Gure lehen umea jaio zenean, gauza askok harritu ninduten: lo faltak, titi eskeak, pixoihal ugaritasunak. Baina, bereziki-bereziki: 0 eta 6 hilabete arteko arropak ere neska eta mutilentzat bereizita egoteak. Ume hark ez zekien oraindik sudurra non zuen, baina bazirudien munduak berehala jakin nahi zuela zein koloretako galtzerdiak zegozkion bere etorkizun genitalari.
Baina, haurrari zer inporta zaio hau? Enteratu ere ez da egingo jantzi diogunaz! Berdin dio bodyak dinosauro bat duen orroka edo gerezi sorta bat. Umeak bi interes nagusi zituen: bularrean egotea eta kaka egitea. Gutxi gorabehera guk bezala.
Gerora, ordea, dena bereizi da. Arropak, jostailuak, motxilak, bizikletak. Baita haserretzeko moduak ere: mutilak justifikatua du sumina, neskak haserre neurritsua. Mutilek energia dute, neskek karakterra. Eta halaxe iristen gara helduarora, bakoitza bere apalean kategorizatuta, supermerkatuan arraindegia eta harategia bezala.
Bitxia da, hala ere. Hortzetako pastekin ez dugu horrelakorik egiten. Makarroiak ez dira mutilenak eta sagarrak neskenak. Liburu-dendetan ere, oro har, ez dago bereizitako apalik. Eta pena da, apal horretan liburu batzuk sartu beharko liratekeelako.
María Reimóndezen Basatiak, adibidez. Bereziki gizonezkoek irakurri beharreko liburua iruditu zait. Hilekoari buruzko liburua da eta mintzo da lotsaz, minaz, odolaz eta isiltasunaz. Eta norbaitek pentsa dezake: “Hori emakumeentzako liburua da”.
Baina, nik diot batez ere gizonezkook irakurri beharko genukeela. Hilekoaz ezer ez dakien gizon batek ez daki munduaren zati handi bat nola bizi den. Eta, okerragoa dena, askotan ez daki ez dakiela ere.
Lana eginda emango dizut. Ondoan gizonezko bat baldin baduzu eta liburu bat oparitu nahi badiozu. Badakizu zein. Eta gizonezkoa bazara, are errazagoa; ez itxaron norbaitek oparitu arte.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.