Hamarkadetako mobilizazio eredu baten amaiera

  • Sare elkarteak iradoki du 2026 eta 2027 artean desagertu egingo dela. Presoen aldeko mobilizazio handien garaia ere amaitzear dela zehaztu du: “2027ko Bilboko urte hasierakoa azkena izango da”. 113 preso politiko daude gaur egun eta horietatik 63k egunero zapaltzen dute kalea era batera edo bestera. Egoera aldatu egin da, eta ezker abertzalea presoen bueltako mundua eraldatzen ari da. 

Datorren urtarrilaren 9ko Bilboko manifestazioa azkena izango da. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hertzainak musika taldeak 1989an sortutako abestiak “564 taupada” zioen orduko euskal preso politikoen kopuruari erreferentzia eginda. 30 urte geroago, presoei sostengua adierazteko abesti berarekin kanpaina egin zen 2019ko Gabonetan, baina orduan jada “taupadak” edo “ohe hutsak” jadanik 245 ziren. Desberdintasun handia zegoen hamar urte lehenagoko kopuruekin, 2009ko ekainean ia hirukoitza ziren, 730 preso baino gehiago Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta.

Gaur egun 113 preso dira eta, Frantziako Estatuan diren bi izan ezik, guztiak Euskal Herriko espetxeetan daude. Presoen eskubideen aldeko Sare elkartearen arabera, horietatik 96 Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak (EPPK) dira eta 63k egunero zapaltzen dute kalea, bai hirugarren graduan daudelako, bai bigarren graduko 100.2 artikulua ezarri zaielako. Errealitate hori areagotu egingo da epe laburrean, 50 preso 2. graduan daudelako eta horietatik hainbat hasiko direlako kalea zapaltzen. EPPK-ko hamahiru bat presok, dena den, ez dute espetxe ibilbidea egin, hau da, ez dituzte onartzen preso bakoitzari ezartzen zaizkion baldintzak espetxe onurak eskuratzeko.

Hori guztia dela eta, Sarek ekainaren 6an Arrasaten jakitera eman zuenez, garai baten amaiera irudikatzen ari dira elkartean: presoen aldeko nazio mailako manifestazio handien amaiera, esate batera. Edo, besteak beste, Euskal Herriko hondartzetan udan egiten direnak. Urtarrilaren 9an Bilbon egingo den manifestazioa gisa horretako azkena izango dela iragarri zuten: “Gure helburua da manifestazio horrek euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatzea”, jakinarazi zuen Sarek. 2026-2027 hausnarketa eta trantsizio garaia izango zela zehaztu zuten, baina edozein kasutan, etorkizun hurbilean Sare desagertu egingo dela iradoki zuten, “uste dugu osasuntsua eta arduratsua dela hori horrela irudikatzea”.

Argazkia: Dani Blanco CC BY-SA

Espetxe ibilbidea 
Espetxe ibilbidea da preso bakoitzak askatasuna lortu arte espetxeak eskaintzen dituen bideak eta arauak betetzeko konpromisoa. Hala eginez gero, presoak bigarren gradutik hirugarrenera mugitu daitezke eta kalera ateratzeko baimenak lortu: izan daiteke egunez kalean egotea eta lotara espetxera joatea, asteburua ere libre izatea, pultsera telematikoarekin espetxera lotara ere ez itzultzea... horrela apurka baldintzapeko askatasunean geratu arte. Euskal presoei jarritako baldintzen artean ere bada biktimei idatzi beharreko gutuna, non argi adierazi behar duten kaltearen aitortza eta kalte horren irakurketa kritikoa.

Gaur egun preso gehienek onartzen dute espetxe ibilbide hori betetzea, baina 26ko talde esanguratsu batek uko egiten dio, horien artean EPPK-ko hamahiruk. Iraganeko hamarkadetan, EPPK-ko presoek uko egiten zioten gisa horretako edozein bideri: espetxeak onurak ematen bazizkien onartu egiten zituzten, baina ezer egin gabe horiek eskuratzeko. Adibidez, ez zuten onartzen espetxe barruko ohiko lanak egitea, eta horren ondorioz, ez zuten graduz aldatzea lortzen. Espetxe sistemak jarritako baldintza itogarrien aurrean egindako protestek ere ez zuten gradu aldaketa laguntzen. Horrela, hamarkadetan, euskal preso gehienak lehen graduan egon ziren, egoera gogor eta estuan. Kalera ateratzea negoziazioa eta prozesu politiko batean ondorio izango zen, talde ikuspegiarekin egindakoa, eta ez espetxe sistemari onartutako edozelako prozesuren ondorioz.

