“Lesakan bizia euskaraz egiten ahal da eta euskaraz bizitzeak bizia aldatzen dizu”

  • Elkarrizketa orok badu bere intrahistoria, eta hau bereziki gustatzen zait. Lagun baten bitartez izan nuen lehen aldiz Eunate Romero Leatxeren berri, sail honetarako jende bila ari nintzela. Garai hartan, ordea, Lesakako eskola publikoko atezain-lanpostua prestatzen jo eta ke zebilen, eta ezetz esan zidan. Hara non, urtebete geroago, kasualitateak elkartu gintuen berriz. Tentuz grabatutako lau minutuko audio bati eta Lesakako konplize komunei esker, gaur elkartuko gara.

Irauntzu Pastor / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

 

 Eunate Romero Leatxe (Iruñea, 1984)

Iruñeko Txantrea auzoan jaioa eta hazia, Arte Ederretako ikasketak egin zituen Granadan, eta bertan bizi izan zen zenbait urtez. Iruñera itzuli ostean, hainbat lanetan ibili zen. Gaur egun Lesakako eskola publikoko atezaina da, eta hantxe bertan bizi da, atezainaren etxean. Iaztik, gainera, berea da lanpostua. Gaztetxotatik militantzian aritua, Iruñeko zein Lesakako mugimendu feministako kidea da, eta, Lesakan, gainera, jende queeren artikulaziorako pausoak egiten dabiltza.

Iruñekoa zara, Txantreakoa zehazki: orain dela lau urte, ordea, Lesakara etorri zinen bizitzera. Nolatan? 
Kontestua pandemia garaikoa da: hagitz lan-baldintza prekarioetan nengoen. Egia erran, nire normalitatea, aunitzena bezala, hori izan da beti. Arte Ederrak ikasi nituen, Granadan, eta 2011n bueltatu nintzen Iruñera, 2008ko krisi ekonomikoa bete-betean zegoela. Pandemian, atezain-oposizioetarako buru belarri ikastea erabaki nuen, egoera horretatik ateratzeko, eta imajinatzen nuelako gustuko lanbide bat izanen zela.  

Uste baino antzekotasun handiagoak daude Arte Ederren eta mantentze-lanaren artean. 
Arte Ederretan lengoaia plastikoak garatzen dituzu, eta horretarako behar dituzun material guztiak erabiltzen dituzu. Atezaintzan eta mantentze-lanetan, gauza praktikoak egin behar dira, baina berdin-berdin sormena garatzen da, eta erreminta diferenteak ibili behar dira, material diferenteak. Arte Ederrak ikasteak oinarri handia eman dit mantentze-lanetarako. Ez da hagitz agerikoa, baina erlazio handia dute. 

Atezaintzako oposizioa egitea erabaki arren, Lesakara kasualitatez heldu zinen, ezta? 
Lesakara etortzea ez zen nire plana, lanagatik etorri nintzen. Hiritik landa-eremuaren nolabaiteko idealizazio bat egiten da, eta kasik nire lagun guztiei aditu diet “ai, nahi dut herri batera bizitzera joan” erraten. Nik beti pentsatzen nuen ni ez nindoala herri batera ezta txantxetan ere. Ez nuen ikusten nire burua herri txiki batean, aspertzearen beldur edo bakardadearen beldur. Baina azkenean nire hitzak irentsi behar izan nituen [barreak].

Zer topatu duzu hemen, irudikatzen zenuenarekin konparatuta? 
Eragozpen nagusiak bakardadea eta aspertzeko beldurra ziren. Aspertzearena ez da gertatu, eta gainera aspertzen ahal zara edozein tokitan. Lesakak zergatik engantxatu nauen horrenbeste, hiru arrazoi nagusi daude. Alde batetik, lanbideak ahalbidetzen dit komunitatean toki bat izatea. Hori iruditzen zait hagitz garrantzitsua dela. Bizi garelakoz indibidualismo garai batean, non komunitateak ari diren desagertzen eta desegiten, hagitz inportantea da komunitatearen parte sentitzea, eta niri lanbideak ematen dit hori. Kostatzen da eta egon behar zara, baina lortzen da. Bertze puntu inportante bat da hemen bizia euskaraz egiten ahal dela ia ehuneko ehunean. Ni nator Iruñetik eta han hagitz zaila da euskaraz bizitzea. Bizia aldatzen dizu euskaraz bizitzeak. Azkenik, bertze zutabe inportante bat izan da talde feminista antolatu bat egotea hemen herrian. 

