Duela zenbait urte Bikonet telekomunikazio kooperatibako Maider Likonaren hitzaldi batean submarinecablemap webgunea ezagutu nuen. Mapa horretan Interneten itsas-azpiko kable sarearen ehundura ikustean, gizakion mundua funtzionatzeko modua hobeto ulertzen hasi nintzen. Beti interesatu zait argiaren fenomenoa, baina niretzat nahiko konplikatua zen argiaren abiaduraren ideia ulertzea. Itsas-azpiko kableen baitan zuntz optikoa omen dago, eta badirudi kable hauetan informazioak puntu batetik bestera ia-ia argiaren abiaduran bidaiatzea lortzen duela. Nire ordenagailua zuntz optiko bidez munduko beste punta bateko ordenagailu batera konektatuta balego, informazioa mementoan helduko litzateke punta batik bestera? Bai, hori da. Fenomeno hori guztiz ulertzea lortu nuen Donostiako Eureka museoan zuntz optiko instalazioa ikusi nuenean, argi izpi bat zuntz optikoaren alde batean jartzean beste puntan une berean zegoela ikusita.
Iranek jakinarazi duenean Ormuzko itsasartetik igarotzen diren itsas-azpiko kableen erabiltzaileei zergak ezartzeko plana aztertzen ari dela, berriro jo dut mapara. Eta ohartu naiz Bilbotik hiru kable ateratzen direla eta horietako bik, Marea eta Grace Hopper deiturikoak, AEBetako Microsoft, Meta eta Google enpresen AEBetako datu zentroekin konektatzen gaituztela. Kontuan hartuta enpresa horien jabeak munduko bost pertsona aberatsenen artean daudela eta gure herritarren datuen ustiaketarekin aberasten direla, Bilbon ainguratuta dauden bi kableei guk ere zergak jarriko bagenizkie? Hotzean begiratuta, ez zait iruditzen hain ideia txarra. Erraza ere ez da izango, baina gauzatuko balitz, jasotako dirua zerbitzu eta baliabide digital etikoak sortzera baliatu ahal izango genuke. AEBak zergekin eta jokabide inperialistekin zelan jartzen ari diren ikusita, ez zait neurri txarra iruditzen. Gainera, AEBen balizko itzalaldi digital bati aurre egiteko, alternatiba eskura izateko modua ere izango litzateke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.