Euskal gatazkaren fronte bat gehiago zen espetxea. Hala irudikatzen zuten ETAk eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak (ENAM), eta hala onartzen zuten EPPK-ko presoek. Horrek tentsio ugari ekarri zituen presoen artean, askotariko arrazoiak tartean, preso batzuek ez baitzuten onartzen diziplina hori eta espetxe onurak onartzen zituztelako: “damutuak” deitu zituzten ENAMetik. Horietako askok egoera gogorrak bizi izan zituzten euren herrietan, bai preso ohiek, bai haien senideek.

Baina eredu hori era kolektiboan ere bideratu zen, ETA pm-ko preso talde batek borroka armatua utzi ondoren erabili zuen 1982an, Azkarraga bidea moduan ezagutu zena baliatuta. Sorreratik Sareko bozeramaile izan den Joseba Azakarragak bideratu zuen 40tik gora presoren askatasuna ekarriko zuen operazioa, Espainiako Senatuan EAJko senatari zenean. Ondorengo hamarkadetan dozenaka euskal presok onartu zuen hirugarren gradua. Horietako beste operazio ezaguna Langraitz bidea izan zen, zeinaren ondorioz 27 bat preso atera ziren kalera 2008-2011ko tartean, José Luis Rodriguez Zapateroren gobernu garaian. EPPK-k ez zuen ekimena onartu, baina ordurako ezker abertzalearen eremu sozialean ere askoz modu irekiagoan begiratzen zitzaien gisa horretako bideei. Giro bat egozten ari zen: ez zen samurra izango negoziazioen ondorioz lortutako askatze orokorrik eta, beraz, presoak aterako baziren, espetxe sistemak eskainitako ohiko bideak erabilita izango zen. Horrela hasi zen prestatzen gaur egun espetxe ibilbidea deitzen den hori.

Argazkia: Dani Blanco CC BY-SA

Presoak eta gatazkaren logika
Azken finean, espetxea borroka fronte gisa ikustea edo Espainiako Gobernuak birgizarteratze politikak EPPK zatitzeko erabiltzea euskal gatazkari lotutako ikuspegiak ziren. Eta orain ere EPPK egiten ari den bidea gatazka horrek izan duen bilakaerari lotuta dago. ETAk eta Espainiako Gobernuak izan dituzten negoziazio saioetan beti egon da mahai-gainean presoen askatasunaren gaia. “Armak presoen truke” hainbat gobernuren eskaintza klasikoa izan da, ETAk inoiz onartu ez duena. Orain, ordea, 2011tik aurrera bide hori gauzatzen ari da aldebakarreko bake prozesu luze, zail eta korapilatsuaren ondorioz.

ETA eta ezker abertzalea oso egoera ahulean iritsi ziren 2010eko hamarkadara bake prozesu klasiko bat bideratzeko, eta 2011n ETAk aldebakarrez erabaki zuen borroka armatuaren amaiera. Txanponaren bi aldeak garbi antzematen hasi ziren: batetik, negoziazio klasikoaren porrota zen; bestetik, EH Bilduren bide politiko-instituzionalaren arrakastaren hasiera. Eta gaur egungo presoen ibilbidea oso lotuta dago arrakasta horretara.

2011n ETAk borroka armatua utzi zuen, eta 2013an EPPK-k preso bakoitzak bere bidea egiteko atea ireki zuen, “espetxe ibilbidea” alegia. ETA 2018an desegin zen, eta urte berean, jada Espainiako Gobernuko lehendakari zela, Pedro Sánchezek iragarri zuen euskal preso politikoen sakabanaketari amaiera emango ziola. 2023an gertatu zen prozesu horren amaiera eta gaur egun, preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daude, Frantziako Estatuan dauden Saioa Sanchez eta Mikel Karrera izan ezik.