Argazkia: Irauntzu Pastor / ARGIA CC BY-SA

Eskolako atezaina zara: deskribatuko didazu zein den zure eguneroko errutina? 
Nik ez dut fotokopiarik egiten apenas, eta nahi nuen baliatu elkarrizketa hau errateko jendeak pentsatzen duela atezainok ez dugula apenas lanik egiten, eta ez da horrela. Ez da egia, hemen ez behinik behin. Batez ere mantentze-lanak egiten ditut, baina gustatuko litzaidake azpimarratzea duela urte batzuk eraldaketa pedagogiko sakon batean sartu zela eskola, eta horrek eskatzen zuela aldi berean eraldaketa material bat. Nire ardura izan da espazio berriak diseinatzea, egungo beharretara egokitzea, eta horretarako material berrerabilgarrietara jotzea, eta ahalik eta merkeen lortzea. Horrek sormen handia eskatzen du, eta nire lanaren parte faboritoa da. Gainera, talde lana izan da. Eskolako komunitate osoa inplikatu da: irakasleak, gurasoak, haurrak… Horrela lan egitea plazer bat da.

Ahantzi gabe erran nahi dut eskolan bagaudela irakasleak ez garen langileak, eta zenbait aldaketa bultzatu ditugula. Eskola egutegia klaustroan bozkatzen da, irakasleek erabakitzen dute. Irakasleak ez garen langileok ere bozketan parte hartu nahi genuen, eta horrela helarazi genion zuzendaritzari: ados agertu ziren. Gure eskubidea ere bada, eta aurten horrela gauzatu da: lehenbiziko aldiz, eskolako langile guztiok egutegia bozkatu dugu. Aldaketa ttipiak dira, baina inportanteak.

Hezkuntza komunitatea aipatu duzu oraintxe. Lesakako txoritxo batek esan dit oso harreman polita duzula zentroko haurrekin ere. 
[Barreak]. Aipatu beharra dut atezain baten posizioa dela win-win bat. Ni ez naiz gurasoa, ez dut ardura hori, eta ez naiz irakaslea, ez diet etxerako lanik bidaltzen. Beraiekin ongi moldatzea hagitz erraza da. Baina dena ez da marabillosoa. 

"Faxismoa dator 
eta mugimendu transfeministak egin 
dituen iraultzei uko egin 
gabe, nola egingo 
diogu aurre?"

Pare bat pasadizo behintzat badira, ezta?
Kontestua emateko, eskola herriko zentrotik aparte samar dago, eta kanpoko instalazioak aunitz erabiltzen dituzte haurrek eta gazteek. Helduen begiradatik at, beren gauzak egiten ibiltzen dira, eta badago haur kuadrilla handi bat etortzen dena aunitz. Harreman polita dute nirekin. Behin gaizki portatu ziren eta zuzendaritzak ardura hartu zuen, tutoreek ere bai, eta gurasoak ere inplikatu ziren.

Pasatu zen denbora. Aste Santuko oporrak ailegatu ziren eta talde horretakoak hemendik ibili ziren; eguraldi ona egiten zuen: urarekin jolasten ibili ziren, globoekin… Arkupe guztiak ikaragarri zikin utzi zituzten, inoiz baino gehiago. Nik arratsaldean ikusi nuen egoera. Ba hurrengo goizean, inork deus erran gabe, antolatu ziren, ekarri zituzten etxeko zabor poltsak, eta beraiek garbitu zuten dena. Prozesu hauek ikustea aberasgarria eta hunkigarria iruditzen zait. 

Argazkia: Irauntzu Pastor / ARGIA CC BY-SA

Bai, benetan.
Eta gero bertze batean, inauteriak ailegatzear zirela etorri zitzaizkidan adin bereko neska taldekoak laguntza eske. Muntatu nahi zuten estruktura ttipi bat beren mozorrorako, eta arratsalde batean ibili ginen brikolajea egiten. Eta horrek aunitz hunkitu ninduen. Modu hagitz xume batean, uste dut egin genuela koska bat aitzinera ahalduntze feministan. Hagitz polita da. 

