak iragarri du ez dela partida bakar bat ere ikustera joango, ezta txapelketa irekiko duena ere. Mexiko, Kanada eta AEBetako agintariak ez dira hortaz elkarren ondoan eseriko, ez behintzat estadioetako kameren aurrean.

Trumpek, aldiz, "autopromoziorako plataforma zoragarria du", dio Gomezek. “Etengabe ariko da bere burua nabarmendu nahian, Iranen aurkako gerrak markaturiko testuinguru geopolitiko dramatiko honetan. Osagai sinboliko oso indartsua dago, gainera: uztailaren 4an AEBetako Independentziaren Egunaren 250. urteurrena ospatuko da”.

2025ean lantalde berezia osatu zuen Etxe Zuriak, “AEBen balioak, segurtasuna eta abegikortasuna islatuko dituen txapelketa arrakastaz antolatzeko”, gobernuak azaldu zuenez. “Lantalde horrek MAGA agendarekin bat datozen lehentasunak markatzen ditu”, dio Gomezek, “adimen artifiziala, muga-segurtasuna eta Elon Musken DOGE [Gobernuaren Efizientzia Saila, ingelesezko sigletan] programa”. Gaineratu du Trumpen estrategia dela “arreta desbideratzea” ahalik eta informazio gehien emanda, zentzurik izan ez arren. Iaz, adibidez, esan zuen FIFAri eskatuko ziola AEBetan jokatzekoak diren partida guztiak alkate errepublikarra duten hirietan antolatzeko. “Helburua ez da errealista izatea, informazioak gainezka egitea baizik, jendea nahastea ez dezagun jakin zer den egia eta zer gezurra”, Gomezen hitzetan.

Nazioarteko Futbol Federazioak sarrerak birsaldu edo aldatzeko webgune ofiziala sortu du, garai batean kriminalizaturik zuen praktika “legearen 
barruan” egiteko

2018an Errusian eta 2022an Qatarren egindako munduko futbol txapelketetan, arrazoi diferenteak medio, boikoterako deiak izan ziren, estadioak eraiki zituzten beharginen lan-baldintzen eta ustelkeria kasuen inguruko polemikak... Edizio honetan, baina, giroa lasaiago dago; botere mediatikoak ez du hainbeste estutu, nahiz eta, azken finean, Trumpek bere egin duen negozio-eredua Qatar eta Saudi Arabiari saltzen zaiona izan, Aramco petrolio-konpainiak babestua. “Gaur egun nork jartzen du zalantzan eredu hori?” galdetu dio kazetariak Gomezi, eta hark erantzun:

“Human Rights Watch eta Amnistia Internazionala moduko erakundeek urteak daramatzate gai horiei buruz informazioa plazaratzen. Ez dut ulertzen zergatik ez zaigun iristen. Qatar 2022 baino lehen, The Guardian-ek estadioetako langileen baldintzei buruz egindako ikerketak zalaparta handia eragin zuen, gaiari buruzko txostena askoz ere lehenago plazaratu zuten arren. Human Rights Watch-ek denbora asko darama migratzaileen eskubideen urraketak dokumentatzen AEBetan. Badira salaketak. Orduan, zergatik ez dira erantzun politiko bihurtzen? Qatarrekoa baino lehen eztabaida bizia zegoen, eta orain aldiz ez, testuingurua bereziki egokia baldin bada ere horretan sakontzen jarraitzeko”.

Segurtasunarekin lotutako aferak (migrazio eta barne-mugikortasun politikak, droneen erabilera, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren rola...), sekula baino selekzio gehiago (48) lehiatzeak eragingo dituen gas emisioak eta horri lotutako karbono aztarna, Mexikoko estadio batzuen inguruetan gertatutako gentrifikazio prozesua... Superbowl-a bezalako mega-ekitaldien estilora pentsatua izan den 2026ko Munduko Futbol Txapelketak eragin du haserrerik, “baina edizio guztietan ikusten dugu, lehen partidatik bertatik, arazo guztiak gradualki desagertzen direla”, dio Lopezek: “Horregatik da garrantzitsua horiez aurretik eztabaidatzea, paradigma aldatu nahi bada. Estrategia hori baliatu zuten gobernuz kanpoko hainbat erakundek Qatar 2022 baino lehen: informatu, eztabaidatu, mobilizatu eta gauzak aldatzen saiatu. Orain, ordea, apatia orokor moduko bat dago. 2030 eta 2034ko egoitzak hautatzeko bozketetan dena normal-normal joan zela ikusteak aho bete hortz laga ninduen”.

2034ko Munduko Kopa Saudi Arabian egingo da –hura izan da hautagaitza aurkeztu duen herrialde bakarra–, eta 2030ekoa Marokon, Portugalen eta Espainiako Estatuan. Hain justu, berriki jakin dugu Bilbok eta Donostiak hautagaitza bateratua aurkeztuko dutela 2030eko edizioko egoitza izateko, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko eta Donostiako udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Athleticek eta Realak FIFAri hala eskatuta. Alegia, Anoetak eta San Mamesek egoitza bakarra osatuko dute, baina bietan jokatuko lirateke partidak. Herri normala bagina, gure etxean jokatzeak eragingo lukeen zirraraz idazten ariko ginateke. Edo, nork daki, agian, kapitalismo basatienaren ikur den erakunde baten tresna ez bihurtzeko borrokari helduko genioke. Agian. 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...