Talentua, ausardia eta sentsibilitatea

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sudden deaths
Jon Iturbe and the radio gangsters
Folc records, 2026

---------------

Jon Iturbe beti izan da tipo talentuduna, ausarta eta berezia. Horren adibide 1990eko hamarkadaren hasieran rock-and-roll arrastorik ez zegoen Urretxun (Gipuzkoa) boa-fular bat lepoan eta margotuta glam estilo bereizgarrienean kalera irten eta agertokietara ingelesez abesten irteteko lotsa falta izatea!

1991n, lau lagunekin The Hot Dogs! taldea sortu zuen Stooges, AC-DC makurrenak, Hanoi Rock eta bestelakoen izpiritua berreskuratzeko asmoz. Haien eskaintza herriz herri eraman zuten luzaroan publikoak oraindik ulertzen ez zituen kontzertu basatiak eginda. Halako batean, 1990eko hamarkada bukaera aldera, publikoak rockarekiko aurreiritziak zabaldu eta Eskandinabiara jo gabe bertako altxorrak aintzat hartzen hasi zen. Orduan etorri zen haien lehen diskoa, bigarrena eta lasterketa meteorikoa; hainbeste, ia taldea lehertu eta  kideakerritmoaz nekatu zirela. Ordutik izan dituzte buelta puntual batzuk, beti oso dotoreak; baina hori beste batean kontatuko dugu.

Jon Iturbe The Hot Dogs!-en formazio guztietan egon da. Zaila da taldea bera gabe irudikatzea. Lehen etena egin zutenean, barrenean zituen bestelako kantuak, sentikorragoak, plazaratu zituen hamar hatzeko lan kuttun batean El Beasto diskoetxearekin. Ez zuen diskoa zuzenean defendatu, baina barne lan izugarria izan zen Jonentzat, sorkuntzatik eta terapeutikotik duena, bestelako tenpo eta heroiak gurera ekarrita: Nikki Sudden, Mott the Hopple, Thunders…

Orain hamarkadak pasatuta, rockzale askok eta askok The Hot Dogs! zein bakarka idatzitako lan hau erribindikatzen dute. Jonek diskoa aspaldi agortuta zegoela ikusita eta garaian grabatu ez zituen bi kanturi bueltaka, lan hori berriro nahastuta berrargitaratu, bi kantu berri horiek batu, eta edizio oso-oso dotore batean plazaratu du Folc Records-ekin. 

Norbaitek esan ohi du lan hau rock-and-roll erromantikoaren gorazarrea dela eta ez diot kontrakorik egingo; baina gehituko nuke Jonen ibilbidea bera eta lan hau direla rock-and-rollarekiko maitasun sutsua eta Jonek duen musika ezagutza, pasio eta sentsibilitatearen erakusle argia. 


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.