Iruñean bizi zinela mugimendu transfeministako kidea zinen, eta Lesakan ere militatzen duzu iritsi zinen unetik, Xulufrinak taldean. Zeintzuk dira zuen helburuak eta erronkak? 
Oro har, gure helburua da feminismoa hedatzea herrian; hainbat modutan. Sortu genuen formatu bat polita, Xulurrup, eta asmatu genuen: elkartzen gara kafe bat hartzeko edo trago bat hartzeko, aukeratzen dugu gai bat, eta horretaz solastatzen dugu, baina modu hagitz-hagitz informalean. Ez dugu testurik aurretik irakurtzen. Edozein etortzen ahal da bere iritzia edo esperientzia partekatu eta ratiko bat egotera lasai ederrean. Lehenbiziko gaia izan zen monogamia eta bikote irekiak. 

"Gai potoloak eta serioak landu ditugu, baina bollo-bermuten bilgarriak ematen dizu lasaitasuna eta espazio hurbil bat, konfiantzazkoa"

Iepala.
[Barreak]. Bai, fuerte hasi ginen. Gero hainbat ekimen kultural egin ditugu: liburu-aurkezpenak, mural parte-hartzailea… 

Gero badago gure lanaren bertze parte bat batzuetan ez dena hain atsegina izan: indarkeria matxista kasuak salatzea. Zailtasunak topatu ditugu batzuetan. Hola, sinpleki azaltzeko: erasoa fisikoa denean, espazio publikoan ematen denean, eta erasotzailea lesakarra ez denean, ez dago problemarik. Denak ados gaude. Denak ateratzen gara kalera. Aipatu dudan elementuetako bat betetzen ez denean, orduan hasten dira gure salaketa eta gure lana deslegitimatzen. Ez da beti dena erraza izan, baina saiatzen gara taldea babesten eta aitzinera egiten, ez kikiltzen. 

LGBTIQ+ errealitateei buruzko lanketa batean ari zarete orobat. 
Udaletik, Berdintasun zinegotziaren partetik jaso genuen proposamena: Eihera kooperatibako kideekin batera LGTBIQ+ diagnostiko bat egitea eta diagnostiko horrek dakarren prozesuan murgiltzea. Hori zehaztu gabe dago oraingoz, baina aitzakia perfektua izan da kolektiboko kideekin elkartzeko, batzeko eta nolabait saretzeko. Ez bakarrik Lesakan edo Bortzirietan, eskualde osoan koordinatzeko eta elkartzeko aitzakia baliatu dugu. Gogoa sumatzen da.

Lesakan errotuta zauden arren, ez duzu Iruñearekiko harremana eten. Iruñerriko Bollera* Transfeministen Plataformako kide zara. Nolatan sortu zen taldea?
Suertatu zen garai batean bolleren kolektibo ttiki batzuk desagertu zirela, eta elkarrekin militatu izan genuen eta aldez aurretik elkar ezagutzen genuen batzuoi berriz ere gogoa egin zitzaigun elkartzeko eta saretzeko. Feministok Prest-en osteko aliantzak dira. Hor nahasketa polita egon zen: Salda Badago, abortuaren eskubidearen aldeko borroka… Horrek aunitz saretu gintuen, eta agian bazegoen gogoa transfeminismotik zerbait egiteko. Uste dut asmatu genuela formatuarekin, Bollo-bermutekin edo Bollo-kafetekin. Gai potoloak eta serioak landu ditugu, baina Bollo-bermuten bilgarriak ematen dizu lasaitasuna eta espazio hurbil bat, konfiantzazkoa, horrelako gaiak lantzeko.

Zer gai landu dituzue? 
Bollera subjektua eta gorputza, osasun mentala, feminismo materialista, loditasunaren inguruko ikuspegi politikoak eta etxebizitza alternatiben inguruko hausnarketak ikuspegi komunitario, feminista eta queeretatik. Erran bezala, gai horrek guztiak gurutzatu egiten dira, eta modu kolektiboan hausnartu nahi genuen, modu arinean eta lasaitasunez hausnartzeko espazioak eman.

Aurten, gai klabe bati heldu diozue: erronka antirrazistak euskararen defentsan. 
Emozio potoloak mugitzen dituzten gaiak dira, eta kontraesankorrak izan daitezke. Saiatu gara espazio erosoak eraikitzen, errespetuzkoak, gaia delikatua izanik. Bazkariaren metaforarekin esplika daiteke. Guk egin duguna da bi gai horiek lantzen dituzten kolektibo eta norbanakoak gonbidatu. Bazkaltzera gonbidatu ditugu, baina bazkaria prestatu gabe dago. Eta erran diegu: ekarri zuen errezeta kuttunenak eta despentsako lehengaiak, eta goazen zerbait kozinatzera elkarrekin. Mahaia paratu dugu, mantela paratua dago, eta ea zer pasatzen den, jakinda deserosoak diren mokaduak janen ditugula, ez dugula denen gustuko plater bat kozinatuko, eta batek daki zapore berriak probatzeko aukera izanen dugun. Pixka bat horrela irudikatzen nuen nik abiapuntua. 

