Zenbaki biribilen xarma. 300.000 euskaldun gehiago behar ditu, nonbait, euskarak datozen hamar urtean, gure egungo hil ala bizi honetatik aterako bada. Euskalgintzaren Kontseiluaren numeroak dira, Pizkunderako Erronka 2036 txostenean argitara emanak.
300.000 euskaldun gehiago, baina ez nolanahikoak. Euskaldun oso, zehaztu du Kontseiluak, langa lehen kolpean iruditu baino gorago ezarriz. AAri galdegin diot, zehazki zertaz ari garen jakin beharrez: “Euskaldun osoa hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi osoa (eta ez bakarrik hitzezkoa) bereganatu duen pertsonari esaten zaio. Soziolinguistikan, euskaldunzahar eta alfabetatuaren pareko gaitasuna duen hiztunari erreferentzia egiteko erabiltzen da”. Gaitasun osoari, kultur transmisioari eta praktika sozialari loturiko kontzeptua da, hartara.
Berria-k Kontseiluaren aurkezpenari buruz emandako albistearen arabera, “egun, orotara, milioi bat pasatxo euskaldun daude Euskal Herrian”. Ez du zehazten, halere, horietarik zenbatek merezi duten oso deitura. Nik, bederen, aise ere euskaldun laurden edo erdi gehiago ezagutzen ditut osoak baino. Berrikitan ohartu gara: euskaraz bi esaldi elkarren segidan lotzeko gai ez diren “euskaldunei” eskatu diegu erabilera indizeak goratzeko. Orobat, euskaraz lau lerro irakurtzeko gauza ez ziren euskaldunez gaizki erranka ari izan gara euskal kulturaren kontsumitzaile bilakatzen ez zirelako. Badago lana oraingo euskaldun hanka-motzak osotasunaren ametsera hurbiltzeko.
Irabaziak bikoizteko, halako bi izan beharko da euskarara bideratzen den dirua ere. Horrez gain, lege aldaketak, Nafarroan eta Iparraldean, bereziki
Hizkuntza arautuari eta helduen euskalduntzeari fidatzen dio Kontseiluak bere erronka. Azken urteetako irabaziak hortik etorri badira, hortik etorri beharko berriak ere. Aldaketa handia eta laguntza handiagoa beharko dute euskaldun osoak fabrikatzeko orduan hain maiz erdibidean gelditu diren sistemek. Aldiz, harrobi naturala agortutzat jotzen du Kontseiluak. Etxerako lanik ez, euskaldun berriak munduratzeko adinean dauden euskaldun zaharragoei. Demografiaren aipamenik ez da Pizkunderako Erronkari buruzko albisteetan.
Irabaziak bikoizteko, halako bi izan beharko da euskarara bideratzen den dirua ere. Horrez gain, lege aldaketak, Nafarroan eta Iparraldean, bereziki. “Euskaraz bizitzeko behar den dena” nahi Kontseiluak, eta huraxe instituzioei eskatzen. Egungo panorama sozio-politikoan, aski lan.
300.000 gehiago? Ederra litzateke. XXI. mendeak soziologiara ekarri du ekonomiaren hizkera. Xede lausorik gabe, gardenak, eta zer gardenagorik zenbaki bat baino. Nora joan nahi duzun garbi izanda, abiatzeko gasolina da lortu nahi duzunaren kuantifikazioa. Emaitzak ere zenbakietan neurtuko dira.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.