Biarritz (Lapurdi), 1946ko ekainaren 12a. Ho Chi Minh hirira iritsi zen, vietnamdar delegazio batekin batera. Bederatzi hilabete lehenago, 1945eko martxoan, Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren independentzia aldarrikatu zuen, baina nazioarteko inolako babesik gabe. Martxoan Frantziak parlamentu eta armada propioa izan zitzan onartu zion errepublika jaioberriari, baina betiere metropolitik askatu gabe; Frantziak kanpo politikari eta defentsari eutsiko zion, eta 15.000 soldadu utziko zituen Vietnamen.
Berez, Fontainebleaun akordio berri eta zabalago bat lortzeko asmotan bidaiatu zuen Frantziara, baina maiatzean Felix Gouinen gobernua desegin zen, eta, gobernu berria osatu bitartean, Ho Chi Minhek ez zeukan norekin negoziatu. Horregatik bidali zuten Lapurdira.
Biarritzeko alkate Guy Petiti iruditu zitzaion vietnamdar buruzagia pertsona isila eta uzkurra zela. Charles Tillon Frantziako armamentu ministro komunistaren arabera, aldiz, Ho Chi Minh Lapurdin bahituta zeukaten praktikan
Biarritzeko hondartzan paseoan ibili zen (argazkian ikusten den modura); Biriatura txango gastronomikoa egin zuen; Donibane Lohizune, Azkaine eta Sara bisitatu zituen; pilota partidak eta zezen suzkoa ikusi omen zituen euskal jaietan; atunontzi batean ere itsasora irten omen zen –eta arrantzaleak harrituta utzi omen zituen zorabiatu ez zelako–…
Baina halabeharrezko turistak beste kezka batzuk zituen. Ziurrenik horregatik iruditu zitzaion Biarritzeko alkate Guy Petiti vietnamdar buruzagia pertsona isila eta uzkurra zela. Charles Tillon Frantziako armamentu ministro komunistaren arabera, aldiz, Ho Chi Minh Lapurdin bahituta zeukaten praktikan.
Azkenean, ekainaren 22an, vietnamdar ordezkaritza Biarritzetik Parisera abiatu zen Frantziar armadako hegazkin militar batean. Hegazkinari izar horidun bandera gorria jarri zioten, Vietnamgo errepublika berriaren bandera, alegia. Ho Chi Minhek egindako lan diplomatikoak emaitza onak izango zituenaren seinalea zen hura? Gogoan izan hilabete haietan buruzagi antikolonialista Frantziako ia 400 eragile politiko eta militarrekin bildu zela, Frantziako Gobernuko ia ministro guztiekin hitz egin zuela, baita armadako 14 jeneralekin ere. Halaber, bilerak egin zituen Europa, Asia eta Afrikako ekintzaileekin ere.
Baina ahalegin horiek guztiak alferrikakoak izan ziren; Fontainebleauko negoziazioek porrot egin zuten, eta handik hilabete gutxira, zortzi urte iraungo zuen gerra piztu zen. Euskal Herrian behartuta egin behar izan zituen opor horiek indarrak hartzeko balio izan ote zioten behintzat?