Tiktokeko bideoa
Andrea.Nhr (2022)
Zer: Bideo motza
Herrialdea: Peru
Iraupena: 1:32 minutu
Non ikusi: TikTok
------------------------
Wikipediaren arabera, miopia ikusmenaren akats bat da, begietatik urrun dagoena zehaztasunez ikustea eragozten duena. Mende hasieran gizateriaren %22-23 zen miopea; 2050. urterako zenbaki hori %50era igotzea espero da. Txina, Hego Korea edo Singapurreko hirietan miope kopurua nabarmen handiagoa da, batez ere gazteen artean: hor %80-90ek bitartean du gaitza. Hori ez da, ordea, beti horrela izan. Orain ez urte asko jendeak hobeto ikusten zuen, eta ez zen ohikoa, batez ere nagusienen artean, betaurrekoak erabiltzea. Arrazoi asko daude miopea izateko, baina badago bat globalki ematen ari den fenomenoa ulertzen laguntzen duena: jada ez dugu urrunera begiratzen.
Ez dugu astirik urrunera begiratzeko, hiperkonexioaren gizartean dena instantean gertatzen da. Pantailen argia egunean bost-zortzi orduz sartzen da gure erretinetan barrena. Baina konexio hori ondorioa baino ez da, estimulu konstanteek eragindako ondorio bat hain zuzen ere. Estimulu beharraren atzean dagoenari buruz taxuzko zerbait idazteko nik baino dezente gehiago jakin behar da; hala ere ausartuko nintzateke esatera beldur garela.
Isiltasunaren, aspertzearen, edo denbora alferrik galtzearen beldur gara. Hutsak izutzen gaitu. Beharbada horregatik existitzen da sail hau, aisialdia ere ondo aprobetxatu dugula sentitzeko; zeozertan denbora inbertitzen badugu, ordainen bat atera dugula jakiteko.
Ironikoki ideia hori burura estimuluen epitomeak ekarri zidan: bideo motz batek. Short, Reel, edo Tik Tok bezala aurkitu dezakegu. Bertan, neska gazte talde bat ageri zaigu kantari autobusean doan bitartean beren burua mugikor batekin grabatzen. Bat-batean telefonoa leihotik erortzen da, eta bide ertzean geratzen da gora begira. Hori da dena.
Horrela esanda ez dirudi ikustea merezi duen zerbait denik. Hala ere bideo horrek obra askok lortzen ez duten naturaltasun bat du, nahigabeak uzten duena. Nesken kantuek eta iskanbilak trantsiziorik gabe ematen diote paso isiltasun absolutuari, autobusa joaten entzuten da lentea zeruko argira ohitzen den bitartean. Laino dago, baina zirrikituen artetik ikusten da urdina. Txorien txioak entzuten dira orain, beti egon dira.
Eta hor nago, beste ezer egin ezinda, alternatiba bakarra zerura begiratzea dela, pantaila batean bada ere. Hutsa ageri zait aurrean, baina bakea dakart gogora. Zeruko urruntasunera neure borondatez, eta ezer espero gabe, begiratzen nuen garai horietako bakea.
Beraz, gaurkoan ezin dut gomendatu pelikula bat ikusteko edo serie bat hasteko. Ez nuke esango aipatutako bideo motza gomendio bat denik ere, seguruenik deskribatutako sentipenak ez dira izango unibertsalak hori ikustean. Horren ordez, egin dezakedan gomendio bakarra, eta neure buruari egin diodana, urrunera begiratzea da. Berriz zerura begiratzea inolako pretentsiorik gabe, lainoetan formak imajinatzen.