PSOE - EH Bildu
Denbora horretan guztian, presoak joan dira beren ibilbidea egiten eta Espainiako Auzitegi Nazionala berea, orain bide hori oztopatzen, orain errazten. Edozein kasutan, PSOE eta EH Bilduren arteko errail politikoa giltzarri bihurtu da presoen gaia egungo egoeran jartzeko. Lehenbizi sakabanaketaren amaiera etorri zen, eta ondoren presoak kalera ateratzen hasi ziren baimenekin edo hirugarren graduan. Ez da bide samurra izan, denbora horretan Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ere oztopo handiak jarri izan dizkiolako zenbait presoren hirugarren graduari.

Azken horietakoak dira Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre: berriki baimenarekin atera ziren kalera, baina biktimen presioaren ondorioz, Jose Luis Castro epaileak berriz kartzelaratzeko agindua eman zuen apirilean. Duela hiruzpalau urte oso ohikoa zen Auzitegi Nazionalak Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarren graduak atzera botatzea, baina gaur egun ez du horrelako jokaerarik, ez bada horrelako kasu oso mediatikoetan hainbat elkartek egindako presioagatik. 

Edozein kasutan, gaur egun 63 presok kalea zapaltzen dute baimenekin edo hirugarren graduan, eta epe labur ertainean gehienak izango dira. Prozesu horretan, halaber, giltzarri izan da EH Bilduren botoak ezinbestekoak izatea Pedro Sánchezen gobernuaren egonkortasunerako.

Bake prozesuetan presoen gaia beti dago mahai gainean, baina bistan da oso modu desberdinean egon daitekeela. Ipar Irlandan, esate batera, 1998an sinatu zuten Downing Streeteko akordioa eta 2000. urterako 433 preso kaleratu zituzten baldintzapeko askatasunean, horietako 229 IRAkoak ziren. Baldintza nagusi bakarra jartzen zieten kalera ateratzeko, Mitchell printzipioekin bat egitea; hau da, aurrera begira borroka armatuari uko egitea. Eta IRA jarduera armatura itzultzen bazen, presoak ere berriz espetxeratuko zituzten. Britainiar justiziarekin auziak ireki gabe zituzten talde armatuetako kideei Erresuma Batuak amnistia eskaini zien zuzenean. 2003rako amaitua zuten presoen askatze prozesua.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Aurrera begirako zailtasunak
Hamahiru iheslari eta hiru deportatu daude Venezuelan, Kuban, Brasilen eta Cabo Verden. Presoekin askatasunerako bidea nola hala erraztu bada ere, iheslariekin gogor jokatzen ari da Auzitegi Nazionala, haien Euskal Herriratzeari eta birgizarteratzeari begira. Hori aldatzen ez den neurrian, hor guztiz askatzeko gaitza den korapiloa egongo da.

ETAren biktimen hainbat elkarte etengabe ari dira presioan presoen askatzeko bidea oztopatzeko edo iheslarien Espainiaratzea lortzeko. Ekainaren hasieran ezagutu zen Espainiako Auzitegi Nazionalak informazioa eskatu diola Venezuelako Gobernuari ondoko hamalau pertsonei buruz: Eugenio Barrutiabengoa, Iñaki de Juana, Jose Luis Eziolaza, Angel Lizarbe, Luis Maria Olalde, Jose Angel Uriz, Arturo Cubillas, Xabier Arruti —maiatzean hil zen—, Asuncion Arana, Juan Jose Aristizabal, Maria Artola Etxeberria, Asier Guridi, Jesus Maria Huerta eta Ignacio Etxebarria Landazabal.

Bestelako zailtasunak ere badira. 26 bat presok –13 EPPK-koak eta 13 hortik kanpokoak– ez dute espetxe ibilbidea onartzen eta horrek ekar dezake oraindik espetxean luzaro egon beharra. Bestetik, Frantziako Estatuan diren presoen egoera dago: Mikel Karrera eta Saioa Sanchez. Karrera Lannemezaneko espetxean dago eta bizitza osoko kartzela zigorra du Frantzian. Zigorra Espainian betetzeko eskaera egina du, baina Frantziako Justiziak oraindik ez dizkio ateak ireki aukera horri. Saioa Sanchez Renneseko espetxean da, EPPKtik kanpo dago eta Espainiara ekartzeko eskaera egina du. Ez dirudi kasu honetan horretarako zailtasunik egongo denik.

