Ikus-entzunezkoei buruzko ikus-entzunezkoak
Zer: Youtubeko lau kanal
Herrialdea: AEBak eta Herrialde Katalanak
Non ikusi: Youtube
-----------
Zinemaz gozatzeko modurik errazena, nola ez, pelikulak ikustea da. Baina beste aukera bat da zinemaren inguruan irakurtzea. Bueno, irakurtzea, edo iritzi, informazio eta beste biltzea. Nik, Z belaunaldikide naizenez gero, zinemaren inguruan hitz egiten duten YouTubeko kanal interesgarri batzuk gomendatzea erabaki dut, artikulu apur bat desberdin honetan.
Kanal hau izan zen artikulua idazteko ideia eman zidana. Bertan, batez ere ikuspegi sozialetik aztertzen da zinea. Ez dio formari garrantzirik kentzen, baina, gehienbat, filmek gizartea eratzeko duten indarraren inguruan mintzatzen da: nola sortzen duen gizarteak zinema eta nola egiten gaituen zinemak gu, txikitatik Hollywoodek eskutik eraman gaituenok. Bere bideo arrakastatsuenak genero auziaren ingurukoak dira, zineman generoa nola irudikatzen den aztertzen dutenak. Ideia batzuk sakonak eta berritzaileak dira; besteak, sinpleagoak, baina, batez ere, oso ondo irundakoak eta adibidez josiak.
Thomas Flightek bideo zehatzak egiten ditu zinemaren inguruan, gai espezifiko bati heldu eta apurka disekzionatuta bakoitza. Kanalak zinemaren askotariko alderdiak biltzen ditu: aktoreak eta antzezpenak, zuzendaritza, gidoiak edo pelikuletako ingurune eta extren rola. Akaso, kanal pixka bat frikiagoa, zehaztasun handiagoa bilatzen dutenentzat aproposa. Adibidez, Why Does “Most” Acting Win All the Awards? (Zergatik irabazten ditu sari guztiak “gehiago” antzezteak?) edo In Praise of Subtle Performance (Antzezpen sotilak goraipatzen) bideoetan antzezpenen zehaztasunen inguruan hitz egiten du. Ez zaitez beldurtu hala ere, bideoak ikusteko errazak dira, ongi muntatuak eta atseginak.
Nerdwriter1 ez da soilik zinemaren inguruan mintzatzen: poesia, musika, zinema eta pintura ere bai; denak aztertzeko tartea hartzen du. Zinema ardatz denean, elkarrizketen eta gidoiaren inguruan aritzen da, baina baita zinemak duen beste “hizkuntzaren” inguruan ere: zinematografiaren inguruan, alegia. Zinematografiak, edizioak eta eszenen muntaiak istorioan eta gidoian bertan duten eragina erakusten du. Beste arte formez mintzatzean, xehetasun bakoitzak artelanaren mezuan duen indarra ikusarazten digu. Hitz gutxitan, istorioen eraikuntza nola egiten den azaltzen du, adibide interesgarriak erabilita.
Azken gomendio hau gazteleraz da. Jordi zinema ikasitako gaztea da, eta bideo izugarri interesgarriak egiten ditu. Batez ere, gaur egungo pelikulak eta eszenak aztertzen ditu, batzuetan gogor kritikatuta; baina, merezi dutenean, goraipatuta. Bereziki atsegin dut bere kanaleko Escenas Legendarias (Eszena itzelak) seriea: bertan, eszenak kontu handiz aletzen ditu, kameren eta aktoreen posizioa azalduta edo planoko hutsuneen, argien eta itzalen egitekoa esplikatuta. Benetan merezi duen kanala da, zinearekiko duen maitasuna transmititzen duena, bidean irakaspen bat edo bi emanda.