"Eskolako mantentze-
lanetan gauza praktikoak 
egin behar dira, baina 
berdin-berdin garatu 
behar da sormena"

Egin dituzuen saioetan bada zerbait azpimarratuko zenukeena edo bereziki iltzatuta geratu zaizuna?
Goiz da konklusiotarako, baina erranen dut gure lehenbiziko nahia beti izan dela elkar ezagutzea; gauza hagitz basikoa, baina hagitz inportantea: elkar ezagutzea eta euskararekiko bizipen diferenteak eta askotarikoak daudela ezagutzea. Bizipen batzuk positiboak izatetik urrun daude, eta horretaz jabetzea inportantea da, eta horri nola buelta eman hausnartzea. Batek aipatzen zuen beren kolektiboan edo antolakuntzan euskara helburutzat zutela, baina euskara tresna zela ohartu zirela. Bertzalde, ikaragarria iruditu zitzaidan ikerlari batek euskal kulturatik egindako deseraikitze eta autokritika lana. Horri ñabardura, ideia eta tresna politiko gehiago gehitu behar zaizkio. 

Mugimendu transfeministak indarraldi handiak izan ditu azken hamar urteetan. Zer moduz ikusten duzu egindako bidea? Zer unetan ikusten duzu orain mugimendua? 
Egia erran, egungo panorama geopolitikoa datorkit burura, krisi ekosoziala… Ez dut deus berririk erran behar, baina nola biziko gara erregai fosilik gabe? Europak gerrara eraman nahi gaitu, faxismoa dator, eta, orduan, mugimendu transfeministak egin dituen iraultzei uko egin gabe, nola egingo diogu aurre horri guztiari? Badugu lana. Antolatzeko eta estrategiak garatzeko ahalmena beharko dugu. 

Argazkia: Irauntzu Pastor / ARGIA CC BY-SA

Gaiz erabat beste eginda, Lesakako beste txoritxo batek kontatu dit, zure urtebetetzearen harira, Iruñeko zein Lesakako lagunak elkartu zenituela festa handi batean. Zure bi munduak elkartu nahi zenituen? 
Bai, hori da. Hasiera batean urrun samar ikusten nituen bi mundu horiek juntatzea nahi nuen. Alde batetik Iruñekoa, transfeminista, transmarikabolloa, baina oro har erdalduna, eta hemengo nire mundua, euskalduna, baina hagitz heteroa. Eta nire fantasia zen bi horiek juntatzea eta elkar kutsatzea. Eta gertatzen ari da, nolabait. Modu ez hagitz zaratatsu edo nabarmen batean, baina ari dira nahasten. Eta hori ospatzekoa da. 

"Hasiera batean urrun samar ikusten nituen bi mundu horiek juntatzea nahi nuen. Alde batetik Iruñekoa, transfeminista, transmarikabolloa, baina oro har erdalduna, eta hemengo nire mundua, euskalduna, baina hagitz heteroa"

Besterik esan nahi zenuke? 
Bai, probestu nahiko nuke eman didazun tarte hau nire amari aitortza bat egiteko, nire amari eta bere belaunaldiari. Belaunaldi hagitz borrokalaria izan da. Politizazioa eta feminismoa berarengandik ikasi ditut; aurrera eraman dituzte hainbertze borroka, eta gustatuko litzaidake aipatzea eta aitortzea: borroka sindikala, antimilitarismoa, intsumisioaren mugimendua, abortu eskubidearen aldeko borroka, Itoizko urtegiaren kontrako mugimendua eta horrekin batera euskararen alde egin zuten borroka. Nire amatxi Ultzamakoa zen, euskalduna, eta berari obligatu zioten espainolez bizitzera. Nire amak ezin izan zuen euskara ikasi, baina langile-klaseko familien seme-alabek euskaraz ikasteko D eredu publikoaren alde nire amak eta bere belaunaldiak egindako borrokengatik gara gu euskaldunak. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...