Zailtasunik handiena, dena den, 40 urteko kartzela zigorra duten hamalau presoena da. Arazo handiena da horietako batzuek 32 urte beteta izan behar dituztela baimenak lortzeko, hau da, espetxetik ateratzen hasteko. Kasu horretan dira, esate batera, Igor Portu eta Mattin Sarasola. 2008an atxilotu zituzten eta 2048ra arteko zigorra dute. Kalera ateratzeko lehen baimenak 2040an lortuko lituzkete.

Horrek ez duela zentzurik diosku Amaia Izko presoen defentsa juridikoan ari den abokatu iruindar ezagunak. “Hori ez dator bat Espainiako espetxe legedian dagoen birgizarteratze ikuspegiarekin. Espetxe sistemak bultzatzen du presoaren portaera ona horrekin onurak lor daitezkeelako, baina 40 urteko kasu horietan ez da horrela gertatzen. Zergatik portatu behar da ongi 40 urteko zigorra duen preso bat, horrek ez badio ezertan lagunduko espetxetik ateratzeko?”.

2003an hartu ziren zigorrak gogortzeko neurri horiek, baita presoei barkamena eta gisakoak eskatzea baldintza gisa jartzea ere. Izkok dioenez, birgizarteratzea ez laguntzeaz gain, zigor edo mendeku ikuspegi horrek “birbiktimizazioa” ere ekar dezake, baldintza horiek “presoak neurri horiek era instrumentalean erabiltzera bultza ditzakeelako”.

Horrez gain, oraindik ez da inor epaitu, baina hamabi bat lagunen aurkako auziak irekita daude.  Horietan, ustez ETAko zuzendaritzan egondako hainbat pertsonari, garai horietan ETAk egindako atentatuen ardura leporatzen diete, haiek materialki halakorik egin ez bazuten ere. 

35 herritako presoak
Presoen aldeko dinamiken garai baten amaiera irudikatu nahi izan du Sarek iragan larunbatean: bukatzear doaz Euskal Herri mailako presoen aldeko mobilizazio handiak, garai hori pasatu da. Baina presoak izango dira etorkizun hurbilean ere, gaur egun 35 herritan dira preso edo iheslariak, eta dirudienez, nazio mailatik herri mailara eraman nahi ditu sostengu ekimenak ezker abertzaleak.

Oraindik, dena den, ehundik gora preso dira espetxeetan eta horien egoera ere, gutxi-gehiago, Espainiako Estatuko egoera politikora lotuta izango da. Egunotan Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sanchezek bizi duen presio mailarekin, inork ez daki bere gobernuak zenbat denboran eutsi ahal izango dion. Berak dio legealdiaren amaiera arte eutsiko diola, baina bistan da hori ez dagoela bere esku bakarrik, eta Junts eta EAJ, esate batera, presionatzen ari dira hauteskundeak 2026ra aurreratu ditzan. Edozein kasutan, aurten ez badira egiten 2027an izango dira, eta presoen egoera egongo da lotuta hortik aterako denari: PSOEk Espainiako Gobernuan jarraitzen badu, eta horretarako EH Bilduren beharra badu, presoen kalerako bidea ere errazagoa izango dela pentsa liteke. PP-Vox gobernua osatzen bada, egoera askoz zailagoa izango dela irudika daiteke. Atzo, gaur eta beti, preso politikoen egoera guztiz lotuta egon da unean uneko egoera politikoari, eta aginte politikoak dena molda dezake –begira Kataluniako Proces-eko presoak– presoen patua askatasunera ala zigorrera bideratzeko.

Nazio mailako presoen mobilizazioak desagertu egin daitezke, hala nola, hondartzetan udan egiten direnak. (Argazkia: Sare)

PRESO POLITIKOEN EGOERA GAUR EGUN

- 113 preso daude, horietatik 96 EPPK-koak dira.

