Harroxko
Oihane Jaka
Ilustrazioak: Irati peluaga
Elkar, 2026
---------------------
"Urtean behin lehoi hori bat izateari uzten diot, eta primeran pasatzen dut. Eta aurten… aurten are bereziagoa izango da. Bai horixe!”, horrela ekiten dio kontakizunari liburuko protagonistak. Lehoi horia da Harroxko eta, irudietan ikus daitekeen bezala, urtero mozorro bizi eta bitxia janzten du inauterietan. Hori bai, guzti-guztietan arrosa kolorea agertzen da, hegoetan, soinekoan, txanoan… Aurten, baina, arazo bat du: ez du mozorrorako behar dituen galtzontzilo arrosak inon aurkitzen (“Kuleroak bai, baina galtzontzilo arrosak? Inola ere ez!”).
Istorioa horrela abiatzen da, eta irakurleak/ikusleak gure gizartean dugun koloreen erabilera estereotipatuarekin egiten du topo, baina baita elkartasunarekin eta adiskidetasunarekin ere. Izan ere, lehoiaren lagunak saiatzen dira oporretan herrialde urrunetatik galtzontzilo arrosak ekartzen. Baina “azkenean esku-hutsik itzuli dira”, dio Harroxkok triste, nahiz eta irudietan hainbat opari arrosa ekarri dizkiotela ikusi; baina ez berak nahi eta behar dituen galtzontziloak.
Lehoiak, orduan, berak egiten ditu galtzontzilo arrosak. Eta amaieran ikusiko ditugu Harroxko lehoiaren mozorroa eta lagunekin egiten duen festa.
Irati Peluagaren irudietan hasieran testuak dioena ikusi ahalko dugu, baina istorioak aurrera egin ahala gero eta pisu handiagoa hartzen dute kontakizunean, hainbat orritan irudiak bakarrik ageri baitira. Kolore biziz, plano ezberdinak erabilita, fantasiarekin jolastuta… irudiak kontakizunaren beste elementu garrantzitsu bat dira eta oso aproposak istorioa oraindik irakurtzen ez dakitenei kontatzeko. Hitzek eta irudiek oso harreman estu, osagarri eta aberatsa lortzen baitute albumean.
Aipatu dugun moduan, estereotipoekin apurtzea, adiskidetasuna, elkartasuna, irudimena, umorea… asko eta asko dira liburu itxuraz sinple honetan ageri diren gaiak. Eta guztien gainetik, une atsegina igarotzeko aukera, jakina!