“Nire lana jendeari itxaropena helaraztea da”

  • Agifes elkarteko elkar-laguntza programako agentea da Mikel Merino (Errenteria, Gipuzkoa, 1974). Buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta beren senideei laguntza-guneak eskaintzea da Agifes elkartearen helburuetako bat. Merino nahasmendu bipolarrak eragindako krisi baten ostean heldu zen bertara. Erabiltzaile moduan hiru urteko prozesua egin ostean, elkar-laguntza agentearen figura sortu du. Xedea da berdinen arteko espazioak sortzea errekuperazio prozesuan laguntzeko.

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

2026ko ekainaren 10ean
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Krisi garaian heldu zen Gipuzkoako Agifes elkartera Mikel Merino. Nahasmendu bipolarra diagnostikatu diote, eta elkartera lehenengo aldiz hurbildu zenean, 2014an, “putzu batean” zegoela dio. Urtebetean bi agerraldi psikotiko izan zituen. Hori dela-eta hiru urte inguru eman ditu nahasmendu bipolarra duten pertsonentzako laguntza taldeetan parte hartzen. Talde horiei esker errekuperazioan arreta jartzeak duen garrantziaz ohartu da. Horregatik, 2017tik elkarrekiko laguntza agentea da: “Agifes elkartea da horrelako topaketak sortzen dituen erakunde bakarra”. 

Elkarteko psikologo batek buru osasun kolektiboko graduondo bat egitea proposatu zion Merinori. Horretan formatu, eta graduondoko amaierako lanerako elkar-laguntza programa sortu zuen. “Esan ziguten, ahal zen neurrian, planteamendu teoriko bat sortu baino, errealitatean lur hartu zezakeen proiektua sortu behar genuela”, kontatu du. Elkartean komentatu, eta osasun mentalari lotutako bizipenak izan dituzten pertsonekin, senideekin eta osasun arloko profesionalekin eztabaidatu ostean, ikusi zuten beharrezkoa zela figura hori sortzea. Hortaz, urtebeteko proiektu pilotua jarri zuten martxan. Denbora hori pasata ebaluazioa egin eta zerbitzua eskaintzen jarraitzea erabaki zuten. Ordutik, Merino elkarteko langilea da.

Errekuperazio prozesuetan laguntzea du helburu Merinoren figurak: “Buru osasunari lotutako edozein arazo duen jendeak parte har dezake programan, baita, diagnostiko zehatzik ez izan arren, sufritu egiten duen eta hori prozesatzeko zailtasunak nabaritzen dituenak ere”. Horretarako, binakako hamabi saio edo topaketa egiten dituzte. Lehenengo saioan agenteak bere burua aurkezten du, harrera egiten dio erabiltzaileari, ibilbidea azaltzen dio eta test batzuk egiten dituzte autoestimua, errekuperazio prozesua eta gizartean dauden zein barne aurreiritziak eta estereotipoak aztertzeko. 

“Jende gehienak esan digu Agifesera hurbildu arte ez dutela izan berdinen artean aritzeko aukerarik”

Prozesuaren amaieran berriz errepikatzen dute testa. Merinok esan digu prozesua burutzen duten lagunen %80k hobekuntzak sumatzen dituela. Epaitua ez sentitzea eta egoera berdinean den pertsona batekin egoteko aukera izateak indarra ematen die: "Gainera, pertsona ondo dagoenean nola sentitzen den, ondo mantentzeko faktoreak eta  alarma seinaleak identifikatzen ditugu. Horrela, berrizkaturak saihestu ditzakegu edo, saihestezinak diren kasuetan, eragina txikitzea lor dezakegu”. 

“Horizontaltasuna eta gertutasuna"

Zerbitzura hurbiltzen den jendea ez doa bere momenturik onenean, eta Merinoren lana ezinegon horrekin aurrera egitea da. Nolabait erakutsi bizigarriak diren bizitzak izan daitezkeela: “Bi hitzetan, nire lana jendeari itxaropena helaraztea da”. Merinok, esate baterako, ez zuen espero elkartera erabiltzaile bezala jo aurretik, hango langile izanen zela: “Pentsamendu ilun asko nituen, baina adituek diote pentsamendu negatiboen %93 ez dela betetzen. Agian orain gaizki nago, baina ezin dut aurreikusi etorkizuna zein izanen den”.

Programak “horizontaltasuna eta gertutasuna” ditu ardatz, eta Merinoren ustez horrek mezu sinesgarriagoa  eta bereziagoa bidaltzen du: “Demagun psikiatrarenera zoazela, eta esaten dizula osatuko zarela. Fede ekintza bat egin behar duzu. Aldiz, berdin batekin bazaude mezua guztiz desberdina da”. Programa hau aitzindaria dela dio Merionok, eta zentzu horretan Agifes erreferente bihurtu dela: “Gainerako profesionalekin alderatuta guztiz desberdina da. Psikiatra, gizarte langile eta bestelako profesionalek normalean ez dute buru osasunari loturiko arazorik eduki, eta izan badute ez dute partekatu. Pertsonon esperientzietan oinarrituta egiten dugu lan. Ni elkarteko beste profesional bat naiz, formazioa jaso dut, baina lehenengo pertsonan bizi dut. Jende gehienak esan digu Agifesera hurbildu arte ez dutela izan berdinen artean aritzeko aukerarik”. 

Gorputzeko atal bat?

"Bihotza. Nire ibilbidean ikusi dut bihotza entzuten urruti iritsi zaitezkeela. Esate baterako, ikasten hasi nintzenean, elkar-laguntza agentea sortu zitekeela pentsatzea, ametsa baino erokeria zen. Bai, buruz, baina kasu honetan bihotza jarrita ere, ametsa errealitate bihurtu da". 

 


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...