- Guztiak Euskal Herriko espetxeetan dira, bi izan ezik.

- Egunero kalera ateratzen dira: 63 preso

- 2. graduan 50 preso, 37 EPPK-koak eta 13 ez.

Presoak Frantziako Estatuan

 Mikel Karrera. Lannemezaneko espetxean dago, bizitza osoko zigorrarekin. Zigorra Espainiako Estatuan betetzeko eskaera egina du. Frantziako Estatuak luze darama bere egoera aztertzen.
 Saioa Sanchez. Renneseko espetxean dago. EPPKtik kanpo dago eta zigorra Espainiako Estatuan betetzeko eskaera egina du.

Espetxe ibilbidea
 - Kalera ateratzeko preso bakoitzari espetxe sistemak eskatzen dion ibilbidea onartzea da.
 - Gaur egun kalea zapaltzen ari diren preso guztiek onartua duten ibilbidea da.
 - Baldintzak: zigorraren laurdena beteta izatea, 3. gradua lortzeko baimenak izatea, ardura zibila ordainduta izatea eta gutun berezi bat egitea biktimei zuzenduta, mina aitortuta eta borroka armatuaren ikuspegi kritikoa erakutsita.
- Bigarren graduan dauden EPPK-ko 22 presok espetxe ibilbidea egingo dute eta horretarako lehen urratsa egina dute (baimenak dituzte edo 100.2 artikulua ezarri zaie).
 - EPPK-ko 13 presok ez dute egin espetxe ibilbidea.

Pultsera telematikoa: Hirugarren graduaren azken fasea da baldintzapeko askatasunean atera arte, eta espetxera lotara ez itzultzea ahalbidetzen du.

Iheslari eta deportatuen auzia: 13 iheslari eta 3 deportatu daude Venezuelan, Kuban, Brasilen eta Cavo Verden. Auzitegi Nazionala presoen espetxe ibilbidea ahalbidetzen ari den moduan, iheslariena ez.

DATA GARRANTZITSU BATZUK
1988. Euskal preso politikoen sakabanaketaren data ofizial gisa hartzen da.

1996. Espainiako espetxe araudiaren erreforma eman zen eta zigorren arintzea gogortu zen. Espetxeko graduen sailkapena malgutzeko 100.2 artikulua ere orduan onartu zen.

2003. Zigor Kodearen erreforma. Zigorrak gogortu ziren, besteak beste 40 urteko kartzela zigorra finkatuta. Espetxe Zaintzarako Auzitegi Zentrala sortu zen, auzitegien espetxe kontrola Auzitegi Nazionalean zentralizatuta.

2006. 197/2006ko doktrina finkatu zuen Auzitegi Gorenak; Parot doktrina moduan ere ezagutu zen. Horrek ekarri zuen 30 urtetik gorako zigor luzeak zituzten presoek 30 urte espetxean bete beharko zituztela osorik.

2011. ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen.

2013. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka egin zuen. Ondorioz, 55 bat preso kalera atera ziren apurka.

2013. EPPK-k onartu zuen presoen kaleratzea lege-baliabideak onartuta egitea. Horrek ahalbidetu zuen gaur egunera arte preso bakoitzak bere espetxe ibilbidea egitea.

2014. Espainiak indarrean jarri zuen Europar Batasunean zigorrak bateratzeko 2008an EBk onartutako zuzentaraua, baina bakarrik 2010etik aurrera jarritako zigorrei aplikatuta (beraz, ETAko gehienei ez zien eragiten).

2018. ETAk bere desegitea iragarri zuen.

2018. Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak sakabanaketaren amaiera iragarri zuen.

2023. Sakabanaketa amaitutzat eman zen eta euskal preso politikoak, salbuespen gutxi batzuekin, Euskal Herriko espetxeetan bildu zituzten.

2024. Espainiako Kongresuak onartu zuen EBko zigor bateratzeen zuzentaraua preso guztientzat zela, ez bakarrik 2010aren ondoren zigortutakoentzat.
 

 


ASTEKARIA
2026ko ekainaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskal preso politikoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...